Parte hartzerako endredoak

Hausnartzeko, ezagutzen duguna zalantzan jartzeko, beste modu eta aukera batzuk egon daitezkeela pentsatzeko, emakumeen hitza eta erabakia defendatzeko beharrari erantzuteko…” jarri dute abian Andredetan prozesua Arrasaten, Bagara Herrigintzaneko teknikari Iraitz Agirreren hitzetan. Emakumeen parte hartze soziopolitikoa sustatzea da aurkeztu berri duten partaidetza prozesuaren helburua. Hilabete honetan abiaraziko dute, eta uztailera arte iraun dezakeela aurreikusi dute.

Prozesuaren helmuga gisa emakumeen parte hartze sozio-politikoa sustatuko duen “udal plan on bat” jarri dute, eta bidea elkarlanean egingo dute Arrasateko Udalak, Bagara Herrigintzan elkarteak eta Emakume Txokoak. “Bagararen egitekoa prozesu parte hartzailea diseinatu, dinamizatu eta hasierako helburuak betetzen doazela bermatzea izango da, eta, azken batean, baita Udal Planaren idazketa eta proposamena egitea ere”.

Bera izango da horretaz arduratuko den teknikarietako bat. “Debagoienan eraldaketa soziala praktikatzeko aukera eskaintzen du Bagarak. Duela urte pare batetik komunitatea biziberritzeko bidean parte hartze prozesuak dinamizatzen eta bideratzen gabiltza, eta Andredetan horietako bat da”. Egitasmoaren sustatzailea Emakume Txokoa da, udaleko berdintasun sailetik kudeatu eta dinamizatzen dutena. “Arrasateko Udalarentzat garrantzitsua da udal plana egitea, berdintasunaren bidean beste pauso bat delako”.

Emakumeen parte hartzea neurtzeko modua irauli nahi dutela azaldu du Maite Barreña berdintasun teknikariak: “Emakumeon parte hartze politikoa presentziari dagokionez neurtzen da. Guk horri bi kontu gehitu nahi dizkiogu: batetik, garrantzitsua da emakumeak parte hartze soziopolitikoan egotea, baina egiaz garrantzitsua zerbait egiten aritzea da; eta, bestetik, emakumeoi parte hartzera batzeko gonbita egin zaigu, egina dagoen sistema batean sartzeko. Baina ez zaigu galdetu ea sistema horrekin bat gatozen, ea horren barnean eroso sentitzen garen, baliagarria den…”. Emakumeak eraldaketan egotea garrantzitsua dela uste du Barreñak, baina sistema bera eraldatzetik hasi behar dutelakoan dago.

Diagnostikotik idazketara

Partaidetza prozesua lau fasetan banatu dute. Akaso, lehenengoa izango da mamitsuena, maiatzera bitartean, diagnostikoa egiteari ekingo baitiote. Barreñaren hitzetan, ez dute emakumeen parte hartze soziopolitikoaren zenbatekoa jakin nahi, “parte hartze horretara heltzeko emakumeek izan dituzten bizipenen eta oztopoen berri”, baizik. Horretarako, ehun emakumerekin baino gehiagorekin egotea proposatu dute: “Elkarrizketak eta inkestak egingo ditugu, baita emakume guztientzako tailer zabalak ere; parte hartze konkretuak izan dituzten emakumeekin tailer espezifikoak egitea ere pentsatu dugu, eta, azkenik, gizonezkoekin ere egingo dugu tailer bat, emakume askok eremu mistoetan parte hartzen baitute”.

Harremana, oro har, zuzena izango da, “aurrez aurrekoa”, nabarmendu du Barreñak: “Tailerrak aurrez aurrekoak izango dira, emakume batzuekin zuzeneko elkarrizketak egingo ditugu, eta telefonoa eta posta elektronikoa zuzeneko harremana posible ez den kasuetan soilik baliatuko ditugu”.

Agirrek adierazi du, halaber, emakume oro gonbidatuta dagoela: “Herrigintzan eta eragile sozial, politiko, sindikal, kultural, sozioekonomiko, eta abarretan parte hartzen duten emakumeak, eragile antolatuetan dabiltzanak; baina baita ez dabiltzanak ere. Edozein adinetako edozein emakumek parte har dezala nahi dugu”. Aniztasunarekin du zerikusia egitasmoaren izenak berak ere: “Andredetan izena jarri diogu, bizipen eta ideia horiek guztiak nahastu gura ditugulako, elkarrizketan jarri, elkarrekin ikasi, elkarrekin aritu, pentsatu eta ekin nahi dugulako”.

