‘Potologuekin’ bueltan

Bakarrizketak

Elgeta eta Zarautz

Bodologuak ikuskizunak izandako arrakastaren ondoren, bueltan dira Mikel Pagadi, Nagore Aranburu eta Egoitz Lasa bakarrizketa saio berriekin. Mejoratuta datoz, gainera. Gaur estreinatuko dute Potologuak, mejoratuta gatoz ikuskizuna Elgetako Espaloia kafe antzokian, 22:30ean hasita. Bihar, berriz, Zarautzen egingo dute emanaldia. Bi aldiz antzeztuko dute Modelo aretoan: 20:00etan eta 22:00etan.

Bodologuetan landutako formatuari eutsi dio hirukoteak. Bakarrizketari, alegia. Umorea ardatz dela, “gure gizartearen eta harremanen analisi bat” egingo dute ordubete pasatxoko saioan. Askotariko gaiak landuko dituzte Pagadik, Aranburuk eta Lasak: erietxeak, opariak, tabernak, teknologia berriak, guraso izatea…

“Zein Nobel saridunek asmatu zuen komuneko eskuila? Zer gertatzen da medikutara azpiko arropa garbiekin joaten ez bazara? Taberna guztiak ixteko zergatik jartzen da Benito Lertxundiren Erribera? Gizajoak ze kulpa dauka?”. Galdera horiei eta beste askori erantzuna topatzen saiatuko dira Potologuetan.Pagadik, Aranburuk eta Lasak beraiek egin dituzte bakarrizketetako testuak. Zuzendari lanetan, berriz, Anartz Zuazua aritu da.

Elgetako saiorako sarrerak Interneten daude salgai kulturalive.com helbidean; eta, guztiak saltzen ez badira, Espaloian bertan ere jarriko dituzte salgai, 12 eurotan. Emanaldia Zarautzen ikusi nahi duenak, berriz, gaur du azken eguna sarrerak Turismo Bulegoan erosteko. Bestela, bihar, 18:30ean irekiko dituzte lehiatilak Modelo aretoan bertan.

Txintxetak konpainiak Bodologuak ikuskizunarekin 50 emanaldi inguru egin zituen. Hark izandako arrakasta ikusirik, Zarauzko Kultura Sailak erabaki du antzezlana bi aldiz eskaintzea.

‘POTOLOGUAK

Noiz eta non. Gaur, 22:30ean, Elgetako Espaloia kafe antzokian; eta, bihar, 20:00etan eta 22:00etan Zarauzko Modelo aretoan.

Leave a Reply

Your email address will not be published.