Bergaran, ‘Guifi.net’-i buruzko batzarra egingo dute bihar

Gipuzkoan pixkanaka-pixkanaka ari da zabaltzen Guifi.net sarea. Duela bi urte, Errenteriako Gaztaño auzoan muntatu zuten lehen azpiegitura, eta, geroztik, hainbat lagun lanean dabiltza egitasmoaren oihartzuna eskualde guztietara iritsarazi nahian. Bihar, esate baterako, Bergarako gaztetxean batzar bat antolatu dute, Debagoienean Guifi.net sarea bultzatzeko helburuarekin. Zibergara taldeak antolatu du batzarra, eta 10:30ean hasiko da. Bertan parte hartuko dute Elgetako, Arrasateko, Antzuolako eta Oñatiko hainbat ordezkarik.

Hasteko, Guifi.net proiektua zer den aurkeztuko dute. Zein diren haren ezaugarriak, zein bereizgarri dituen, alderdi teknikoak… Herri edo auzo bakoitzeko egoeraren berri emango dute gero. Aurkezpen horiek bukatuta, mahai inguru irekia egingo dute, ikusteko herritarrak zenbaterainoko konpromisoa hartzeko prest leudeken. Azkenik, eman beharreko pausoak adostuko dituzte.

Hasiera batean, egitasmoaren bultzatzaileek Oiartzualdean, Donostia inguruan eta Bidasoan lan egin zuten, batez ere. Azken hilabeteetan, ordea, Gipuzkoako eskualde gehiagotan jarri dute martxan Guifi.net. Eskoriatzako hainbat auzotan, adibidez. Tolosaldeko hainbat herrik ere bat egin dute proiektuarekin, eta martxan jartzeko gutxieneko azpiegitura sortzen ari dira. Tolomendi Landa Garapen Elkarteak landu du gaia Tolosaldean. Internet zerbitzua jasotzeko zailtasunak dituztenei konponbide bat eman nahi die elkarteak. Hala ere, ez da landa eremuetara soilik mugatutako proiektua. Herriz herri ari dira sarea hedatzen.

Andoain da egitasmoa indartzen ari den beste herrietako bat. Hiru antena instalatu dituzte herrian. Udaletxeko teilatuan eta Sorabillako elizaren dorrean antena bana instalatu zuten lehenik, eta, bien arteko zubi lana egiteko, hirugarren antena jarri behar izan dute gero; Goiburu auzoko etxebizitza batean.

2012ko Kilometroetan

Herrietara ez ezik, hainbat jaialditara ere zabaldu dute Guifi.net sarea. 2012an, Andoaingo Kilometroetako koordinakundearekin eta udalarekin adostu zuten ibilbide guztian sare bat sortzea egun horretarako. Horrez gain, iazko udaberrian, Urduñan (Bizkaia) egindako Gazte Danbada jaialdian ere jarri zuten sarea.

Leave a Reply

Your email address will not be published.