Barreñak beste puntu bat ere gehitu dio goiburuari: “Andrak endredetan izan dugu buruan. Badaude termino batzuk desprestigiatzen direnak, endredatu, esaterako. Baina guretzat endredatzea gauzen bueltan ibiltzea da, proiektuak sustatzea, gauzak elkarrekin trukatzea… Parte hartze politikorako proiektua planteatzen dugunez, bada andreei endredatzera anima daitezen egiten diegun deialdi modukoa ere”.

Bigarren fasean, helburu batzuk planteatuko dituzte, “parte hartze soziopolitikoa indartzeko, parte hartzen duten emakumeen kopurua areagotzeko, zein parte hartzea bera erosoagoa izateko”, Barreñak azaldu duenez. Horretarako, kontsentsuaren ikuspuntutik “ahalik eta elementu bateragarri gehiena” bildu nahi dituzte, Barreñaren hitzetan. Ondoren, helburu horiek betetzeko lan lerroak mamitzeko ekintza plan bat osatuko dute; “eta azkenik, planaren beraren idazketa eta udalaren onarpena etorriko dira”, azaldu du Agirrek.

Aitzindari, baina Arrasaten

Barreñak azaldu du eurek dakitela Euskal Herrian antzekorik ez dela egin, eta udal plana “aitzindaria” izango dela. Hala ere, Agirreren hitzetan, “ez da kasualitatea” Arrasaten egitea. “Urte luzez politika aurrerakoi eta parekideak sustatu dituen udalerria da, eta plan honek jauzi kualitatiboa dakar. Duen izaeragatik, eta plana osatzeko baliatuko den moduagatik”.

Barreñaren iritziz, Arrasatek “izugarrizko ibilbidea” du berdintasun politiketan: “Emakume txokoa zabaldu izana, jabetze eskolak, teknikarien zein aurrekontuen arloetako aurrerapenak… Berdintasun politiketan ibilbide bat egin behar dela uste dut nik, eta Arrasatekoa horretan hasten lehenengoetarikoa izan zenez, aitzindaria da”. Gainera, Arrasaten abian jarritakoa beste herri batzuetara hedatzea ere gustatuko litzaieke: “Esparru berriak ikertu eta horietan proposamenak egin nahi genituzke, Arrasaterako baliagarria den proposamen bat egiten asmatzen badugu, gustatuko litzaiguke beste herri batzuetara ere hedatzea”.

Lau urteko ikuspegiarekin parte hartzean zentratzeko egin duten hautua azaldu du Barreñak: “Arrasaten dugun esperientzian oinarritzen gara gehienbat, baina 1990eko hamarkadatik, Euskal Herrian etengabe bultzatu dira berdintasun planak udaletatik. Arrasaten bertan, aukera berdintasunerako bi plan integral eginda baditugu ere, ohartzen gara plan horietan jasotzen dena eta udaletako errekurtsoak eta bitartekoak ez datozela bat”.

Berdintasun planetan jasotakoa egiaz betetzeko giza eta diru baliabide askoz ere gehiago beharko liratekeela ohartuta, pentsatu zuten planen zabaltasunak ito egiten zituela, eta banakako planak egiteko estrategian murgildu ziren: “Berdintasunari buruzkoak, feminismoari buruzkoak, jabetze eskolei dagozkienak… Eta orain, parte hartze soziopolitikoan sakondu nahi genuke. Horrek ez du esan nahi gainerako gaiak ukitzen ez ditugunik, baina datozen lau urteetan parte hartzearen gaian zentratuko gara”.

Asteartean egin zuten Andredetan egitasmoaren jendaurreko aurkezpena, eta Agirrek azaldu du baikor daudela izan dezakeen erantzunarekin: “Arrasateko Emakume Txokoaren jardueretan emakume askok parte hartzen dute urtero, baita jabetze eskoletan ere. Era berean, azken urteotan feminismoaren inguruko tailerrak, hitzaldiak eta eztabaidak egin dira, eta jendearen erantzuna oso ona izan da”.

Behin plana osatu eta udalean onartu ostean, “konpromiso zabaletara heltzea” nahi dute, Barreñaren hitzetan: “Udalaren konpromisoa beharko genuke planarekin, giza baliabideei dagokienez gehienbat. Horrez gain, gure ondorioak parte hartze soziopolitikorako gainerako erakundeekin partekatu eta horiekin ere konpromisoak lortu nahi ditugu. Amaitzeko, batzorde bat osatuko genuke plana bera aurrera eramateko.

Leave a Reply

Your email address will not be published.