Gipuzkoan 50 ibilbidetik gora deskatalogatu dituzte

Ibiltzen gozatzen dutenen artean, mendi ibilaldiak egitea denbora-pasa zen lehen; orain, ia kirol modalitate bihurtu da. Maldatsuak, lauagoak, laburrak, hainbat egunetan egiteko modukoak… Ibiltari guztien neurrira egindako ibilbideak aurki daitezke. Finean, mendi ibilbideek duten bereizgarria da seinaleztatutako bide homologatuak izaten direla.

Gipuzkoan, eskualdez eskualdeko mendi eta basoetan, dozenaka mendi ibilbide daude. Hainbat urtez zidor horiek ugaritu ondoren, 2009 eta 2010 artean aldaketa handiak izan dira. Aldundiak ibilbideen sarea osatzea bultzatu du, eta Gipuzkoako Mendizale Federazioak zidor guztien gainbegiratze lanak egin ditu. Lan horietan ibili da Urdin Elortza, Gipuzkoako Mendi Federazioko trekking teknikaria. Hainbat arrazoi direla medio, bidezidor ugari “egoera txarrean” daudela ikusi dute. Ibilbideen interes falta edo egoera ekonomikoa izan daitezke zidor horien gainbeheraren arrazoietako batzuk. Udalei edo aldundiari ibilbide horietako bakoitzarekin zer egin nahi duten galdetu ondoren, guztira 50 ibilbide homologatu baino gehiago deskatalogatu dituzte. “Gutxi eta ondo”. Hori da, teknikariaren ustez, ibilbideen gainean jarraitu beharreko irizpidea.

Lehenera eramateko lanak

Elortzaren ustez, baliteke urte batzuetan bideak homologatzeko gehiegizko joera egon izana. “Boom moduko bat egon zen, eta udalek bide asko homologatu zituzten; urte batzuen bueltan, ordea, gain behera erori dira”.

Orain, bidezidorrak gune askotan erabilgarri ez dauden arren, geziek eta markek hor jarraitzen dute. Horregatik, deshomologatu dituzten bide horien aztarnak ezabatzeko, boluntario talde bat osatu du mendi federazioak. Espero baino jende gehiagok eman du izena egitasmo berritzaile horretarako. “Nafarroan osatu izan dira gisa honetan lan egiteko taldeak, baina hemen lehen aldia da”, dio Elortzak. Azkenean, helburua da boluntarioek bide horien aztarnak borratzeko ardura hartzea. “Ahaleginduko gara hainbat lekutako jendea bilatzen, bakoitzak ongi ezagutzen duen inguruan lan egin dezan. Boluntarioak, denbora librea dutenean edo ahal dutenean, aizkora eta eskuila hartu, eta aztarnak borratzen arituko dira. Guk lana koordinatu, eta behar dutenean laguntza emango diegu”.

Hasieran, talde txiki batekin hasiko dira lanean; hala ere, orain izena ematen dutenen datuak gordeko dituzte, aurrerantzean beste edozein proiekturako haiekin harremanetan jartzeko. “Urte askoan egon dira aztarna horiek hor, eta orain ez ditugu bat-batean kenduko; ez dago presarik. Jende gutxirekin eta poliki-poliki hasiko gara lanean; azkenean, proba moduko bat izango da”, azaldu du Elortzak. Guztira, 500 kilometrotan baino gehiagotan kenduko dituzte aztarnak.

Leave a Reply

Your email address will not be published.