Abaltzisketa/Amezketa
Asteburu honetan, Gipuzkoako herri eta auzo askotan ospatuko dituzte inauteriak. Konpartsen desfileak antolatu dituzte, haurrentzako antzerkiak, mozorro festak, musika emanaldi bereziak… Askotariko ekintzak egingo dituzte egunotan. Bada, Abaltzisketan eta Amezketan, urteroko ohiturari eutsiko diote; baserriz baserri dantza eginez ospatuko dituzte inauteriak.
Abaltzisketako gazteak igandean elkartuko dira, 07:00etan. Udaletxean guztia prestatu, eta 08:00etan aterako dira, baserriz baserri dantza egitera. Taldea osatzen dute dozena bat txantxok (dantzariek), soinujoleek, aginaldoa jasotzen duen zesteruek eta mozorro nagusiek. Baserri bakoitzean, zesteruak dantza egin behar duten tokia garbitzen du, eta makil dantza dantzatzen dute gero. Etxekoek eta txantxoek elkar agurtu, oparia jaso, eta beste baserri batera abiatzen dira.
Eguerdian, Abaltzisketa erdigunera jaisten da taldea, eta meza nagusia bukatzean, herriko plazan dantzatzen dute. Indarrak hartzeko, bazkaria egiten dute gero, plazan bertan. Arratsaldean, oraindik igaro gabeko baserrietatik pasatzen dira.
Abaltzisketan bezala, Amezketako inauterietan ere txantxoak dira protagonistak. Baserriz baserri ibiltzen da hogei lagun inguruko gazte talde bat. Bi egunetan ateratzen dira Amezketan: igandean eta astelehenean, 08:00etan.
Amezketan baserri asko dira, eta gazteak bi taldetan banatzen dira, txantxoak baserri guztietara irits daitezen. Bi egunetan, Amezketako, Ugarteko, Bedaioko eta Abaltzisketako baserri askotatik igaroko dira. Parte hartzaileek afari bat eginez amaituko dute festa, astelehen gauean.
TXANTXOAK
Noiz eta non. Abaltzisketan, igandean, 08:00etan, udaletxetik abiatuta; Amezketan, igandean, 08:00etan, herrian, eta astelehenean, 08:00etan, baserrietan.
Leave a Reply