Lotsa sentimendua, erruduntasuna, goibeltasuna, antsietatea, adore falta… Horiek dira krisiak eragin zuzena edo zeharkakoa izan duen pertsona askoren sentimenduak. Gogor jo du gainbehera ekonomikoak gipuzkoarren artean, eta, beste erakunde eta eragile batzuek egin bezala, Gipuzkoako Psikologoen Elkargo Ofizialak ere egitasmo bat abian jarri nahi du, krisiak gogorren jo dituen herritarrei laguntzeko. Egitasmo horren oinarria da krisiagatik laguntza psikologikoa behar dutenei eta hori ordaindu ezin dutenei arreta zerbitzua ematea programa baten bitartez. Gema Sancho psikoterapeutaren ekimenez egingo dute.
Horretarako prest daude jadanik herrialdeko 26 psikologo, gehienak Donostia aldekoak. Hortaz, elkargoaren helburua da elkartasun eta laguntza proiektua herrialde osora zabaltzea, baina psikologo gehienak Donostia aldekoak izanik, litekeena da eremu horretan hastea lanean. Horretan izena emateko aukera badago jada. Psikologiaren hainbat arlotakoak dira laguntza doan emateko prest dauden profesionalak, eta metodoak bakarkakoak, familiakoak eta taldekoak izango dira, hainbat astetan banatuta, laguntza epea kasuaren arabera zehaztuko delarik.
Baina laguntza psikologikoa behar dela ohartzeko garaian, norbanakoak du garrantzirik handiena, hau da, norbera konturatu behar da laguntza behar duela. Hori nabarmendu du Imanol Aizpurua psikologoak, egitasmoaren partaideetako batek. Aizpuruak dio bakoitzak badakiela sufrimenduaren neurria zein den, eta horri aurre egin behar zaiola: “Kezkak, larritasuna, depresioa; horiek dira sintoma nabarienak kaltetuen artean. Bakarrik eta baztertuta sentitzen dira, ahul, aurrera ateratzeko indar gutxirekin. Aurrera egiteko baliabideak ematea izango da gure zeregina, bizimodu lasaia eta ahalik eta zoriontsuena izateko”.
Bakardadetik ateratzea, baztertuta ez dagoela nabaritzea, norbait hura entzuteko prest dagoela jakitea, laguntza eskatzeko aukera baduela ohartzea. Horiek dira gakoak. Eta gertatu denaz ohartzea, maiz, espero gabe eragiten duelako krisiak herritarren bizitzan. Espiral horretatik ateratzeko aukerak eman nahi ditu psikologoen elkargoko boluntarioen taldeak, “atzera ez egiteko, aurrera baizik”. “Kaltetuak bere baitan dituen baliabide guztiak martxan jarri behar ditu egoerari aurre egiteko. Ez da geldirik egon behar. Terapiaren bidez, aurrera egiteko indarra eman nahi diegu guregana etorriko direnei, bidean galdutako konfiantza berreskuratzeko, bakardadetik ateratzeko. Langabeari lana ematea ez da gure egitekoa. Baina horretan hasteko indarra eman, aukera guztiak aztertu, eta konfiantza ematea bai”, zehaztu du Aizpuruak.
Ingurunea
Krisi ekonomikoaren ondorioz, arazo psikologikoak dituzten herritarrek ez dituzte arazoak soilik beren buruarekin. Euren inguruan, familian edo lagunartean, esaterako, nabaritzen da pertsona horiek ez daudela lehen bezala. Baina, psikologoen ustez, lana galtzeko edo etxerik gabe gelditzeko arriskuan daudenak bakarrik ez dira kaltetuak. Lana eduki eta krisiaren mamua nabaritzen hasi direnek ere behar izaten dute laguntza.
Horrela, Aizpuruaren arabera, ohikoagoak izaten dira familia arteko diskusio eta liskarrak arazoak dituztenen artean: “Lasai egon beharrean, istiluak sortzen dira, eta maiz, tratu onik ez. Urduritasunak eragiten du hori. Horrek familia giroan eragin handia du, eragin txarra”.
Lagunartean ere bai. Aizpuruaren arabera, lotsa sentimendua hurbileko lagunen edo ezagunen artera zabaltzen dute hainbat kaltetuk, ez dituzte ohiko planak egiten lagunekin. “Ulergarria da hori, langabezian dagoen norbaitek gastuak murriztera jotzen duelako”. Baina kaltetuek, lagundu nahi dituztenen aurrean, jarrera uzkurra izan ohi dutela nabarmendu du Aizpuruak, ez dute laguntzerik nahi izaten, eta elkartasun keinuak onartzeko zailtasunak izaten dituztela. Alde horretatik, hautsi egiten da giza harremanen oreka eta hoztu egiten dira harreman horiek. Lasaitasuna galdu egiten da, eta kaltetuak baztertua geratzeko joera izaten du.
Eta etorkinen kasua are aipatu du Aizpuruak. Izan ere, gehienak euren herrialdeetako probreziatik ihesi etorri dira Euskal Herrira, eta bertan beste krisi bat jasaten ari dira; gainera, inguruan laguntzeko prest dagoen familiarik edo lagunik ez dute. Nora jo ez dakitela izaten dira maiz. Baina, hala ere, arazo larriena “bertakoek” dutela uste du Aizpuruak, “horrelako krisialdirik ia inork ez duelako ezagutu”.
Terapia saioak
Terapia saioei ez diete mugarik jarri Gipuzkoako Psikologoen Elkargoko kideek. Aizpuruak esan duenez, pertsonaren araberakoa izango da terapia epea, eta “ez da erraza” hori zehaztea. “Oraindik prozedura erabakitzeko prozesuan gaude, baina pertsonaren araberakoa izango da hori guztia”.
Leave a Reply