“Ikastaroetara datozenen %95ek lortzen dute taulan ibiltzea”

Itsasotik hurbil egon ahal izateko aitzakia aproposa da surfa, eta horrek bultzatuta murgildu zen Idoia Meabe (Zarautz, 1989) surfaren munduan. Afizio moduan hasi zuena ogibide bihurtu du zarauztarrak, eta dagoeneko sei urte daramatza surfa irakasteko lanean.

Hondartza, olatuak eta surferako taula besapean. Horiexek izan dira Meabek surferako zaletasuna asetzeko behar izan dituen elementuak. Euskal kostaldeko olatu onenen atzetik ibili da hainbat urtetan: “7 urte nituela hasi nintzen surfean”, azaldu du. “Guztiz apurtuta zegoen taula bat aurkitu nuen, eta aitari eman nion konpontzeko. Negu guztia pasatu zuen aitak konpontzen, eta taula horrekin hartu nituen nire lehen olatuak”.

Gaur egun, Zarauzko Pukas surf eskolako irakaslea da, eta urte guztian lan egiten du, udan zein neguan. “Eskolak ematen hasi aurretik surf txapelketetan aritzen nintzen, eta 18 urte nituela irakasle lanetan hasi nintzen”. Lan horretan hasi zenean, hiru urte eman zituen txapelketak eta irakasle lana uztartuz, baina, 21 urterekin, txapelketak albo batera utzi eta gogor eutsi zion irakasle lanari. Surf irakasle izateko titulua lortzeko, bost hilabeteko ikastaro bat egin behar da.

Bi motatako ikastaroak ematen ditu. Alde batetik, besterik gabe surfa ikasi nahi dutenekin aritzen da. Gehienbat udan ibiltzen da horiekin, eta surflari hasiberriak izaten dira gehienetan. Eta, bestetik, txapelketetara doazen surflariak prestatzen ere aritzen da. Horiek neguan entrenatzen ditu gehienetan, eta maila aurreratuagoa izaten dute: “Orain, 9-12 urte arteko haur batzuk entrenatzen ari naiz. Ume horiek maila aurreratua dute, eta aurten txapelketetara joaten hasiko dira”.

Surfa bertako eta mundu zabaleko gazteak erakartzen dituen kirola eta aisi jarduera da, euskal kostaldean dauden hainbat olaturi esker. Mundu osoko surflariak erakartzen dituzte hondartzek, surferako eskaintzen dituzten aukerak direla eta: “Udan batez ere atzerritarrei ematen dizkiet ikastaroak”. Madrildik eta Kataluniatik gazte asko surf ikastaroak egitera etortzen direla dio. Gainera, hainbat ikastaro ingelesez eman behar izaten ditu Meabek, ikasle asko baitira Ingalaterratik etortzen direnak: “Duela hiru urte Australian izan nintzen; ia urte erdia pasatu nuen han. Surfa egin, eta, bide batez, ingelesa ere ikasi nuen”.

Lan gehiena udan izaten dute, beraz, surf eskolan, uztailean eta abuztuan bereziki. Azken urteetan arrakasta handia hartu du surfak, eta Zarautzen udan egiten den kirol izarra dela esan daiteke. “Hainbat udatiarrek Zarautz surfarekin lotzen dute zuzenean. Gainera, oso kirol erakargarria da”. Uretako kiroletarako bandera gorri-urdinen artean surflari mordoa pilatzen da udan. “Arriskua areagotu egiten da hainbeste surflari elkarrengandik gertu izanda; beraz, gure ikasleei taulak inoiz ez askatzeko esaten diegu, taulak beti eskutan izateko, alegia”.

Ikastaroen antolaketa

Ikastaroak taldeka edo banaka ematen ditu zarauztarrak. Gehienez ere, sei pertsonako taldeak izan daitezke, eta talde bakoitzarekin ordubeteko eskolak ematen ditu. Eguraldiak eta itsasoaren gorabeherek ikastaroak antolatzeko modua baldintzatzen dietela adierazi du Meabek: “Euskal Herrian bizi gara, eta hemen uneoro aldatzen da eguraldia; beraz, zortearekin jokatzen dugu”.

Ikastaroak emateko orduan, eguraldi txarra, olatu falta edo bestelako arazorik izanez gero, bestelako irtenbide batzuk aurkitzen dituzte: “Surferako baldintza desegokiak izanez gero, taula handiak hartu eta padelboard egitera edo surfarekin lotura duen edozer egitera irteten gara”. Batzuetan olatu falta izaten denean ikasleekin hitz egin eta ikastaroaren ordua edo eguna aldatu behar izaten dute.

Ikastaroek alderdi teorikoa eta praktikoa izaten dute. Teoria zatian honako hauek azaltzen zaizkie ikasleei: lehen egunean, surfaren historia. Horrez gain, itsasoko korronteak izan ditzakeen arriskuen berri ere ematen zaie: “Korronteak eramanez gero zer egin behar duten azaltzen diegu. Oso garrantzitsua da zati hori ongi azaltzea, korronte handiak izaten baitira Zarautzen”. Korronteaz gain, itsasoko gainontzeko surflariekin kontuz ibili behar dela ere azaltzen die, momentu bakoitzean taula nola eraman behar duten zehaztuz.

“Ondoren, taula gainean nola jarri behar duten irakasten diegu, eta, azkenik, beroketak egin eta uretara sartzen gara”. Irakasleak hasieran azaldutako teoria hori guztia uretara sartzean erabili behar dute ikasleek. Taula gainean jartzeko hiru pauso azaltzen ditu irakasleak: eskuak taularen aurrealdean jarri eta gorputza gorantz okertu, atzean geratuko den oina makurtu, eta, azkenik, beste oinarekin zutik jarri belauna taulan jarri gabe. “Hiru pauso horiek errespetatzea da jendeari gehien kostatzen zaiona”.

Gainera, surfa egiten ikasteko baldintzarik onenen inguruan hiru aipatu ditu Meabek: eguraldi ona izatea, haizerik ez izatea eta olatu txikiak eta indar gutxi dutenak izatea.

Guztiek egiteko modukoa

Dioenez, dirudien baino errazagoa da taula gainean zutik jartzea; surfa jende guztiak praktikatzeko moduko kirola dela uste du: “Ikastaroetara datozenen %95ek lortzen dute taulan ibiltzea”. Pertsona bakoitzaren ezaugarrien arabera, taula bat edo bestea ematen zaio. “Gure helburua, ikasleak taula gainean zutik jartzeaz gain, olatuan irrist egitea da. Hori lortutakoan ikasleak pozik egoten dira, eta horrela surfa eginez gozatzen dutela ikusten dugu”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.