Ertzainen dukesa

Otsailaren 2a, igandea. Zuetako asko bazkalosteko tertulian egongo zineten, beste batzuk zinera bidean agian, eta larunbateko pozaren osteko ajearekin ezin adiskideturik zebilenik ere izango zen. Gu, ordea, teatrerook, ohikoa den moduan, lanera bidean gindoazen. Bagoaz, furgonetaren aurrealdean eserita hiru taldekideak, Martin gidari lanetan, ni erdian eta Iker beste aldean. Behobiako ordaintokira iritsi gara; furgoneta gelditu eta bidesaria ordaintzeko zain gaudela, Ikerrek segurtasun uhala askatu, GPSa piztu eta, bide batez, galtzetako atzeko poltsikotik dirua ateratzeko aprobetxatu du geldialdia. Eta gutxien espero genuenean, ttaka, ertzain bat bide ertzean guri begira alto eginez. “Jode, zinturoia”, entzun diot Ikerri segituan. “Lasai, gizona, geldirik gaudela oraintxe kendu duzu eta, hori ulertuko dizu!”, izan da gure erantzuna, suposatuz, noski, parean genuen ertzainak adimen maila minimoa izango zuela. Kale egin dugu gure suposizioan, lastima.

Gidariaren aldeko leihora hurbildu da; Martinek leihatila jaitsi, eta “epa, atsalde on” fresko batekin agurtu du 26 bat urteko autoritate gaztea. Ez zaio askorik gustatu euskarazko agurra, aurpegian nabarmendu zaio deserosotasuna, eta segituan ulertu dut zergatia. Hizketan hasi orduko konturatu gara bere euskara maila eskasaz, Ana Botellaren ingelesa alde ederrekoa da haren euskararen aldean, pentsa! “Kaiso, dokumentasioa fabores, surea eta… sure lagunarena”. Lagunaren erreferentzia hatzarekin Iker adieraziz esan du. Eta ni? Ni zer, ez al naiz existitzen? Horretan ere diskriminatu egin behar al gaituzte? Hementxe noa ba, furgonetaren aurrealdean, erdi-erdian, ze uste du Ambipur Pino naizela?

Bi nortasun agiriak hartu, eta hogei bat metro aurrerago dagoen furgoneta batera abiatu da. Eta hogei metro horiek Oliver eta Benjiren futbol zelaiak baino luzeagoak iruditu zaizkit. Gauza motelagorik ez dut ezagutu sekula! Albako Dukesak askoz bizkorrago egiten du hondartzatik uretarainoko joan-etorria udako egun beroetan. Zortzi minutu joateko eta beste zortzi bueltatzeko, furgonetaren barrukoak kontatu gabe, hamasei minutu zakarretara Ertzaintzak fitxatu duen Dukesa makalaren ganoragabekeriagatik. Noizbaiteko batean iritsi da gure furgoneta parera, oraingoan Ikerren leihatila aldera, eta isun bat eskutan duela harroxko tonuan hasi zaio hizketan: “Te comento…”. Ez dauka adorerik esan beharrekoa euskaraz esateko, ez duelako potrorik bere akatsak eta gabeziak airean uzteko. “Tienes una multa por infringir el precepto 117.1, por no llevar el cinturón de seguridad abrochado…“, minutu batzutan jarraitu du, non eta zenbat ordaindu behar duen esanaz; Ikerrek pazientzia osoz entzun ditu Dukesaren indikazio guztiak. Bukatu duenean, Ikerren txanda, euskaraz erantzuten hasi zaio, gustatu zait eragin didan zirrara: “Hi heurera? Ba gu ere geurera”, pentsatu dut harro-harro. Nabarmenak dira Ikerren ahots lasaia, dardararik gabea eta estropezurik gabeko argumentu sendoak. Dena azaldu dio, eta berak segurtasun uhalik gabe ikusi gaituenean geldirik geundela azpimarratu dio. Ertzain motelak inongo interesik gabe entzun dio kontatutakoa, patata tortillaren errezeta entzuten balego bezala.

Alferrik izan dira Ikerren ahaleginak; nabarmena da Dukesari autoritatearen botereak orgasmo batek baino plazer handiagoa ematen diola, sekula orgasmorik ezagutu badu, noski. Ikerrek, ahotsik altxatu gabe, erantzun dio “Hara, zu aspertuta zaude igande arratsalde batean hemen egotea tokatu zaizulako; gu lanera goaz, eta denbora piloa galdu dugu hemen zure zain, ze barkaidazu, baina zu baino pertsona motelagorik ez dut sekula ezagutu. Motela, bai, mo-te-la. Ordainduko dut isuna, eta kito, baina pena handia ematen dit zu bezalakoengatik gure poliziak hain itxura txarra izateak”. Eta babo aurpegi horrekin gelditu den Dukesak orduan ikusi du Ambipur Pinok irribarre maltzur bat egin duela, harrotasuna ezin disimulaturik. Berriz ere, ahots dardaratiaz Botella estiloko euskaran hitz egin digu. Gauzak modu horretan esan beharrik ez omen dago, eta beste jarrera bat izan balu isuna kenduko liokeela, baina “orain ja es disut kenduko”.

Lau aldiz gertatutakoa edukazio osoz azaldu ondoren isunik kentzeko imintzio txikienik ere ez duzu egin, gandorra tente zenuela gozatu duzu gure eginahalei begira, eta orain hau sinestea nahi duzu? Eta beste gauza bat: hori al da zure autoritate karguari ematen diozun errespetua? Ipurdia zupatzen dizunari isuna kentzeko promesa egitea? Lotsa eman behar lizuke zure euskara mailak; lotsa 80 urteko agure makuludun bat baino motelago ibiltzeak; lotsa arrazoizkoa ez den isun bat jartzeak; eta lotsa bizitzan hori baino helburu gehiagorik ez izateak. Ikerrek ordainduko ditu 100 euroak, baina zure ezintasuna ordaintzeko adinako dirurik ez duzu sekula bilduko.

Leave a Reply

Your email address will not be published.