“Arlo politikotik teknikora igarota, asko irabaziko luke eztabaidak”

Bartzelonako Unibertsitate Politeknikoan egin zituen ingeniari ikasketak Beñat Oliveirak (Donostia, 1989), eta, iazko otsailetik, Sydneyn ari da doktoretza egiten (Australia). Pasaiako kanpo kaiaren inguruan egin zuen ingeniaritza ikasketen amaierako lana, eta hainbat kalkulu okerrak zirela ondorioztatu zuen.

Zergatik proiektua Pasaiako kaiaz?

Ingeniaritza enpresek zerbitzuak eskaintzen dituzte; ez da teknikarien lana gizartearen arazoak identifikatzea eta horiei erantzutea. Agintariek, berriz, arazoa definitu egiten dute, eta konponbidearen trazua teknikariei eskatu. Ikasketetako proiektuan, ordea, ikasleak egin behar ditu bi gogoetak, modu librean. Horrek eraman ninduen lana Pasaiako portuaren inguruan egitera; alternatibarik ba ote zegoen frogatu nahi nuen, inongo kanpo eraginik gabe. Ikasketen amaierako ariketari zentzua eman nahi nion, eta ez titulua eskuratzeko azken tramite gisa enfokatu. Proiektu serioa, osoa eta erabilgarria nahi nuen. Horregatik Pasaia: itzal, interes eta ezjakintasun handia baitago.

Aterik itxi zizun inork?

Arazo ugari izan nituen; batez ere, planoak eskuratzeko garaian. Plano orokor baten bila hasi nintzen, eta informazio hori Pasaiako Portu Agintaritzaren esku zegoen. Hasieran laguntzeko prest bazeuden ere, nire lanaren edukiaren berri jakin zutenean, komunikazio guztia eten zuten. Ez zidaten gehiago erantzun, eta, noski, ez zidaten planorik pasatu. Ulergarria da haien jarrera; izan ere, nire helburua haien interesen aurkako alternatiba bat jorratzea zen. Azkenean, planoak Javier Belzaren bidez eskuratu nituen. Informazio eta dokumentu interesgarriak ere helarazi zizkidan. Segur aski, haren laguntzarik gabe ezin izango nuen sekula proiektua aurrera eraman.

Ingeniaritza kalkuluak ez zirela zuzenak ondorioztatu zenuen.

Etorkizuneko plan bat egiteko, merkantzien eboluzioa aztertu beharra dago, portu azpiegitura egokiak eraikitzeko. Normalean, iraganeko merkantzien nondik norakoekin, etorkizuna iragartzen saiatzen gara, aurreikuspenen bitartez. Kanpo portuaren defentsa etorkizuneko merkantzien kopuru handi batekin justifikatzen zuten, aurreikuspenek ziotenaren arabera. Lehen urratsa, beraz, aurreikuspena berregitea zen. Eta atera nituen ondorioak bestelakoak izan ziren. PPAren kalkuluak, noski, ondo eginak zeuden; zenbakiek ez dute gezurrik esaten. Baina zenbakien sinesgarritasuna ere neur daiteke, eta haiena oso txikia zen. Kanpoko portua justifikatzeko erabilitako datuen sinesgarritasuna da falta den informazioa. Arrazoi ekonomikoetan oinarritu behar da nahitaez kanpo portuaren defentsa, ingurumenaren txikizioa eta gastu soziala konpentsatzeko. Bestela, nork defendatuko du? Aurreikuspenak positiboa behar zuen derrigor.

Nolako harrera izan zuen lanak?

Oso harrera ona. Laguntza handia izan nuen. Bartzelonako porturako lan egiten duen irakasle batekin egin nituen estatistika analisiak, eta oso gustura geratu ginen datuekin. Sustapen Ministerioko portuen sailean lan egiten duen beste irakasle batekin, proiektuaren bideragarritasuna aztertu genuen, eta hark ideia orokorra bedeinkatu zuen. Hala ere, hark argi eta garbi utzi zidan Pasaiako portuaren inguruko eztabaida kontu politikoa zela, kanpoko portuak inongo justifikaziorik ez zuela; zentzugabekeria hutsa. Kontainer terminala barne portuan kokatu nuen, itsasontzien mugimenduak kalkulatu… Dena. Sakontasun gehiago behar du lanak, noski, baina trazu nagusiek hainbat irakasleren adostasuna zuten.

Izan zuen hedapenik?

Proiektua unibertsitatean aurkeztu ondoren, 2012ko udaran hedatzen saiatu nintzen, Belzaren bidez. Pare bat bilera izan genituen, eta hainbat gauza planteatu. Baina horiek ez gintuzten inora eraman, eztabaida guztiz politizatua baitago. Diputazioak bazuen nahikoa zaborren kontuarekin, eta ez zegoen denborarik horretarako. Eusko Jaurlaritzak eta aldundiak badute lanaren berri; neronek bidali nien proiektua oso-osorik. Diputazioarekin ere bilera izan nuen. Denak daude interesatuak, baina ez da sakontzen horretan. Hedabideetan berririk egon ezean, jendea ahaztu egiten da.

Auziari gertutik kasu egiten al diozu?

Bai, noski. Imajinatu nahiko nuke barnetik mugimenduak egiten ari direla, eta kontua ez dagoela guztiz geldirik. Ana Oregi sartu zenetik, Eusko Jaurlaritzaren ikuspuntua guztiz aldatu da. Aldundia ere kanpo portuaren aurka dago; Madrilek betiko baztertu du kanpo portua. Badirudi ez dela egingo, baina hori ez da nahikoa. Arazoa badago, ez da joan, eta ez da bakarrik joango ezer egin ezean. Interes kontrajarri gehiegi daude, nire ustez, eta elkarlanerako borondate gutxi. Oso errea bukatu nuen nire proiektua hedatzen saiatzeagatik. Kolore guztietako politikariekin desilusionatuta, nik lana eta esfortzua musu truk eskaini eta eman ondoren eskerrak ematea ahaztu baitzaie batzuei. Aurrerapausoak eman behar dira, geldikeriatik irten, familia asko baitaude gertatuko denaren zain. Eztabaida arlo politikotik teknikora pasatuko balitz, asko irabaziko genuke.

Leave a Reply

Your email address will not be published.