Mugi sistema Lasarteko hiri autobusera iritsiko da aurten

Herriz herri eta geltokiz geltoki, zabalduz doa Mugi sistema Gipuzkoan. Garraio publiko guztietan tarifa sistema bateratua ezarri eta euskarri bakarra erabiltzeko asmoz sortutako sistema da, eta urtebete igaro da martxan jarri zutenetik: denbora tarte horretan, 60 milioi bidaia egin dira lurralde osoan Mugi txartela erabiliz. Bidaia horiek gero eta gehiago izan daitezen, hurrengo geralekua zehaztu dute jada: urtea amaitu baino lehen Lasarteko hiri autobusera heltzea aurreikusi dute.

Urteurrenaren aitzakian, hamabi hilabeteko balantzea egin du Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzak. Horren arabera, gipuzkoarren %63,97k dute egun Mugi txartela, guztira 465.286 txartel daude, eta lurraldeko garraio sarean egindako ordainketen %86 txartel horren bidez egin dituzte.

Sistema abian dagoen garraio gehienetan txartela izateak deskontuak dakartza erabiltzailearentzat —Renfe eta Oiartzungo hiri autobusetan oraingoz ordainketa egiteko soilik balia daiteke—. Hilero 252.000 gipuzkoarrek erabiltzen dute, eta geroz eta gehiago erabili, orduan eta deskontu handiagoa egiten da. Baina, urteko datuen arabera, erabiltzaile gehienek, %70ek, bat eta hogei bidaia artean egiten dituzte hilean, eta, beraz, %45eko deskontua izan dute. Soilik erabiltzaileen %5ek lortu dituzte %90era arteko deskontuak —51 bidaia baino gehiago egitea esan nahi du horrek—.

Deskontuekin batera, penalizazioak ere egoten dira, baina lehen urtean soilik Mugi sistemaren erabiltzeen %1ek jaso dute halako zigorren bat. Irteterakoan txartela makinatik ez pasatzea izan da horretarako arrazoi nagusia.

Aurten, Zarauzko hiri autobusa izan da sistemara batzen azkena. Urtarrilaren 8an jarri zuten martxan, eta, geroztik, herritarren aldetik “harrera bikaina” izan duela nabarmendu dute. Lurraldeko beste hainbat herritan gertatu den bezala, herrian informazio gune bat jartzea baliagarria izan zaie zalantzak argitu eta txartel berriak egiteko. Denbora tarte horretan, berrehun bat eskaera jaso zituzten.

Leave a Reply

Your email address will not be published.