Naturatik hurbil egon ahal izateko aitzakia aproposa dira erleak, eta horrek bultzatuta murgildu zen Aitor Zabala (Pasaia, 1971) erleen munduan. Afizio moduan hasi zuen, baina bere ofizio eta ogibide bihurtu du, eta dagoeneko zortzi urte baino gehiago daramatza erlezain lanean. Erlauntzak Jaizkibelen eta Oiartzunen ditu sanjuandarrak, eta, horrez gain, Erleen Mundua proiektua ere jarri du martxan. Proiektu horren barruan hiru ildo bereiz daitezke: erleekin egiten duen ekoizpena; Erleskola, erlearen eta erle munduaren inguruko gaiak zabaltzea helburu duena; eta, azkenik, bereak ez diren erleen bueltan egiten dituen lanak —erlezain elkarteetan egindakoak edo norbaiti balkoian erleak sartzean horiek kentzeko egiten dituenak, besteak beste—.
Erlezainek izan behar duten prestakuntzari buruz galdetuta, honela dio Zabalak: “Zoritxarrez, hemen ez dago horrelako ikasketarik egiteko lekurik; Gipuzkoako erlezain elkarteak eta Fraisoro Nekazaritza Eskolak ikastaro batzuk ematen dituzte, baina oso oinarrizkoak dira”. Horrez gain, bere kabuz irakurtzen eta esperientzia duen jendearengandik ikasten joan dela esan du Zabalak.
Erlezaintzaren ofizioan eragin nabarmena du ingurumenak. Naturak markatzen ditu eginbeharrak, eta, sanjuandarrak azaldu duenez, berarentzat oso atsegina da naturari begira egotea: “Eguraldiari, landareei, loratzeei, tenperaturari… begiratu behar zaie”. Erleek ematen duten ekoizpenean ere eragin nabarmena du ingurumenak: “Kutsadurak, lore faltak, monolaborantzak eta beste hainbat faktorek eragiten diete erleei”. Europa mailan urtero ehun erletik 30 hiltzen direla azaldu du sanjuandarrak. Duela urte batzuk, hamar-hamabost soilik hiltzen ziren. Ingurumena hondatzen ari den adibide “nabarmena” da hori. Hortaz, natura zaindu egin behar da erleen iraupena bermatu ahal izateko. “Erleei ahal den ingurune txukunena jarri behar diegu”, azaldu du sanjuandarrak. Asiako liztorraren kasuak ere kezkatzen duela azaldu du Zabalak, bortizki kalte egiten baitio erleen iraupenari. Liztorrak erleen “etsai gogorrak” dira, eta erleek ez dakite nola babestu horien aurrean: “Liztorra erlauntzaren sarreran jartzen da, eta erlea ez da janari bila ateratzen”. Polenarekin eta nektarrarekin erlauntzara datozen erleak ere hiltzen dituzte liztorrek beren larbei jaten emateko. Horren ondorioz, elikagai sarrera murriztu eta erlauntza ahuldu egiten da. Gainera, erlauntzara nektar sarrerarik egiten ez denez, erreginak utzi egiten dio arrautzak jartzeari.
Zabalaren hitzetan, gaur egun erlezainen lanak garrantzi handia dauka, bai lan horretatik lor daitezkeen produktuengatik baita espezieak naturari egiten dion onuragatik ere: “Erleen produktuak oso osasuntsuak dira; gainera, antzinatik erabili izan dira erleak emandako produktuak. Bestetik, erlea ingurua hobetzen duen espeziea dela uste dut. Hainbat espeziek inguruneari kalte egiten diote, baina erlearekin aurkakoa gertatzen da; eta polinizazioarekin, kasurako, erlea jartzen den ingurunea hobetu egiten da”.
Bestalde, erleekin lana egitea lasai egin beharreko lana dela azaldu du Zabalak. “Lasai, baina ez poliki”, gaineratu du. Erleekin zenbat eta denbora gehiago pasatu orduan eta gehiago aztoratzen baitira: “Lanean hasi aurretik ongi antolatu behar da lana; ez da komeni mugimendu zakarrak egitea, erleak aztora ez daitezen”.
Eztia egiteaz gain, hainbat lan egiten ditu Zabalak: polena, propoleoa, xaboiak, ukenduak, kandelak… Eta produktu horiek saltzeko, salmenta zuzena egiten du. Tokiko produktua erabiltzea bultzatzea da salmenta zuzenaren helburu nagusia.
Erlauntzaren egitura
Erlauntzek ere gizarte egitura bat izaten dute: erregina, langileak eta erlemandoak izaten dituzte. Sanjuandarrak azaldu duenez, erregina eta erle langileak berdinak dira jaiotzez. Arrautzatik larba bat sortzen da, eta, larba horrek jan duenaren arabera, erle erregina edo langilea jaioko da: “Erleek larbari erreginajalea soilik ematen badiote, erregina jaioko da; aldiz, erreginajalea, polena eta eztia ematen badiote, langilea jaioko da”. Erreginak arrautzak behar bezala jartzen ez dituela ikusten dutenean, erregina berria sortzen dute erleek. Hortaz, erregina zaharrak alde egin beharko du erlauntzatik, edo bestela erregina berriak hil egiten du. Erregina eta langileak emeak dira, eta erlemandoak deiturikoak, arrak. Horiek udaberri aldera hazten dira, eta udazkenean erle langileek akabatu edo erlauntzatik botatzen dituzte.
Gaur egun, erle gehienak erlezainenak dira. Zabalak azaldu duenez, ia ez da erle basatirik geratzen: “Erleak guk geuk sortzen ditugu ,edo beste erlezainei erosten dizkiegu”. Baina, normalean, erlezain bakoitzak bere erlekumeak egiten ditu: “Hori egiteko, erlauntza bat erdibitzen da, eta, horrenbestez, horietako bat erreginarik gabe geratzen da. Erregina ez duen erlauntzak erregina sortzen du arrautza batetik hasita”.
Leave a Reply