Kaleko kulturaren plaza

‘Fun Dantz!’

Aretxabaleta

Hip hopa, rap abeslariak, DJak, breakdance saioak, bizikletarekin akrobaziak… Askotariko adierazpen artistikoak ikusteko aukera izango da bihar, 16:30etik aurrera, Aretxabaletako Ibarra kiroldegian. Udalak eta Bilboko Break on Stage jaialdiko antolatzaileek Fun Dantz! jaialdia antolatu dute elkarlanean. Aretxabaletako kiroldegia kaleko kultur adierazpenen plaza bilakatuko da bihar arratsaldean. Antolatzaileek herritar guztiak gonbidatu dituzte ikuskizunaz gozatzera.

16:30ean, hip hop dantza ikastaro irekia egingo dute kiroldegiko aerobik aretoan. Silvia Palacios iruindarra arituko da gidari lanetan. Ondoren, 17:30etik 18:30era, breakdance lehiaketak jokatuko dira: hain zuzen ere, nesken arteko bikotekako txapelketako finalaurrekoak eta buruz buruko txapelketako finalaurrekoak.

Ikuskizun nagusia 19:00etan hasiko da. Ordu eta erdi inguruko emanaldian, lehiaketak eta erakustaldiak tartekatuko dituzte. Laurogei artista inguruk hamasei ikuskizun labur taularatuko dituzte. Batetik, taldekako kale dantzen txapelketa jokatuko da. Euskal Herriko 11 taldek parte hartuko dute. Horietako hiru Bilbon martxoaren 29an jokatzekoa den Break on Stage jaialdira sailkatuko dira. Urtetik urtera, dantzarien artean gero eta oihartzun handiagoa du Bilboko jaialdiak. Izan ere, 4.000 ikusletik gora elkartzen dira jaialdi horretan. Dantzarien lanak epaitzen, gainera, nazioarteko epaileak aritzen dira.

Lehiaketaz gain, bestelako erakustaldiak izango dira, hala ere. Besteak beste, Aretxabaletako kiroldegian izango da Circle of Trust Zaragozako taldea. Mundu osoko breakdance lehiaketetan parte hartu izan dute espainiarrek. BMX bizikleta erakustaldia ere ikusi ahal izango da. Neugma artistak bizikletarekin akrobaziak egingo ditu musikaren erritmora. Vento artistak, berriz, Cyr Wheel deitutako diziplina akrobatikoa erakutsiko die ikusleei. Uztai erraldoi batekin egindako akrobaziak breakdance-arekin konbinatuko ditu Ventok.

Leave a Reply

Your email address will not be published.