Kultur hiria, kontraesanak eztabaidagai

Donostiako Kultur Hiriburutzaren afera eta horrek sustatzen duen hiri eredua zein den eztabaidan jartzeko eta modu kritikoan interpretatzeko helburuz, mahai ingurua egin du abiadura handiko trenaren aurkako Donostiako taldeak, Kortxoenea gaztetxean, Azpiegiturak, AHT eta 2016 Kultur Hiriburutza: Kultur eraldaketa ala hiriaren merkantilizazioa helburu izenburupean.

Urtarrilean AHTaren aurkako Mugitu desobedientzia mugimenduak Donostian egin zuen aldarrikapen ekintza baten ondorioz piztutako erreakzioetatik sortu zen astearteko mahai ingurua. Hain zuzen, Donostiaren 2016. urteko Europako Kultur Hiriburutza sustatzeko Igeldoko mendi magalean jarritako DSS 2016 EU esaldia AHT TAV EZ leloarekin estali zuten orduan. Ekintzaileen hitzetan, “gertaera hori zenbait komunikabidek sabotajetzat eta 2016ren kontrako boikot astetzat jo dute, baina Kultur Hiriburutzaren bulegokoek ziurtatu dute egitasmoan AHTari buruz egiten diren aipamenak aurreko udal gobernuaren inposizioa izan zirela”. 2009tik 2011ra Santi Eraso izan zen Europako Kultur Hiriburutzako egitasmoaren zuzendaria, eta bere jarrera azaldu zuen Kortxoenean: “Zoritxarrez, askotan kapitalaren Europari atxikita ibili diren Europako kultur hiriburuen marka eta eredu horietatik hasieratik bereizi nahi izan dugu guk”.

AHTaren aurkako Donostiako taldearen ustez, “AHTari buruz aipamen ugari egiten dira Donostia Europako kultur hiriburu izan dadin Europako Batzordearen aldekotasuna lortu zuen dokumentuan; hiriaren azpiegitura bikainen artean goraipatzen dira, halaber, Gipuzkoa eta Euskadi osoa zeharkatzen duten autopista eta autobideen sare trinkoa eta 2016an hiri erdialdearekin zuzenean lotura egingo duen metroaren lehen linea. Donostiako aireportuaz gain, Bilbo, Gasteiz, Miarritze eta Iruñeko aireportuak ere aipatzen dira, ehun kilometroko erradioan aurkitzen direnak”.

Egitura orokorra eztabaidagai

Dokumentuak dionean oinarrituta, “kultur hiriburutzak gizartea eta kultura antolatzeko modu jakin bati erantzuten” diola uste dute AHTaren aurkakoek: “Planaren ardatz nagusia turismoaren gehikuntza lortzea da”. Kortxoeneko mahai inguruaren antolatzaileen hitzetan, “kontua ez da hiriburutzaren programako ekitaldiak nolakoak izango diren, 60 milioi eurotik gorako aurrekontua duen egitasmo horren zentzua eta egitura orokorra eztabaidatzea baizik”. Ideia hori ekarri zuen Unai Fernandez de Betoñok, EHUko Hirigintza irakasle eta arkitektoak, Kortxoeneko mahai ingurura: “Gai honetaz hitz egitean hirien merkaturatzearen fenomeno orokorraz aritu behar dugu. Hiria ekonomia iturri gisa jartzen da, eta lurralde antolaketarako hezurduratzat jotzen dira azpiegiturak”.

Edonola ere, ekonomia kulturarekin lotzeko ahalegina egiten da Fernandez de Betoñoren iritzian: “Lurralde antolaketarako gida lerroen artean, ardatz eraldatzaileak aipatzen dira, eta horietako bat litzateke sorkuntzarena”. Baina kultura hirien makillaje modura baliatzen delakoan dago arkitektoa: “Diskurtso horri alde polita, alde salgarria jartzera dator sorkuntza, hiria bera salgai bihurtzeko. Kulturak aberastasuna sortzen duelako egiten da kulturan inbertitzeko hautua”.

Azpiegiturena ez da hiriburutzaren egitasmoari AHTaren aurkakoek ikusten dioten kontraesan bakarra: “Parte hartzea da egitasmoaren lelo nagusietako bat; zehazkiago, hiritarren parte hartze aktibo eta konprometitua Internet bidez eragin asmo dute sustatzaileek. Horrek guztiak herritarren parte hartze zuzenaren aurkako asmakizun bat dirudi, ordea, jendarteak informatzeko, eztabaidatzeko eta erabakiak hartzeko benetako espazio publikorik ez duenez”.

Horretan sakontzen ahalegindu zen Markel Ormazabal Donostiako herri mugimenduko kidea, parte hartzea modu kuantitatiboan ulertzen baitzuten agintariek, haren hitzetan: “Parte hartzea oso lotuta zegoen ikusle huts izatearekin, eta horrela ulertzen gintuzten herritarrok”. Hala ere, baikor dago Ormazabal, azken urteetan “aldaketa dezente” izan dituelako proiektuak. Haren hitzetan, “zuzendaritza bera ere aldatu da eta hasierako zenbait hutsune bete dira”. Kortxoenean, horren adibide gisa aipatu zuen euskalgintza arloan diharduten zenbait talde, esaterako, gaur egun hiriburutzaren proiektura “erabat lotuta” daudela.

Leave a Reply

Your email address will not be published.