“Bi urteotan esperientzia irabazi eta blokea osatu dugu”

Leire Zumeta (Anoeta, 1986) bigarren aldiz lehiatuko da aurten Munduko Sokatira Txapelketan.

Egungo munduko txapeldun moduan zoazte Irlandara. Zer sentitzen duzu?

Talde piloa elkartuko gara bertan. Mistoan, txapela irabazi genuen duela bi urte, baina aurten talde gehiago egongo dira. Oroitzapen oso onak ditut. Nahasketa handia egoten da, eta kultura zein aurpegi berriak ikusten dituzu. Gogo handiarekin goaz.

Munduko lehia ez da erronka makala. Bi urteren bueltan, taldea nola dago?

2012an batzuk hasi berriak ginen. Oraindik taldea bloke moduan osatu gabe zegoen. Bi urteotan esperientzian irabazi dugu, eta blokea osatu dugu. Ea horrek emaitzak ematen dituen. Aurkarien zerrenda etxekoetatik hasten da. Euskaldunak elkarren aurka aritu gara denboraldi osoan, eta badakigu bakoitza non dagoen. Orain, atzerriko taldeak ikustea falta da. Ahal duguna egingo dugu, eta, gero, ikusiko da.

Sokatira ez da ohiko kirola. Pertsonalki zer ematen dizu?

Ez da korrika ibiltzea edo besterik gabe oinez ibiltzea bezala. Beste modu bateko kirola da. Gure artean oso giro ona dago, eta egun osoa lanean pasa ondoren entrenatzera joatea gogorra da, baina giro horrek asko laguntzen du, ilusioa mantentzen du. Gauza horiek guztiak hor daude, kirolak berak ematen dizunaz gain.

Leave a Reply

Your email address will not be published.