Goizeko zortzi eta erdiak aldera jotzen zuen txirrina Olaldeko Joxepa esnezaleak. Marmita beteta etortzen zen, jetzi berriko behi esnea zeramala. 4 bat urte nituenetik gogoratzen dut goizeroko eszena hura: “Etorri da Joxepa; hasi da eguna”, pentsatzen nuela uste dut. Etxeko sukaldera sartzen ziren ama eta biak berriketan, ni ere atzetik, “handien kontuak” entzuteak sorrarazten zidan begirune isil horrekin. Amak jarritako eltzera isurtzen zuen esnea lehendabizi, eta ni inbidiatan begira nengoela ohartu orduko, nire jostailuzko eltzetxoa betetzen zidan. Orain konturatzen naiz marmita handi hartatik jogurt pote bat baino txikiagoa zen eltze txikira esnea txukun botatzeak zeukan zailtasunaz. Baina Joxepari erraz ateratzen zitzaiola zirudien: beti irribarre batekin, tanta bakar bat ere alferrik isuri gabe, bere behien esnearekin betetzen zuen nire jostailua.
Alde egin orduko jartzen zuen amak esnea egosten; oinetakoak jartzen zizkidan jarraian. Bor-bor egin orduko itzaltzen zuen; esne gain lodi hura lehertzear dagoen sumendi baten moduan ikusteak lilura eta nazkaren arteko sentsazio bat eragiten zidan —baina lilurak irabazten zuen beti nazkaren gainetik—. Esne egosi berriaren usain sakonak sukaldetik haragoko zirrikituak inbaditzen zituen bitartean, amak eskolara joateko orrazten ninduen. Kafesne-zopa katilukada bat gosaldu, eta eskolara. Kafesne esan dut, bai, ez larritu; esnea zen kafe ttantta batekin, eta ez, ez naiz txikia geratu horregatik, genetika kontuengatik baizik.
Irratian entzun dut hamaikagarren aldiz behi esnea ikaragarri txarra dela, eta agian ez dute arrazoirik faltako, baina estresatu egiten nau une oro moda horiei jarraitu behar izateak. Gizakiak omen gara animalia bakarrak beste ugaztun baten esnea hartzen dugunak; hori ez omen da naturala. Horrez gain, hazteko garaian soilik hartzen den elikagai bat omen da esnea, eta behin heldutasunera iristean ez omen dago inongo arrazoirik hori hartzen jarraitzeko; hori ere ez omen da naturala. Behiek, zaldiek, elefanteek, tximinoek… ez omen dute sekula halakorik egin, esnea kumeei soilik ematen zaielako. Bai, ados, baina egunean Ducados paketea erretzen duen elefanterik ez dago, Facebookera kateatuta orduak pasatzen dituen tximinorik ere ez, eta ezta ondo pasatzeko kokaina gramo bat behar duen behirik ere; konparatu behar bagaituzte, konpara gaitzatela osotasunean; esnea da gutxienekoa! Duela urte batzuk soja esnea zen alternatibarik onena. Modan jarri zen; soja esnea edaten ez bazenuen, ez zinen batere guaya, eta orain esan dute hori ere ez dela guztiz osasungarria, tiroide kontuetarako, batez ere. Esnerik osasuntsuena gameluarena dela entzun dut irratsaio berberean, baina zapore txarra omen dauka, “earki gatxik!”. Beste aukera bat, erle esnea: oso osasungarria, baina ikaragarri garestia —ez dut imajinatu ere egin nahi nork eta nola jezten dituen erleak; hori bai ez dela naturala!—.
Moda eromen honen erdian, estresatzen hasi orduko, irratia itzali dut, begiak itxi ditut, eta kafesne katilu epela eskuen artean dudala denboran atzera egin dut berriz ere; goizeko zortzi eta erdietan Joxepak txirrina jotzen zueneko istant horretara jauzi egin dut, modak ezagutzen ez nituen goiz haietara. “Etorri da Joxepa; hasi da eguna”.
Leave a Reply