Mendebaldea

Mendebaldeko gizakiak osasuna galtzen du dirua irabazteko, eta ondoren dirua galtzen du osasunean irabazteko”. Ez dio hori soilik Dalai Lamak. Honako hau ere eransten dio egia gordinari: “Mendebaldeko gizakiak etorkizunari begiak ixten dizkio, eta oraina bizitzea ahaztu egiten zaio. Askotan bizitza zukutu gabe datorkio heriotza”.

Zimikoa baino zerbait gehiago egin dit esaldiak barruan. Ez dakit bihotzera edo burura nora iritsi zaidan lehenengo, baina zer pentsatua eta zer sentitua eragin dit.

Bada kanpo itxurari eta besteen begiradari norbere buruari eta gorputzari baino gehiago erreparatzen dionik. Agian, mendebaldeak oinarrian mendeetako ohitura zaharkitua darama. Agian, mendebaldekoa izateak mendekotasuna darama bere soinean.

“Zorrak zor lepoa lodi”, dio esaerak, baina zor handietan sartu denari arazoen zerrenda loditzen zaio buru azpikoa baino lehenago. Etxe barrura baino, kanpora begira bizi gara askotan. Hainbat familiatan egosten den eltzea da hori, baina babak norberak atera behar izaten ditu bere eltzetik, eta aurreak erakusten du nola dantzatu atzea. Daramagun arroparen eta ditugun auto eta etxebizitzen araberako estatusa eta balioa dugu askoren begietara, baina zoriontasuna ez da horren arabera neurtzen.

Lantokian lanaldi murrizketa eskatzen duenari alferra deitzeko joera dago. Inbidiak eragindako iruzkina izaten da ia beti, baina oso gutxitan entzun izan dut bejondeizula bezalako hitzik. Ekonomikoki gutxiago irabazita osasunean eta familian gehiago irabazten dela jakitun hartutako erabakia izanik ere, beti dago gaizki sentiarazi nahi zaituen norbait.

Denek ez dute aukera hori egiteko modurik, hori ere egia da. Eta horrek penatzen nau. Zorren soka lepora estu lotuta daramagu gaur egun mendebaldekook. Eta bankuaren mende bizitzea ez dator debalde. Mende debalde? Bada, ez.

Dalai Lama lurrean eseri eta hankak gurutzatuta imajinatzen dut, hausnarrean. Buru ariketa etengabean. Begi itxia joanari eskainia eta begi irekia orainari zoli. Baina gu ezin gara eskuak gurutzatuta bizi.

Leporaino zorrez sartuta bizi garen bitartean nekez utziko diogu buruari beste ezertan pentsatzen, eta burua lasai eta kezkaz libre samar ez badago, gorputzak ere bere faktura pasako digu.

Beti sos bila aritzeak SOS eskean jar gaitzake. Ez da erraza, baina har dezagun gure gozamenerako denbora, berandu izan baino lehen.

Leave a Reply

Your email address will not be published.