Pasaiako badiaren biziberritzeak hamaika zeresan eragin du. Duela aste batzuk, Eusko Legebiltzarrean landu zuten gai hori, Pasaiako Portu Agintaritzako presidente Jesus Maria Zaballos de Llanos, Pasaiako alkate Amaia Agirregabiria eta Herrera Herrira Herritar Batzordeko ordezkariek. Badia nola berrituko den argi ez badago ere, kanpo portuaren eraikuntzaren aferak eragin du urteotan zalaparta gehiena; gai horrek muturreko iritziak eragin zituen, eta, orain, ia ahaztuta dago.
Erakunde publikoek 2009ko urtarrilean hasi nahi zuten Herrerako pabiloiak botatzen, nabeak eta etxebizitzak egiteko, baina auzo elkarteak ez zeuden ados horrekin, berritzea ez zutelako horrekin lotzen. Ordea, kanpo portua egiteko lehenengo asmoak 1990eko hamarkadan Gipuzkoako Merkataritza Ganberan ernatu baziren ere, Joxe Joan Gonzalez de Txabarri Pasaiako Portuko Agintaritzako lehendakari zela eman zitzaion bultzada proiektuari, Juan Jose Ibarretxe buru zuen Eusko Jaurlaritzaren babesarekin. Portuko arduradunek behin baino gehiagotan esan zuten edukiera ahalmenak goia jo zuela eta kanpo portua egitea beharrezkoa zela. Hala ere, zenbait txostenen arabera, portua bera ez zen behar bezala aprobetxatzen. Edonola ere, hurrengo urteetan portura iristen zen merkantzia hirukoiztuko zen aurreikuspenarekin, kaia txiki geratu zela eta badian tokirik ez zela argudiatuta, Jaizkibelgo itsaslabarrean portu berria eraikitzeko proiektua lantzen hasi ziren, Espainiako Sustapen Ministerioaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzaz.
2008an, Iberinsa enpresak azpiegituren gida plana egin zuen portu agintaritzak hala eskatuta. Kanpo kaia egiteko lanei 2013. urtean ekin eta 2020an burutu nahi bazituzten ere, aldaketa asko izan ditu urte guztiotan, eta, praktikan, ia bertan behera geratu da proiektua. Jaizkibelgo itsaslabarrean kaiak eraiki behar zituzten, eta Pasaiako badia barruko kaietan beste jarduera ekonomiko batzuk egin: besteak beste, kirol portuak, etxebizitzak, parkeak, dendak… Halaber, bi tunel ziren egitekoak Jaizkibel mendiaren pean, kanpo portura errepidez eta trenez heldu ahal izateko. Proiektua defendatzen zutenen hitzetan, bi onura nagusi ekarriko zituen: hotsa, hautsa eta arriskua dakarten jarduerak hirigunetik aldentzea, batetik; eta milaka lanpostu sortzea, bestetik.
Instituzioen arteko talkak
2011ko apirilean, Espainiako Ingurumen Ministerioak txosten batean gogor egin zuen kanpoko portuaren aurka. Horren ordez, Lezo-Gaintxurizketan plataforma logistikoa sortzea eta Herrera ingurua biziberritzea hobetsi zuen. Handik bi hilabetera, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak ebatzi zuen Gipuzkoako Foru Aldundiarena zela Pasaiako Portua Antolatzeko Plan Berezia izapidetzeko eskumena. Izan ere, Pasaiako eta Lezoko alkateek errekurtsoa aurkeztua zuten, eskumena udalena zela onartzeko eskatzeko. Tarte horretan, ordea, Gipuzkoako gobernua EAJren eskuetatik Bilduren eskuetara igaro zen; ondorioz, aldundia kanpo portua egitearen alde zegoen lehen, baina aurka jarri zen gero. Hala, kanpo kaia egiteko plana bertan behera uzteko eskatu zuen diputazioak berak 2012ko urtarrilean.
Zenbait sektorek bereizi egin izan dute kanpo kaiaren proiektua badiaren biziberritzetik. Herrera Herrira plataforma da badiaren berritzean zeresan gehien duten eragileetako bat, eta, hango kide Iñaki Aristiren hitzetan, haien proposamenak “ez du inolako zerikusirik” kanpo kaiaren proiektuarekin: “Herrerako eremua berritzeko beharra kanpo kaiaren kontua baino askoz lehenagokoa da. Baina xantaia gisa baliatu dute: zerbait egitea nahi bagenuen, kanpo kaia onartzera behartu nahi gintuzten”.
Nagusiki, badia inguruko eremua orekatu nahi du Herrera Herrira-ren proposamenak: “Oso modu trinkoan jendeztatutako eremua da Herrera, espazio libre oso gutxikoa. Falta dituen ekipamendu horiez hornitzea nahi dugu guk, egungo gizarte egoerari buelta ematea. Azpiegituretan zentratu ordez, berritze ekonomiko eta sozial osoa nahi dugu”. 2009tik dabiltza proposamenarekin lanean, eta horri buruzko azalpen bat eman zuten otsailaren 26an Eusko Legebiltzarrean egindako agerraldian.
Aristik azaldu du behintzat entzun egin zituztela: “Hitzaren bi zentzuetan, gainera: azalpenak ematen genituen bitartean inork eten ez gintuelako eta entzuteko zein ulertzeko moduan hitz egin genuelako”. Ez dakite, ordea, zein ondorio izango dituen horrek: “Gure proposamena aurrera ateratzeko, mugimendu politikoak behar lirateke lehenbailehen, baina ez dugu uste oraindik iritsiko direnik”.
Pasaiako portuko merkantzia aurreikuspenak ez dira bete, eta, areago, kopurua txikitu egin da. Horri helduta Javier Belza ekonomialariak deritzo aurreikuspenak “funtzionatuko ez zuketen arloei eta merkantziei begira” eginak zirela. Hasieratik egitasmoa babestu duten jeltzaleek kontraesanak izan dituzte azkenaldian. Iazko urtarrilean, Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburu Ana Oregik esan zuen egitasmoa “faraonikoa” zela, eta barruko portua konpondu eta biziberritzearen alde agertu zen. Gipuzkoako EAJk, ordea, argudiatu zuen kanpo portua ez egitea “Gipuzkoa moderno eta lehiakorrari uko egitea” zela.
Belzaren ustez, hasieratik argi zegoen proiektua “ameskeria” zela, baina krisia aitzakiatzat baliatu dutelakoan da: “Orain ez dela unea saltzen digute; eta paperak Madrilen daude, kanpo portua noizbait egingo duten esperantzan”. Aristik ere argi du gaur egun ez dutela dirurik kanpo kaia eraikitzeko, baina ez dago hain ziur “betiko baztertu” ote duten; hori ikusirik, egokitzat jotzen du “herritarren presioagatik ez egitea”.
Leave a Reply