Duela bi urte, munduko txapeldun gelditu ziren Ibarrako tiratzaileak, kategoria mistoan. Laster izango dute txapela berriz janzteko aukera, egunotan Irlandan jokatuko den Munduko Sokatira Txapelketan. Alde batetik, kluben txapelketa izango da, eta, bestetik, nazioena. Euskal Herriak bere selekzioa izango du, federazioaren izenean aterako baitira.
Irlandako Castleberg herrian jokatuko da sokatira txapelketa, herenegun hasi eta igandera bitartean. Lehen bi egunetan, taldeen arteko lehiak ikusiko dira, eta beste bietan, berriz, herrialde mailakoak. Ibarrako espedizioa 28 pertsonak osatzen dute, eta horietatik 25 tiratzaile joan dira Irlandara.
Gizonezkoak hiru probatan lehiatuko dira: 640 eta 600 kilokoan eta kategoria mistoan. Emakumeak, berriz, 540 eta 500 kiloko probetan eta proba mistoan. Munduko txapelarekin etxera itzultzea ez da erraza izango, kontuan hartu beharreko baldintza ugari baitaude. Taldeka, multzotan banatzen dira taldeak, eta zozketek eragin handia izaten dute, multzoan aurkari indartsuenak tokatzea edo ahulenak tokatzea gerta baitaiteke. Kategoria mistoan duela bi urte aurten baino talde gutxiago zeuden; ondorioz, aurkari aukerak ere gutxitu egiten dira.
Euskal Herriko txapelketek ere zeresana eman dute. Joan den igandean amaitu ziren, eta gainontzeko euskal taldeek argi utzi zuten oso indartsu daudela. Mutiletan, Abadiñokoa aipatzen dute guztiek, eta nesketan, Laukizko Gaztediren itzulera. Aurkari gogorrenak, beraz, etxean bertan egon daitezke.
Leave a Reply