Ezustekoa” izan da Josetxo Guiurentzat eta Juan Ortega Kanu-rentzat Kabi Alai elkartearen Inauterizale Kuttun izendapena jasotzea. “Ohorea da inauterizale onak izateagatik suziria botatzea”, dio Guiuk. “Gurekin gogoratu dira, eta hori zerbait bada”, gaineratu du Ortegak. “Izendapenak esan nahi du ez garela besterik gabe pasa inauterien festa erraldoian”, esan du Guiuk. Ortegak eta biek hainbat konpartsa gogoangarri atera dituzte, eta sariak erruz jaso dituzte inauterien lehiaketan.
2011n izan zen konpartsa moduan atera ziren azken aldia. 1973an hasita, kuadrillan, familian, hirukote zein bikote gisa atera izan dira. “Dagoeneko ez ditugu 20 urte, eta ikusita inauteriek eskatzen duten esfortzua, eta bi garenez, bietako batek ezin badu, dena pikutara doa”, dio Guiuk. “Zortea izan dugu biotako inork arazorik ez izanda, bestela ez zen posible izango hainbeste urtetan konpartsak osatzea”, gaineratu du Ortegak.
Taldean atera izan badira ere, urteen poderioz, biek bakarrik jarraitu dute. Horrek tamaina txikiagoko karrozak egitera bideratu ditu. Hori bai, aldatu ez dena umorea da: “Beti saiatu gara alde umoretsua lantzen. Ez da batere erraza jendeari barrea eragitea, eta uste dut hainbat urtetan hori lortu dugula, eta horregatik pozik gaude”. 2008an ez ziren atera, baina orduan Ferialekutik materiala lapurtu zietelako izan zen, eta ez zuten denborarik izan beste bat prestatzeko.
Ez dira mugatu mozorrotzera bakarrik, beti egin dituzte antzezpenak, eta horregatik izan ohi zuten hainbeste jende beren inguruan. “Bazegoen jendea gure bila etortzen zena”, dio Ortegak. “Jarraitzaileak genituela esan daiteke”.
Aldaketak festa ereduan
Inauterizaletasuna ez zuten gurasoengandik jaso. “Mozorrotzen ziren”, dio Guiuk, “baina ez ziren gu bezain parte hartzaileak”. Euren seme-alabek jaso dute, ordea, eta ez dute huts egiten inauterietan. “Gordeta dauzkagun material eta mozorroak erabiltzen dituzte. Horiek harra txikitatik sartua dute”. Hala ere, plataformara igo eta antzezten hastea ez dela erraza diote: “Hainbeste jende aurrean izanda, errespetua eragiten dizu”.
Inauteriak, batez ere, soinuaren aldetik aldatu direla diote: “Hasi ginenean bafle txiki batzuk erabiltzen genituen, eta ondoko karrozatik hogei metrotara egonez gero, ez zen arazorik izaten. Egun, potentzian gehien irabazten duenak besteengan agintzen du”. Gaia zaila dela esan dute: “Karrozek beren artean arazoak dituzte, eta, gainera, nola ezin diren hainbeste mugitu, denak pilatuta egoten direnez, zailagoa da arazoa konpontzea”. Soinuaren dema horrek konpartsetan eta karrozetan ateratzen direnak dantza egitera mugatzen dituela dio Guiuk: “Gutxiago antzezten da, eta dantza eginez grazia egitea ez da batere erraza”.
Urteetan aldatu den beste gauza bat karrozetan eta plataformetan dagoen lana dela diote: “Batzuek lan handia egiten dute, baina beste batzuek, plataforma karratu bat atera, eta urtetik urtera errepikatu egiten dute forma bera. Gu saiatu izan gara forma ezberdinak ematen egiturari, urte batetik bestera aldatzen”.
Izan ere, lan handia ekarri izan die prestaketak: “Bi izanik, Eguberrien ondoren eta inauteriak arte egunero sartzen genituen orduak”. Hasiera batean Aranzegi karrozerian egiten zituzten, Ferialekua ez baitzen orduan erabiltzen karrozak eta plataformak prestatzeko. “Arazoa da Ferialekuan ezin duzula bihurkin bat bera ere utzi, bestela lekuz aldatzen dizute segituan. Lapurreta asko izan dira, baina, dirudienez, arazoa orokorra da”, dio Ortegak.
Muntaketa egitea ez da garrantzitsuena Guiuren ustez, zer egin nahi den jakitea eta hori antolatzen asmatzea baizik: “Pentsatu egin behar da zer egin nahi den eta nola, bestela ordu pila bat egon zaitezke begira, ezer egin gabe, ohol bat leku batetik bestera aldatzen. Gure kasuan, normalean plano bat izaten zen, eta gauzak neurrira moztu eta gero egitura osatzen joaten ginen”. Ortegak gaineratu du: “Josetxo delineatzailea da, eta dena antolatzen zuen”.
Zaila egiten zaie atera dituzten konpartsetatik bat aukeratzea. “Niretzat zaila da bat edo bi esatea; nik, gutxienez, dozena bat esango nituzke”, dio Guiuk. “Nik guztiekin oso ondo pasatu dut”, Ortegak. “Asko eragiten du eguraldiak ere”, esan du Guiuk, eta zenbait adibide ekarri ditu gogora: “Indurain eta Olanoren arteko lehiaren konpartsa atera genuenean, plastikozko bizikletak genituen, eta plataformara igotzen zirenek pedalei ematerakoan mugitzen ziren. Euria hasi zuen, gurpilak irristatu egiten ziren, eta gauzak hondatzen hasi ziren”. Hori bai, eguraldiak ez ditu kikildu: “Urtero atera gara, euria edo elurra egin arren. Egindakoa kale edo bale ateratzen genuen, hilabete eta erdi lanean aritu eta gero…”.
Anekdota asko dituzte. Lehenengoetakoa, astoak ihes egin zienekoa: “Igandean astoarekin atera ginen, utzi genuen egunaren bukaeran karrozerian lotuta, eta astelehenean falta zen. Astoa bera bakarrik etxeraino joan zen, herriaren beste puntaraino. Gero berriz jaitsi genuen, eta asteartean berriro atera ginen”. Beste urte batean txerri batekin atera ziren, baina ezkutatu egin zen, eta kostatu zitzaien topatzea.
Atera dituzten karroza askotara jendea igoarazten zuten, eta hori ez dela erraza diote: “Inork ez zuen igo nahi, zerbait egingo geniela pentsatzen zutelako. Jendea urruti jartzen zen, begira bai, baina badaezpada urruti; zertaz mozorrotuta geunden eta ea norbait konpartsara igotzen genuen ikusi nahi zuten lehenengo”. Beste jende askok argazkiak atera nahi izaten zituen haiekin. “Simpson familiaz mozorrotu ginenean sekulakoa izan zen, jende pila batek eskatu zuen argazkia ateratzea”.
Ofizialki, beraz, aurreko bi urteetan bezala, ez dute beren umorea San Frantzisko kaletik paseoan aterako. Baina inauterien harra handia da, eta zerbait prestatu dute: Zaldunitan, Iurre tabernaren parean ikuskizunen bat eskainiko dute, 22:00 inguruan hasita. “Musika ekipoa dugunez, aprobetxatu egingo dugu. Gainera, Iurre auzoan ez denez ezer izaten, ea bizi pixka bat ematen diogun”. Hain handia da beren inauterizaletasuna, ezin dute barnean utzi, eta besteekin partekatu beharra dute.
Leave a Reply