Gipuzkoako Foru Aldundiko Berdintasun Zuzendaritzak bere diru laguntzetan 360.000 euroko aurrekontua du, eta bi arlotan banatu du: batetik, 160.000 euro berdintasun arloak dituzten udalentzat, haien proiektu estrategikoetarako eta tokiko berdintasun politikak indartzeko; eta bestetik, 200.000 euro emakumeen elkarteentzat eta talde feministentzat, beren proiektu eta jardueretarako, Gipuzkoan dauden lanerako sare eta praktika feministak indartzeko.
Aldundiko diru laguntzak hainbat ekintzak finantzatzeko dira: “Indarkeria matxistari aurre egiten dioten emakumeen arretarako proiektuak garatzeko, emakumeen parte hartzea eta jabetzea sustatzeko, pertsonen bizimodua zaintzeaz arduratuko den antolaketa sozioekonomikoa bultzatzeko, eta udal politiketan generoaren ikuspuntua sartzeko”.
Bi deialdietan berariaz baloratuko dira, gainera, beste ekintza batzuk ere: proiektuetan euskarari lehentasuna ematea, taldean eta sarean lan egitea bultzatzea, herritarrek lan prozesuan parte har dezaten sustatzea, eta ahultasun egoera handiagoan dauden emakumeen parte hartzea bultzatuko duten estrategiak definitzea.
Berdintasuneko zuzendari Laura Gomezen arabera, “diru laguntzen deialdia baliabide nagusietako bat da berdintasun politikak tokiko eremuan sustatzeko, eta sare eta praktika feministak indartzeko; izan ere, Berdintasun Zuzendaritzaren aurrekontu orokorraren % 35,12 hartzen dute”.
Iazko urtean finantzatutakoa ere esanguratsua da Gomezen irudiko: “Diru laguntzen 2013ko deialdiaren bitartez, hogei udalerritako 30 proiektu estrategikori lagundu zitzaien; eta elkarte nahiz kolektibo feministen 49 proiekturi”. Horietatik, “nabarmentzekoak” iruditzen zaizkio Berdintasun zuzendariari hainbat jarduera: Gipuzkoako jabetze eskolak eta emakumeen etxeak, eskoletako heziketa prozesuak, indarkeria matxistaren prebentzioa, Feministaldia, eta Lilatoia edo emakumeen herri lasterketa.
Leave a Reply