‘Guifi’ sarea zabaltzen ari da

Imajinatu herri batek bere errepide sarea osatzen duela. Etxe bakoitzak bere bidea eraikitzen du, eta bizilagun guztien artean, herriko errepideen sarea osatzen dute. Gero eta herritar gehiagok parte hartu, handiagoa izango da sarea”. Horrela azaltzen du Asier Garaialdek Guifi.net zer den. Azken urteetan, hainbat lagunekin batera, proiektu hori Euskal Herrian zabaltzen ari da. Telekomunikazio sare bat da Guifi.net: sare askea, irekia eta neutrala. Katalunian jarri zuten abian, 2004an; eta, egun, munduko sare aske zabalena da. Gehienbat hari gabeko konexioak erabiltzen dira, eta 23.000 erabiltzailetik gora ditu. Erabiltzaile gehienak Herrialde Katalanetan ditu, baina apurka zabaltzen ari da toki gehiagotara; besteak beste, Gipuzkoara.

Proiektuak 2004ko udaberrian egin zituen lehen urratsak. Gaian interesa zuten hainbat lagun elkartu ziren urte hartako apirilean, ideiak partekatu, eta eman beharreko lehen pausoak adosteko. Hauxe zuten helburu nagusia: Internet hornitzaileek alde batera utzitako lekuetan ere banda zabala eskaintzea. Hau da, sare librea erabiltzeko aukera herritar guztiei ematea, inolako bereizketarik egin gabe. Hori horrela, Kataluniako hainbat herritan, 2004ko maiatzaren 15ean jarri zituzten Guifi.net sarearen lehen antenak. Herri txiki batzuetan martxan jarritako proiektu hori pausoz pauso handituz joan da geroztik.

Maider Likona Gisa elkarteko kidea da. Informatikako ikasketak egin zituen, eta urteetan parte hartu izan du software librea eta sare librea bultzatzen dituzten hainbat egitasmotan. Besteak beste, Guifi.net-en.

Hain zuzen, software librea bultzatzeko helburuarekin sortu zuten Gisa elkartea, 2005ean. Izan ere, ikusten zuten “hutsuneak” zeudela alor horretan. Gauzak egiteko “beste modu bat” erakutsi nahi zieten herritarrei: “Erakutsi nahi genuen bazela eredu bat, enpresek eta kontsumitzaileek osatutako eredutik harago”. 2005etik, ordea, gauzak asko aldatu direla dio Likonak: “Orain, ohiko kontua da software librea, baina badaude landu beharreko beste gauza batzuk. Sareak, adibidez, oraindik enpresen menpe daude. Egun, konektatzeko modu bakarra da enpresa bati Interneteko lotura erostea, haiek jartzen dizkiguten mugekin”.

Horri aurre egiteko, software librearen ideia sareetara eraman nahi du elkarteak: “Baliabideak herritar guztien eskura utzi behar dira”. Hori dela eta, bat egin zuten Guifi.net proiektuarekin: “Guk sarea ez dugu ulertzen enpresen produktu bat bezala, baizik denon artean muntatutako komunikatzeko tresna bezala”.

Sare askea, irekia eta neutrala

Irekia, neutrala eta askea. Proiektuaren webgunean, hiru adjektibo horiekin aurkezten dute Guifi.net. Eta, egitasmoaz hitz egiteko, adjektibo horiek erabiltzen ditu Likonak ere: “Askea da, ezin duelako norbaitek etorri, eta sarea bereganatu. Denok daukagu aukera sarea erabiltzeko”. Konexio abiaduran, esaterako, inork ez du mugarik jartzen, eta ez dira tarifa ezberdinak ezartzen kontratatzen den abiaduraren arabera.

Bestetik, irekia dela dio Likonak, sarearen konfigurazio eta xehetasun tekniko guztiak publikoak baitira: “Informazio guztia nondik igaro den ikus dezakezu”. Azkenik, sarearen “neutraltasuna” nabarmendu du Gisa elkarteko kideak: “Ez da inolako mugarik jartzen. Berdin-berdin garraiatzen da edozein informazio. Bideo bat izan, edo webgune bat. Sarea herritarren eskura jartzen da, eta, gero, norberaren esku gelditzen da zertarako erabili”.

Guifi.net sarea osatzeko, supernodo gisa ezagutzen diren antena batzuk jartzen dira. Antena horiek wifi sare bat sortzen dute inguruan. Etxeetan beste antenatxo batzuk instalatzen dira, eta horiek supernodoetara konektatzen dira. Gailu horiek herritarrek, erakundeek edo auzo elkarteek berek erosi, instalatu, kudeatu eta manten ditzakete. Bestela, Euskal Herrian badaude zenbait enpresa konexioa instalatzen lan egiten dutenak. Behin azpiegitura muntatuta, doako konexioa lortzen da. Hasierako gastuak egin ondoren, mantentzeari dagokiona da egin beharreko gastu bakarra. Ez dago hileroko kuota ordaindu beharrik.

Likonak azaldu duenez, batez ere herri txikietara zabaldu da egitasmoa: “Internet ez da arazoa Donostian edo herri handietan, baina bai herri txikiagoetan”. Guifi.net proiektuaren bidez, aukera dute Internet izateko. “Sare bat osa dezakete hainbat etxeren artean, eta Internet zerbitzua jarri”. Likonaren esanetan, Internet da herritarrek gehien eskertzen duten zerbitzua. “Pentsatzen dute: ‘Niri ez zait Internet iristen, eta modu honetan iritsiko zait’. Baina guretzat, Guifi.net zerbait gehiago da: sare askea izateko aukera bat”.

Internetez gain, zerbitzu gehiago ere eskaintzen ditu Guifi.net proiektuak. Izan ere, erabiltzaileek berek hornitzen dute sarea zerbitzuz. Modu horretan, askotariko zerbitzuak eskaintzen ditu sareak: streaming bidezko irrati telebistak, erabiltzaileen arteko telefono deiak eta lagunekin bideo jokoetan jolasteko zerbitzaria. “Erabiltzaileen sarea da Guifi.net, eta sarea erabiltzaileek kudeatzen dute nahi duten eran”.

Oraingoz, oztoporik ez

Likonaren arabera, Euskal Herriko sarea oso txikia da egun, eta oraingoz ez dute arazorik izan telefonia konpainiekin. Kataluniako kasuan, berriz, Guifi.net deitutako fundazioa CMT Espainiako Telekomunikazio Batzordean izena emanda dago, Internet hornitzaile moduan. Hori horrela, Internet zerbitzua eskain dezake, inolako mugarik gabe.

Oraingoz, Euskal Herrian ez dute urratsik egin CMTn izena emateko, baina etorkizunean egitekotan direla dio Likonak. Lehenik, ordea, Guifi.net proiektua Euskal Herriko ahalik eta txoko gehienetara iritsarazi nahi dute.

Leave a Reply

Your email address will not be published.