Irungo jaietako musika eskaintza, herritarren arabera

San Pedro eta San Martzial jaiei begira, musika eskaintza herritarren nahien arabera osatzeko asmoa du Irungo Udalak; horregatik, programazioa antolatzeko proposamenak jasoko ditu. Festetarako hiru hilabete falta diren arren, dagoeneko zabalik dago iradokizunak egiteko aukera udalaren webgunean. Irunen erroldatuta daudenek eta 16 urte baino gehiago dituztenek bete ahal izango dute galdetegia, hilaren 23ra bitarte.

Ekarpen guztiak jaso ondoren, proposamen “ahalik eta gehien” sartu nahi ditu udalak jaietako programan, betiere “egutegi mugak eta artisten ordainsariak kontuan hartuta”. Aurtengoa prozesua martxan jartzen duten bigarren aldia izango da; iritzia emateko orduan, baina, berritasun nagusi bat dakar: ezingo da hautatu iaz jo zuen talde eta bakarlaririk. Gehienez hiru artista edo musika talde sartu ahalko ditu pertsona bakoitzak zerrendan.

Udalak 2012. urtean ekin zion “San Martzial jai parte hartzaileagoak izateko bideari”. Hala jakinarazi du Belen Sierrak, Irungo Udaleko Kultura Saileko ordezkariak: “Axola zaigu herritarren iritzia; horregatik, aurten ere kontzertuetako bandak edo bakarlariak herritarrek proposa ditzaten nahi dugu, programazio ahalik eta erakargarriena taxutzeko”.

Kartel onenaren bila

Musika eskaintza aukeratzeko prozesua ez ezik, jaietako kartela hautatzekoa ere herritarren eskura egongo da, festetan “partaidetza prozesuak atal garrantzitsua” izan dezan nahi baitu udalak. Apirilean izango da hori: apirilaren 10etik 25era aurkeztu beharko dira lanak, Amaia kultur zentroan. Onartutako lan guztiak ikusgai jarriko dituzte kultur zentroan zein udaleko webgunean maiatzaren 3tik 11ra, eta jarraian eman ahal izango da botoa.

Bozketa bi fasetan egingo dute: lehenik eta behin, puntuazio gehien lortzen duten zortzi kartelak igaroko dira finalera; eta, ondoren, horien artean aukeratu beharko dute parte hartzaileek. Kartel gustukoenaren irabazleak, aurtengo jaiak iragartzeaz gain, 900 euroko saria eskuratuko du.

Leave a Reply

Your email address will not be published.