Herrikoaren alde, baserriak bisitatuz

Beizamako baserrietara bisitak antolatzen dituzte Leire Retegik eta Iñigo Altunak Beizamako aterpetxetik, besteak beste. Aterpetxearen kudeaketaz arduratzen dira, eta aste honetan, euren esperientziaren berri eman dute nekazaritza ustiategietan bisita gidatuak prestatzearen inguruko ikastaroan. Fraisoro Eskolak Hazirekin elkarlanean antolatu du saioa, Urkome Urola Kostako Landa Garapeneko Elkartearen eskariz.

Besteak beste, nekazaritza etxeak dituztenek, landa garapen agentzietako teknikariek eta dinamizatzaileek hartu dute parte ikastaroan. “Baserrietarako bisitekin mugimendu bat sortzen ari da, eta, hori ikusita, prestakuntza saio bat antolatu dute. Guri parte hartzeko deitu ziguten, eta animatu egin ginen. Oso pozik gainera”, diote Beizamako aterpetxekoek. Horrelako egitasmoetan parte hartzeko aukera positiboa dela diote: “Azkenean, gure esperientziaren berri eman dugu. Gainera, pozgarria da gaian interesa duten beste batzuei laguntzeko aukera izatea”. Ikastaroan, Beizaman duten esperientziaren berri eman dute. Eta ikastaroan parte hartu dutenekin, Beizamako Leunda baserria bisitatu dute, eta bertatik bertara ezagutu bisita bat nolakoa den. Ion Arruti abeltzainak hartu ditu han.

Retegik eta Altunak 2012ko abendutik kudeatzen dute Beizamako aterpetxea. Ordutik, aterpetxetik herriko hainbat baserritara bisita gidatuak eskaintzen dizkiete bai aterpera doazenei, baita Beizamara bisitan joandakoei ere. “Baserrietako bisitena ez da gauza bakan bat. Gure lan ildoaren, ekoturismoaren edota ingurumen hezkuntzaren beste tresna bat da. Beizamara datorrenari plan bat eskaini nahi diogu, eta, hemen Beizaman egonda, baserrietara bisita egitea da aukera bat”, dio Altunak. Herrian duten aukera askotarikoa eta aberatsa da: txakolin ekologikoa, abeltzaintza, barazki ekologikoak, gazta, txerrikiak, ogia… “Iraunkortasunaren alde lan egiteko behar bat geneukalako sortu genuen guk gure proiektua. Beizaman naturaren eta baserriaren inguruan lanketa bat egin, eta aukera bat bazegoela ikusi genuen. Hortik sortu genuen aukeretako bat baserrietako bisitena izan da”, dio Retegik.

Lana eta jakituria ezagutarazi

Baserrietan egiten den lana, eta dagoen jakituria ezagutaraztea eta baloratzea da bisiten helburua. “Aurrena, ezagutu, ikusi eta bizi egin behar da bertatik bertara, gero baloratzeko. Nekazaritza ustiapen bakoitzean egiten den lana eta bizimodua ezagutu nahi da. Esaterako, artzain gazta egiten duten baserri batera bisita egin, jakiteko horren guztiaren atzean zer dagoen”.

Aterpearen kudeaketari heldu ziotenean herriko baserrietakoekin bilera bat egin zuten. Baserritarrek gustura hartu zuten bisitariak jasotzeko aukera. “Guk geneuzkan ideiak azaldu genizkien, eta elkarlanean aritzeko eta poliki-poliki aurrera egiteko asmoari ekin genion”. Bilera batean, bakoitzaren funtzioak, prezioak eta nola landu zehaztu zituzten. “Azken batean, guztion onerako den ekintza bat da. Akordio bat lortu genuen denok, eta, pixkanaka, proiektua eratzen ari gara”.

Beizamako Aitzalde, Arreta, Urki Zahar eta Leunda baserrietara antolatzen dituzte bisitak. Ordea, Beizamako baserri batzuetakoentzat ez da berria bisitariak etxean hartzea, horietako baserri batzuetan aurretik ere eskola umeen bisitak izaten zituztelako. “Gu hasi baino bost urte lehenagotik eskola umeen bisitak antolatzen zituzten Aitzalden, Leundan eta Arretan. Beraz, lehendik esperientzia bazuten: esperientzia onuragarria. Beraz, abiapuntu bat bageneukan”. Baina, aterpekoek aukera zabaldu egin zuten: beste baserri batzuetako ateak joz eta publikoa zabalduz. Bisitak eskola umeei eskaintzeaz gainera, familiei edota helduei ere eskaintzen dizkiete. “Beste publiko batentzako bisitak ere antolatzen hasi ginen”. Orain, udaberrian, familia planak antolatzen hasten dira Beizamako aterpetxean, bisitak ere eskainiz.

Egunerokoaren berri ematen

Leunda baserriko Jon Arrutik limousin arrazako behiak hazten ditu, eta Beizamako aterpetxetik antolatutako bisitetan parte hartzen du. “Aterpetxetik antolatzen dituzte bisitak, eta, azken batean, gure parte hartzea xumea da. Guk, gure lanaren berri ematen diegu bisitariei”. Leundakoak dioenez, bisita gehienak eskola umeenak dituzte: “Gustura egoten dira, eta uste bezainbeste ez dute ezagutzen baserria. Izugarria da, behiak txiza edo kaka egiten duenean nolako atentzioa ematen dien. Baina batzuek, galdera sakonak ere egiten dituzte”. Arrutiren ustez, oraindik ere kaletarrek baserriaren gainean “orain 50 bat urteko ikuspegi topikoa” dute: “Uste dute baserriko mundua asko ezagutzen dutela, baina bisitetan konturatzen dira uste baino gutxiago dakitela”. Bisitetatik eurek ere ikasten dutela dio Leundakoak: “Zer interesatzen zaien jakiten dugu, eta gizartea nola dagoen jakiteko termometro bat ere bada guretzat”.

Baserri bisiten proiektua Beizamarentzat eta beizamarrentzako ona da, Arrutik ustez: “Aterpetxea martxan dago, eta herria ezagutzeko eta herrian egiten dena bultzatzeko proiektu bat da. Denontzat da ona”.

Eskualdean, lanean

Urola erdialdean martxan jarri berri duten Urola gustagarri turismorako eta aisialdira egitasmoan ere parte hartu dute Beizamako aterpetxekoek eta baserritarrek. Egitasmoak Urola erdialdean ekoizten diren produktuak eta lehengaiak, eta horiek ekoizten dituzten baserritarrak sustatzea du helburu, bailarako sukaldari eta jatetxeekin elkarlanean. Hala, apirilaren 27ra artean, besteak beste, azokak eta bisita gidatuak antolatu dituzte Beizaman, Azkoitian, Azpeitian, Zestoan eta Errezilen. Esaterako, Beizaman iganderako Leunda baserrira bisita antolatu dute, 10:30ean, Beizamako plazatik irtenda. Bisitan parte hartzeko izena emateko 630-18 19 94 telefonora deitu behar da.

Leave a Reply

Your email address will not be published.