‘Urumeako Kronika’-k bihar kaleratuko du lehen zenbakia

“Euskara hutsean egindakoa, herritar guzti-guztiei begira egindakoa eta doakoa”. Horiek dira Urumeako Kronika proiektu berriaren ezaugarri nagusiak. Bihartik aurrera, larunbatero-larunbatero, Urumea aldeko albisteak bilduko dituzte paperekoan; www.kronika.net webgunea, berriz, egunero berrituko dute. “Urumeako Kronika-k bailara baten oihartzuna izan nahi du; inguruko ahotsak bilduko dituen hedabidea, eta herritarren iritziak herritarrei zabalduko dizkiena”. Urumeako Kronika-n lekua izango dute Hernaniko, Astigarragako, Ereñotzuko, Aranoko eta Goizuetako kontuek. Bestalde, hemendik aurrera, Astigarragak kronika propioa izango du asteazkenetan —herenegun kaleratu zuten 0 zenbakia—. Asteartean aurkeztu zuten proiektua, Hernaniko Biteri kultur etxean.

Gutxienez, hamasei orrialde izango ditu larunbatetako edizio bateratuak. Hernaniko Kronika-k hasitako bidean jarraitzea da Urumeako Kronika-ren asmoa. Lehendik ere beste herrietako albisteak ematen zituen Hernaniko Kronika-k, baina, orain, “benetako lekua eta azpiegitura” eskainiko die herritarrei: “Bereziki, kontuan hartuko ditugu herritarrak. Zuzenean lan egingo dugu haiekin, eta egunkaria haiena dela sentituko dute”. “Iritzi guztiei” egingo die lekua; alderdi politiko, elkarte eta herritar guztiei, “inongo diskriminaziorik egin gabe”.

Webgune “indartsua”

Webgune berritua ere bihar jarriko dute martxan. Azken urteetako joera ikusita, beharra ikusi dute Interneterako plataforma “indartsu bat” eraikitzeko. Orri hori egunero berrituko dute, albisteak sortu ahala. Paperekoan baino erritmo biziagoan lan egingo dute sarean.

Albisteak argazkiekin, audioekin edo bideoekin kargatuko dituzte webgunera. Herri bakoitzak bere atala izango du, gainera. Atal bakoitzean klik eginez, aukeratutako herriko albisteak irakurriko dira. Argazki bilduma ere handiagoa izango da, argazki bat baino gehiago argitaratzeko aukera edukiko baitute albiste bakoitzarekin. Herritarren txokoa da beste berritasunetako bat. Atal horretan herritarrek berek kargatuko dituzte albisteak edo argazkiak.

Herritar ugarik parte hartu zuten astearteko aurkezpenean, eta bertan izan ziren hainbat erakunde eta elkartetako ordezkariak ere. Bost herrietako alkateak: Luis Intxauspe (Hernani), Andoni Gartzia (Astigarraga), Imanol Lizeaga (Ereñotzuko Auzo Udala), Ainhoa Ansa (Arano) eta Pablo Miranda (Goizueta); Tokikom elkarteko zuzendari Inazio Arregi, Urko Aristi lehendakaria eta Mikel Irizar lehendakari ohia; Patxi Baztarrika Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordea; eta Zigor Etxeburua Gipuzkoako Foru Aldundiko Euskara zuzendaria.

Leave a Reply

Your email address will not be published.