Ikasteko espazio duin bila

Etsipena eragin du Hernani BHIko langile, ikasle eta gurasoen artean Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak eraikin berria eraikitzeko proiektua atzeratu izanak. 2009-2010ko ikasturtean hasi zuen Urumea, Elizatxo eta Langile ikastetxeen fusioa Eusko Jaurlaritzak dekretu bidez, eta lau urtean amaitu du. Hernani BHIko zuzendari Amaia Urzelaik gogora ekarri du fusioarekin ikasle kopurua ugarituko zela aurreikusita dekretua egitean agindu zuela Eusko Jaurlaritzak eraikin berria egitea. Lau ikasturte pasatu dira ordutik, eta eraikinaren arrastorik ez da, ordea, Hernanin. “2013. urtean adjudikaziora atera behar zuten, proiektua eginda eta beharrezko baimenak eskatuta daudelako. Hernaniko ikastetxearen proiektuak ez duela aurrera egin jakin dugu prentsa bidez, inork zuzenean jakinarazi gabe. Data berririk ez da, gainera”.

Itxaropena ez dute galdu Hernani BHIko guraso, ikasle eta langileek: “Urtebeterako atzerapena izatea espero dugu, baina ez digute ezer argi esan. 2015-2016ko ikasturterako prest behar zuen eraikinak, eta dakigun bakarra da ez dela horrela izango”, esan du Urzelaik. Prentsa bidez jakin zuen Antxon Elorzak ere seme-alabek ez zutela eraikin berria ikusiko Eusko Jaurlaritzak agindutako epean. DBHko lehenengo mailan ziren bere seme-alabak bateratzea egiteko unean, eta egun laugarren mailan daude. Leku egokirik ez dutela ikasteko, hori argi du Elorzak, aurten arte aritu baita Hernani BHIko talde eragilean: “Jangelan pilatuta daude ikasleak, ez da lekurik eta egoera ia alegalean gaude, kirola egitera udal kiroldegira joan behar dute ikasleek… zentro berria lortzea ezinbestekoa da”.

Bi barrakoi ikasleak sartzeko

Orain, 204 ikasle ari dira batxilergoa egiten eta 3. eta 4. DBH mailako 300 ikasle Agustin Iturriagan. Santa Barbarako eraikinean, berriz, 1. eta 2. DBHko 300 ikasle dituzte. Ikasle asko pilatzen direla bi eraikinetan salatu du zuzendariak, “behin-behineko egoera zena, amaiera zuena, luzatzen ari da zentro berriaren eraikuntzarekin”. Horrek ondorioak dituela argi du Urzelaik, bai ikasleengan eta baita langileengan ere. Ikasle guztiak hartzeko balio anitzeko gelak edo bereziak ziren gelak banatu eta ikasgela arrunt bilakatu behar izan zituzten: “Liburutegiari zati bat kendu eta gela atera genuen handik, ikasleek biltzeko erabiltzen zuten gela ikasgela bilakatu behar izan genuen, azterketa gela ere banatu eta bi gela arrunt egin behar izan genituen ikasleak hartu ahal izateko. Horrek hainbat espazio galtzea ekarri du, eta kasu batzuetan, gainera, lortutako gelak oso txikiak dira, eta ez dute ematen lanketak taldeka egiteko, besteak beste”.

Hori arintze aldera, bi barrakoi jarri behar izan dituzte, baina datorren urtean arazoa larrituko den zalantzarik ez du Urzelaik, bi talde berri sortzea aurreikusten dutelako. Pasilloetan ikasle pilaketa handia dela eta kirola egiteko espaziorik gabe aurkitzen direla nabarmendu du, bestalde: “Ikasle kopurua handituta ez dugu azpiegitura egokirik haiek hartzeko eta Santa Barbaran dugun areto balioaniztunak ez du kirol jardueretarako baldintzarik betetzen. Astero 2., 3. eta 4. DBHko 400 ikasleek udal kiroldegira joan behar dute gimnastika egin ahal izateko”.

Ikastetxetik kilometro eta erdira dago kiroldegia, lekuz aldatu behar izaten dute ikasleek, eta horrek arriskuak dakartza, eta, ondorioz, erantzukizun handia esan nahi duela nabarmendu du Urzelaik. Hori salatzeko eta egoeraren jakitun egiteko asmoz, ikuskaritzara txostena bidali du ikastetxeak, zuzendariak esan duenez.

