Zabor fauna

Zabortegiak birplanteatzen ari garen garai berezi hauetan, nahi gabe, birplanteatzea eta ezabatzea sinonimoak direla konturatu gara. Zabortegiak gaur egungo gizartearen arazo bat direla ezin inork uka, eta arazoak badira, kalteren bat egiten dutelako izango da.

Mikrofonoen aurrean mila aldiz esaten diren ingurumenean, osasunean eta ongizatean duten eraginaz aparte, bada beste eragin bat ez dena inoiz mahai gainean jarri: zabortegiek bertako faunan dutena. Ez naiz ari inguruko animaliei eragiten dien osasun kalteez edo zabortegi bat irekitzean ezabatzen diren habitat ezberdinez, animalien jokamoldean dauden eraginez baizik.

Izan ere, zabortegi bat altxor bat da inguruko animalientzat, han biltzen baitira inguruko hondakin organiko kantitate ikaragarriak; guretzat zabor usaintsu eta nazkagarriak direnak, jaki eskuragarriak dira zenbait animaliarentzat. Animalia basati eta erdi basati batek ez dio muzin egingo horrenbeste janari eskuragarriri; beraz, ez da harritzekoa zabortegi bat iman bat izatea inguruko faunarentzat. Besteak beste, kaioak, azeriak, arratoiak, zakurrak, katuak eta oraindik neurtu gabeko animalia kopuru handiak biltzen dira egunero horien inguruan.

Lehen basoan zelatan eta ehizan zebilen azeria orain zabortegien barrenean dabil hondakinetan muturra sartuta, bere eguneroko dieta eta milioika urtean garatu duen jokamoldea erabat aldatuta. Lehen itsasoaren azalean mokoa barneratuz arrainak harrapatzen zebiltzan kaio taldeek orain goizero zabortegira migratzen dute. Arratoi erraldoiak libreki bizi dira beren zabor paradisuan, konpostagailuan noizean behin agertzen den sagutxo ñimiñoaren Zumosoleko lehengusua. Kezkagarriena, ordea, ikusten ez dena da: gure gaurko espezieetatik zeintzuk ote dira zabortegietako ohiko bisitariak? Agian, lehengo larunbatean ehizatu berria zen basurdea zabortegi baten inguruan hazi da, zabortegia izanik aspaldian bere eguneroko jantokia. Baso ilun eta zahar batean, egoera naturalean hazi den basurde osasuntsu bat jaten ari garela uste dugun arren, litekeena da basurde horrek bere bizi guztia zabortegitik elikatzen igaro izana. Ez al du egonezina sortzen?

Gurean, ezjakintasunagatik, adibide gutxi dauzkagu; baina bada adibide xelebre bat Kenia eta Tanzaniako zabortegietan babuino deritzan tximu ipurdi urdin batekin gertatzen dena, eta apur bat pentsarazten duena. Babuino horiek taldekoiak dira, eta badaude belaunaldietan zabortegietan bizi diren taldeak. Zabortegietako talde horiek ez dute inoiz sabana edo oihana ezagutu; haien bizilekua zabortegia da. Itxura ere ezberdina dute: ile grisa izan ohi dute, eta sabanako babuinoak baino lodiagoak izan ohi dira. Babuinoekin batera, beste milaka espezieren artean, zabortegietako zakurrak bizi dira, eta babuino taldeek zakur horiek etxeratzeko joera dute. Txakurkume bat txikia denean, babuinoek amarengandik bahitzen dute, eta taldeko beste babuinoen artean hazten dute, zakurra taldeko bat gehiago bihurtu arte.

Jokaera harrigarri horrek abantaila asko ematen die babuinoei, zakurrak babuino taldea babestu eta ingurua zelatatzen baitu. Horrela, zakurra duten babuino taldeek inguruko babuino taldeak uxatzen dituzte, eta janari gehiago eskuratzeko aukera dute, bizitza deritzon lasterketa gogor horretan lehen postua lortuz.

Ziur nago gurean ere hainbat espezieren jokamoldeak aldatu direla zabortegien eraginez; ziur nago jokamolde aldaketa horiek inork ez dituela ikertu eta honezkero baditugula basorik ezagutu ez duten azeri belaunaldi berriak, hildako animaliarik jaten ez duten sai taldeak eta mendiaren ordez beren bizilekua zabor mendietan duten orkatzak. Eta horiek erraz ikusten diren animaliak dira; zer gertatzen ari ote da intsektu edo bestelako animalia txikiekin? Edo lurpeko animaliekin? Oso interesgarria izango litzateke behingoz begiak ireki, eta zabortegiak zoritxarrez gure ekosistemen zati bihurtu direla onartzea.

Gure etxetik egin dezakegun bakarra hondakin organikoak zabor poltsatik kentzea da, hori baita fauna zabortegietara erakartzen duena, eta, bide batez, gehixeago birziklatzen badugu, zabortegi bat edo beste desagerraraziko dugu.

Leave a Reply

Your email address will not be published.