“Nire helburuetako bat da txistuak geografikoki ere mugak apurtzea, kanpoan ere jakin dezatela txistuak aurpegi asko dauzkala”. Hala dio Garikoitz Mendizabal txistulari zestoarrak. Horrela, datorren astelehenean, Iñaki Letamendia eta Jesus Mari Garmendia Tolosako Udal Txistulariekin batera, Hego Koreara joango da. Hango bi orkestrarekin kontzertu bana emango du Mendizabalek, eta, horrez gain, beste hiru kontzertu joko dituzte zestoarrak eta tolosarrek. Txistuaren eta Euskal Herriko kulturaren berri ematearekin batera, Zestoako Ekainberri eta Tolosako Abesbatzen Nazioarteko Lehiaketa eta txotxongilo museoa ezagutaraztea dituzte helburu.
Mendizabalek egindako Txistu Symphonic lanean du abiapuntua Hego Koreako proiektuak. “Bratislavako orkestrarekin grabatu nuen lan hori, eta horrek bultzada eman dio txistua orkestrarekin jotzeko nazioarteko aukerari”. Lan horri esker, Hego Korean bizi den Unai Urretxo arratearra ezagutzeko aukera izan zuen. “Urretxo han bizi da azken hamabost urteotan edo, eta azken urteetan orkestrak zuzentzen dabil”. Urretxok hara joateko aukera agertu zion. “Urretxoz gain, Hego Korean lehen kontzertua lotzeko, ezinbestekoa izan dugu Espainiako enbaxadaren laguntza; oso ondo portatu dira gurekin. Ondorioz, errazago lotu ditugu beste ekitaldiak ere”.
Egitasmoak, bi zati
Bi zati ditu Hego Koreako proiektuak: “Alde batetik, bertako bi orkestrarekin bi kontzertu sinfoniko joko ditut, eta bakarlari gisa ariko naiz txistuarekin. Gero, beste alde batetik, formatu txikiko hiru kontzertu emango ditut Tolosako txistulariekin, txistulari banda tradizional moduan”.
Orkestrekin joko dituen kontzertuak jendetsuak izango direla uste du. “Orkestren berri Urretxoren bidez dakit, eta bakoitza bere probintzian orkestra profesionala da. Kontzertuak bonudunentzat dira, eta bi mila pertsona inguru etorriko omen dira. Horrek artistikoki gauzak txukun egingo diren ziurtasuna ematen dit, baina, hortik aurrera, ez dakit gehiago haiei buruz. Urrutiegi dago gauza denak jakiteko”. Orkestrekin jo aurreko bi egunetan entseatzeko asmoa du Mendizabalek. Errepertorio aldetik, berriz, Txistu Symphonic laneko piezak joko dituzte. “Aurreneko zatia Espainiako doinu batzuekin osatuko dugu, zarzuelekin eta. Era horretan, Espainiako enbaxadari keinu bat eginez, oso ondo portatu baita batik bat aurreneko kontzertua lotzeko kudeaketak eginez. Bigarren zatiak, berriz, euskal kutsua hartuko du erabat. Bukaeran, bis moduan, txistu eta danbolinarekin txistuaren errepertorioko pare bat doinu joko ditut neuk”.
Tolosako Udal Txistulariekin emango dituen formatu txikiko kontzertuetan, txistuaren errepertorio klasikoa joko dute. Horietako kontzertu bat Dokdo uhartean dute. “Uharte horrek badauka ezaugarri berezi bat: Japoniak berea dela dio, eta Hego Koreak, berriz, berea. Gibraltarren kutsua hartzen diot nik. Baina, bueno, hara ontzi batean joango garela bakarrik dakit nik”.
Bilboko Udal Txistulari Bandaren zuzendaria da zestoarra. Horrez gain, Zestoako eta Azpeitiko txistulariekin ere ibiltzen da. Hego Koreara, ordea, Letamendia eta Garmendiarekin joango da. “Oso-oso lagunak ditudalako, haiekin joateko hautua egin dut”. Iruñeko sanferminetara urtero Tolosakoekin joan ohi da zestoarra: “Urteetan Tolosako txistulariak kontratatuta sanferminetara joaten dira. Neu azkenengo hogei urteotan haiekin joan izan naiz astea pasatzera. Aspaldiko harremana daukat haiekin, eta horregatik sartu ditut proiektu honetan, motxilan”. Astelehenean irtengo dira Euskal Herritik, eta martxoaren 22an itzuliko dira Hego Koreatik.
Tolosa eta Zestoa sustatzera
Musika proiektu bat baino haragokoa da Hego Koreara egingo duten bidaia, ordea: “Zorionez, Tolosak eta Zestoak aintzakotzat hartu dute proiektua. Bi udalerriek ahal duten neurrian lagundu digute guri proiektu kultural, artistiko eta musikal honetan. Orain, guk herriotako museoak eta azpiegiturak sustatzeko edota ezagutzera emateko ere baliatuko dugu. Hala, bide batez, Tolosako Nazioarteko Abesbatza Lehiaketa, Tolosako txotxongilo museoa eta Zestoako Ekainberri pixka bat sustatzeko ere baliatuko dugu bidaia. Ekitaldi kulturala eta musikala egingo dugu, baina baita enbaxadore lana ere”.
Sustapen lana nola egingo duten ere pentsatuta dauka Mendizabalek. Bertako bi kontzertu sinfonikoak diren aretoetako sarreretan, hemendik eramandako esku orriak jarriko dituzte erakusgai, eta Etxepare Euskal Institutuak utzitako ikus-entzunezko bat jarriko dute. Gainera, hango agintariekin ere bilduko dira. “Hango agintariekin harrera bat baino gehiago dugu hitzartua. Jakinaren gainean daude hemendik material turistikoa eramatekoak garela. Han emango dizkiegu. Gero, haiek arduratuko dira toki estrategikoetan banatzeaz eta zabaltzeaz. Pixka bat kudeaketa lan hori egingo dugu guk”, adierazi du Mendizabalek.
Apurka, bidea zabaltzen
Txistu Symphonic grabatzera Bratislavara jo zuenean bide guztia egiteko zegoela dio. “Lan hori egin arte. Bide hori dena egiteko zegoen; beraz, poliki-poliki joan behar dut. Kontuan hartu behar da orkestrek denbora oso-oso luzearekin antolatzen dituztela programazioak. Arlo horretan, txistua erabat ezezaguna da. Baina oso-oso pozik nago orain Hego Korean atera diren bi kontzertu hauengatik. Poliki-poliki ari naiz; badakit bidea luzea izango dela, baina egiten dudan kontzertu bakoitza opari bat bezala hartzen dut. Duela lau urte ezinezkoa zirudien gauza bat da. Orain, kanpoko orkestrek ere txistuaz gozatzeko aukera dute, eta lasaitasun horrekin egiten dena ondo egina dago”.
Hego Koreakoa ez da Mendizabalek Euskal Herritik kanpo lotua duen proiektu bakarra: uztailean Bartzelonako Lizeoan jotzeko gonbidapena du; Espainiako Ballet Nazionalarekin eta orkestrarekin ariko da. Nola ez, txistuarekin: “Iaz, Espainiako balletarentzat grabazio bat egin nuen orkestra sinfonikoarekin, Sorollaren koadro batzuetan oinarrituta. Uztailean Bartzelonako Lizeoan jotzeko gonbita jaso dut; polita da aukera”. Hark dioen eran, txistuak “indarra eta txistua” du.
Leave a Reply