“Gure asmoa modu integralean tokiko garapena sustatzea da”

Krisiaren ondorioz kontsumoan izandako beherakadari aurre egitea eta herritarrei Eskoriatzan inbertitzeko abantailak ematea da axtroki diruarekin lortu beharreko helburuak. Udala izan da horren bultzatzaile nagusia, eta Beñat Herce alkateak (Eskoriatza, 1981) “epe luzerako estrategia” martxan jarri dutela azaldu du.

Nondik nora sortu zen tokiko diruaren beharra?

Eskoriatza ez da izan merkataritza indartsua duen herri bat, eta genuenari eusteko ere nahiko lan geneukan. Gainera, adinean gora doan populazioa dugu, eta, ondorioz, gertukoak eta kalitatezkoak diren zerbitzuak behar ditugu herrian. Merkataritza establezimenduak behar ditugu, eta badauzkagu, baina, orain arte, ez zegoen inolako merkataritza elkarterik. Egoera ekonomikoa bera eta kontsumoaren beherakada ikusita, 2012 erdialdera, udaletik proposamena egin genien hainbat merkatariri beren artean biltzen hasteko. Gehienbat, uste genuelako emaitza hobeak lortuko zituztela elkarrekin, bakarrik edo independenteki arituta baino. Tarteka biltzen ziren, baina ez zeuden formalki antolatuta. Lehen helburua merkatari elkartea bera eratzea zen, eta, horrekin batera, udalaren eta merkatari elkartearen artean Eskoriatzako merkataritza sustatzeko ekintzak antolatzea. Hortik sortu zen Axtroki merkatari elkartea.

Elkarlanaren ondorio da, beraz, tokiko dirua?

Foro horretan identifikatutako hainbat ekintzaren artean, udaleko ordezkarioi otu zitzaigun Eskoriatzako merkataritza indartzeko modurik egokiena zela herritarrak bertan erosketak egitera bultzatzea. Hainbat alditan hitz egin genuen kontzientziatze eta publizitate kanpainez, baina uste genuen apur bat harago jo beharra zegoela egiazko efektu bat lortzeko.

Nortzuk parte hartu duzue prozesu horretan?

Merkatari elkartea sortu ostean bertan eratutako talde motorrak, udaleko teknikari batek eta nik neuk.

Beste nonbaiteko ereduren batean oinarritu zarete?

Nik ezagutzen nituen diru sozialen adibide batzuk; euskoaren kontua ere garai horretan martxan hasia zen… Bonu sistema bat ezartzea pentsatzen hasi ginen lehenik, baina zaila ikusten genuen bonuekin Eskoriatzan etengabe martxan egongo zen diru zirkulazioa abian jartzea. Izan ere, bonuek epe jakinerako probetxua dute; behin erabiltzen dira, eta kito. Guk, ordea, epe luzerako zirkulazioa martxan jarri nahi genuen, eta, horretarako, sistema egokiaren bila genbiltzan; bertako txanpon edo dibisa bat sortu behar genuen. Hainbat adibide aztertu genituen, baina ez genuen egokirik topatzen, ezagutzen genituenen artean udalek ez zutelako parte hartzerik izan. Gure kasuan, udala administrazio gisa partaide aktiboa izateak behartu egiten gintuen hainbat prozedurari jarraitzera eta hainbat lege betetzera, eta ez genuen asmatzen. Baina, azkenean, lortu genuen tokiko diruaren diseinua egitea, eta asmatu dugu.

Axtroki deitu diozue diruari.

VII. mendeko urrezko kaiku batzuk ziren axtrokiak, Eskoriatzan agerturikoak, eta, gaur egun, Madrilen daude. Guretzat oso ezagunak dira, herritarrek garai batean trukerako baliatzen zituztelako; eta, herrian bertan aipaturiko zirkulazioa martxan jartzeko, guk ere trukerako elementu bat behar genuen.

Zein balio dute?

Euroaren baliokideak dira, baina zenbaki osoak soilik atera ditugu: euro bateko, bosteko eta hamarreko balioa duten billeteak. Zentimorik ez dugu atera, baina horretarako euroak baliatzea pentsatu dugu. Demagun axtroki eta erdiko erosketa bat egiten dugula eta hamar axtrokiko billetearekin ordaintzen dugula; bada, dendariak zortzi axtroki eta 50 euro zentimo itzuli beharko lizkiguke.

Herritarren parte hartzea ere sustatu duzue.

Hori da. Lehenik eta behin, sortu berria zen Axtroki merkatari elkartearentzako irudi bat behar genuen; existitzen zela irudikatu nahi genuen, eta, bide batez, Axtrokiko kide diren merkataritza guneak identifikatzeko irudia nahi genuen. Horretarako egin genuen logotipo lehiaketa, eta Matilde Aizpuruak irabazi zuen; saria axtrokitan eman genion. Horrez gain, merkatari elkarteak Gabonetako kanpaina bat ere egin zuen, eta, zozketa bidez, mila axtrokiko eta ehun axtrokiko sari bana ere banatu zituen.

Udalak ere onartua du zerga hobariak axtrokitan ematea. Nola funtzionatzen du horrek?

Bagenekien gure zerga ordenantza hainbat politika aurrera eramateko tresna bat dela. Kontua da hobariek, berez, kobratu beharreko kuotaren beherapena esan nahi dutela; hau da, herritar bati hobaria aplikatu behar zaion kasuan, kuota osoa kobratu ordez, zati bat kobratzen zaio. Mekanismo horrekin, ez genuen axtrokirik zirkulazioan jartzen; ondorioz, sistema aldatu, eta hobariak diru laguntza bihurtu ditugu, garapen soziala eta garapen iraunkorra bultzatzen dituzten arloei dagokienez. Hala, garapen sozialean, familia ugariko herritarrei, ezgaitasunak dituztenei, ikasleei, erretiratuei… kobratu beharreko zergak osorik kobratzen zaizkie, eta hobariengatik izango luketen beherapenaren kopurua diru laguntza gisa itzultzen zaie axtrokitan. Gauza bera egiten dugu ingurumenarekiko iraunkorrak diren ondasun higiezin nahiz higigarriak dituzten edo jarrera iraunkorra duten herritarrekin. Horrela, hobariak jasotzen dituzten herritarrek dirua Eskoriatzan bertan inbertituko dutela ziurtatzen dugu.

Eredu ekonomiko oso baten bueltako kontua da, beraz?

Bai, gure asmoa modu integralean tokiko garapena sustatzea da. Bi helburu lortzen ditugu aldi berean: batetik, herritar batzuei, udalak hala erabakita, laguntza ematen diegu; eta, bestetik, tokiko garapen ekonomikoa sustatzen dugu, ikuspegi sozialetik eta modu iraunkorrean.

Zein onura ditu axtrokiak euroarekin alderatuta?

Alde positiboa da zirkulazioan egongo den dirua etengabe Eskoriatzan inbertituko dela. Udalak 12.000 eta 15.000 axtroki artean jarriko ditu mugimenduan diru laguntza eta sarien bitartez, eta horiei merkatari elkarteak jarriko dituenak gehitu behar zaizkie. Horrez gain, herritarrei abantailak ere eman nahi dizkiegu. Udalak berak orain artekoak baino laguntza handixeagoak emango dituelako, baina merkatariek ere axtrokitan erosten duten kontsumitzaileei abantailak eman behar dizkietelako.

Leave a Reply

Your email address will not be published.