Elkartasun jarduerak

Askotariko ekintzak

Errenteria

Urtezahar gauean Trintxerpen (Pasaia) izan zen sutean kaltetutako familiei laguntzeko asmoz, elkartasun hilabetea antolatu dute Errenterian, martxoan. Herriko hainbat eragile elkartu dira, eta askotariko ekintzak prestatu dituzte: kontzertuak, dantza erakustaldiak, kirol ekitaldiak, haurrentzako saioak… Joan den igandean hasi ziren ekintzekin, eta bihar ere egongo da zer egin: dantza jaialdia ikusteko aukera izango da Errenteria Hiria kulturgunean, 18:30etik aurrera. Horretan parte hartuko dute Beti Prest taldeak, Alkarkidek, Concha Rocierak, Alaiak, Ama Guadalupeko Extremadurako elkarteak eta Trintxerpeko dantza eskolak.

Igandean ere ildo beretik jarraituko dute, beste dantza ikuskizun bat prestatu baitute Errenteria Hiria kulturgunean. 11:30etik aurrera Eureka, Ereintza, kiroldegiko ikasleen dantza taldea eta Aljarafe taldea igoko dira oholtzara.

Asteburu nahiz astegunetan

Jarduera gehienak asteburuetan pilatu arren, azken txanpan astegunetan ere egongo da zertaz gozatu eta, bide batez, nola lagundu. Hilaren 24tik aurrera, egunero antolatu dituzte ekintzak: Errenteria Musikaleko ikasleen musika saioak eta haurren abesbatzarenak, besteak beste.

Hilabetea borobiltzeko, diru bilketa bat egingo dute. Hilaren 29an izango da, 10:00etatik 14:00etara, eta hainbat boluntario auzoz auzo joango dira mahai eta itsulapikoekin, kaltetutako familientzat ahalik eta laguntza gehien jasotzeko asmoarekin. Auzo bakoitzean hamabost bat lagun ariko dira lanean. Egun horretan, elkartasun jarduerek arratsaldean ere segituko dute: 17:00etan, haurrentzako jaia egingo dute Zumardian; 19:00etan, txekor errea jateko aukera egongo da leku berean; eta, 19:30ean, Arantzazuko Ama abesbatzak kontzertua emango du Madalenaren basilikan.

Herritmo ikuskizunak emango dio amaiera hilabeteari. Oreka TX, Kalakan eta Kukai dantza konpainiaren sorkuntza da, eta martxoaren 30ean eskainiko dute, 18:30ean, Galtzarabordako kiroldegian.

Leave a Reply

Your email address will not be published.