Estresa eragiten duen egoera

Barrakoiei, gimnastikarako azpiegitura gabeziari, pasilloetako pilaketari eta gela txikiei jangelako egoera gaineratu behar zaie. 300 ikasle hartzen ditu bi txandatan Hernani BHIko jangelak. Ikasle bakoitzak metro karratua behar duela dago arautua, eta, horren arabera, 230 lagunentzako lekua du jangelak. Ezinbestekoa iruditzen zaie, ordea, beharra duten ikasle guztiei zerbitzua ematea, eta hori lehenetsi dutela azaldu du Urzelaik: “Gutxieneko baldintzak ere ez dira betetzen, baina ez dugu ikaslerik kanpoan utzi nahi, denei eman nahi diegu zerbitzua, eta ahal dugun bezala moldatzen gara. Datorren urtean, gainera, ikasle kopurua handituko da, baita jangelan ere”.

Duten egoerak, langile eta ikasleen artean estresa eragiten duela salatu du Urzelaik: “Egoera behin-behinekoa zela uste genuen eta eramatea bagenuela eraikin berria eta baldintza egokiak izan arte. Egoera luzatuz doan neurrian, gogorragoa bihurtzen ari da. Pasilloetan leku gutxi, gela batzuk txikiegiak hainbat metodologia lantzeko, eguraldi txarra egiten duenean elkarrekin egoteko espazio itxirik ez dugu… Baldintzak ez dira egokiak ez irakasteko, ezta ikasteko ere”. Ikasleek, irakasleek eta gurasoek euren aldetik jarri ahal zuten “onena” jarri dute Urzelairen ustez: “Egoerara ahalik eta ondoena moldatzeko eta ahalik eta ongiena eramateko. Hezkuntza Sailak, ordea, ez du bere hitza bete oraingoz, bere konpromisoa hutsean gelditu da, eta etsipena sentitzen dugu”.

Ikasketa prozesua kalitatezkoa izan dadin, etengabe berritzen ari dira Hernani BHI, eta, horretarako, espazioaren garrantzia handia dela ekarri du gogora. “Adituek ere aitortu dute ikasketa prozesuan garrantzi handia duela espazioak, eta horixe eskatzen dugu guk: espazio egoki bat, ikasketa prozesu kalitatezkoa egin ahal izateko. Espazio egokia, guraso, ikasle eta irakasleentzat, komunitate osoarentzat. Hernaniko ikaslerik gehienak gure ikastetxeetan daude, eta Hernaniko ikasle eta gurasoei kalitatezko hezkuntza eskaini behar diegu”.

Hernaniko eraikin berriaren adjudikazioa ez egiteko diru nahikoa ez izatea argudiatu du Eusko Jaurlaritzak, Lakuan Hezkuntza Sailarekin Hernaniko BHIko ordezkariek izan zuten bileran: “Hamar proiektu dituztela esku artean eta gurea ez dela lehentasunezkoa esan digute. Beste ikastetxeek ere beharra izango dutela ez dugu zalantzan jartzen. Baina gurean hitzartutakoa ez dutela bete salatzen dugu”.

Zentro berria lortzea helburu

Eraikin berriaren beharra “ikaragarria” da, Elorzak esan duenez: “Proiektua egina dago, adjudikatzea falta da, eta, hori lortzeko, ezinbestekoa da denok norabide berean tira egitea, ikasle, guraso eta irakasleek. Irakasleak bakarrik uzten baditugu borroka honetan, galduta dago, ezin dutelako bakarrik aurrera egin. Irtenbidea eman behar diogu guztion artean, ez direlako eskolan kabitzen, gimnastika egitera kiroldegira jo behar dutelako, jangela txikia gelditu delako, udalaren eta bertan diren talde guztien babesa dugu. Indarra egitea ezinbestekoa da”.

Horren harira, martxoaren 12an Hernani BHI ikastetxeko azpiegitura batzordeko kideek bilera egingo dute egoerari nola erantzun aztertzeko. Hortik bilera irekia deituko dute martxoaren 19rako. Gurasoei informazioa zabaltzea eta guztien artean hemendik aurrera zein bide egin erabakitzea da bilera horren helburua. “Ezinbestekoa da guraso guztien parte hartzea, parte hartze kultura zabaldu behar dugu, eta, ildo horretan, garrantzitsua da ikasle eta gurasook eskola geure sentitzea”. Elorzak argi du egoera ekonomikoak baldintzatuko duela Hernaniko zentro berriaren eraikuntza: “Guk egitea eskatu behar dugu, ordea, gure seme-alabek kalitatez eta duintasunez ikasteko eskubidea berma diezaieten”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.