“Tolosako eskolako nobelagile onena izan zen Irazusta”

Lizardi, Orixe, Labaien, Lopez-Mendizabal, Aitzol, Emeterio Arrese… Joxemari Iturraldek (Tolosa, 1951) Tolosako eskola izenez deitu izan dio euskaltzale horiek osatutako taldeari. Guztiak euskaldunak eta euskaltzaleak, baita literaturazaleak ere. Horien artean bada horren ezaguna ez den bat, eta, harrigarria bada ere, guztietan idazlerik “onena”, gainera: Jon Andoni Irazusta Xuxupe (1884-1952). Tolosan bada haren izena duen pasealeku bat, biala esaten zaiona, baina, orain arte, pasealekuak ez du plakarik izan: herenegun jarri zuten oroigarria. Iturraldek Irazustaren figura berreskuratu zuen Bidegileak bildumaren barruan, 2003an.

Lehen galdera ezin daiteke besterik izan: nor izan zen Jon Andoni Irazusta?

Gerra aurretik, 20ko hamarkadan, izan ziren 10-15 urte non oso gauza berezia eman zen Tolosan. Tolosako eskola deitu izan diot nik. Pertsonaia mordo bat bildu ziren euskal kulturaren, kulturaren, euskararen eta euskal literaturaren alde, eta izugarrizko lana egin zuten. Guztiak ziren Tolosakoak, bi izan ezik; Lizardi Zarautzen jaio zena, baina oso gazte etorri zena eta bizi osoa hemen eman zuena, eta Orixe, Orexan jaioa baina Tolosan egon ohi zena. Beste guztiak, tolosarrak, euskaldunak eta euskaltzaleak ziren. Erlijio aldetik oso fededunak ziren, eta politika aldetik, EAJ ingurukoak. Lagunak ere baziren. Gerta daiteke hiri batean idazleak egotea han-hemenka solte baina elkar ez ezagutzea, baina hauek lagunak ziren. Hori Euskal Herrian punta-puntakoa izan zen. Bakoitzak bere aldetik lan izugarria egin zuten. Hor zeuden Lizardi, Antonio Maria Labaien, Orixe, Emeterio Arrese, Aitzol, Ixaka Lopez-Mendizabal eta Jon Andoni Irazusta bera. Kuriosoa da, izan ere, literatura aldetik poesian maila handiena zeukana, gero ikusi denez, Lizardi izan zen, eta prosan, berriz, Irazusta bere bi nobela famatuekin: Joañixio eta Bizia garratza da. Tolosako eskolako nobelagile onena izan zen.

Eta zergatik egin dira ezagun beste guztiak, eta ez Irazusta?

Arrazoi politiko eta soziologikoak daude hor. Kontuan hartu behar da guk, gaur egungo tolosarrok, beharbada ez dugula ezagutuko, baina gerra aurretik ezagunena bera zela. Zergatik? Gizon oso jantzia zen; abokatua, EAJko parlamentaria Madrilen, ELAko militantea eta sindikatuko ordezkari moduan nazioarteko bileretan ere ibili zen, eta astero hemengo egunkarietan idazten zuen, betiere euskaraz. Hitzaldi asko ematen zituen. Oso hizlari trebea zen, gizon oso zorrotza, umoreduna, baina zorrotza. Kontua da nobelak gero egin zituela, Ameriketan zegoela. Baina garai hartan oso ezaguna zen, egunkarietan egunero edo astero azaltzen zen.

Baina gerra iritsi zen…

Eta hemen badakigu zer gertatu zen; batzuk hil zituzten, Aitzol esate baterako, Lizardi ere oso gazte hil zen, eta zorionez, nolabait esateko, gerra ez zuen ezagutu, beste batzuk Ameriketara joan ziren… Jon Andonik gerra garaia hemen eman zuen, baina gero Ameriketara joan zen. Batzuk itzuli ziren, esaterako Ixaka Lopez-Mendizabal. Baina Jon Andoni han geratu zen, bakarrik, eta han hil zen. Hil aurretik gainera apaiz sartu zen.

Han publikatu zituen bi nobelak ere.

Argentinan bere lagun Ixaka Lopez-Mendizabalek bi nobelak argitaratu zizkion. Eta gero, gerra garaia pasa, frankismoan, euskara zapalduta zegoen giro ilun hartan, ez zen hemen ezer egon. 60ko hamarkadan hasi zen hemen pizkundea, Txillardegirekin, adibidez. Baina aurretik ez zen ezer egon, Ameriketatik Ekin argitaletxearekin iristen zen oihartzuna besterik ez. Hain justu, editorial horren Argentinako jabea zen Ixaka Lopez-Mendizabal, Jon Andoniren lagun handia.

Nolakoa zen haren bizitza, Ameriketara joan aurretik?

Oso ezaguna zen; egunero idazten zuen egunkarietan, Insaluseko kudeatzailea zen, abokatua… Pentsa zein maila izango zuen, gerra garaian Agirre lehendakariak deitu zion Bilbora joateko eta gobernuan berarekin geratzeko eskatzeko. Hor duda egin zuen, eta gauzak horren itsusi ikusi zituen, Ameriketara joatea erabaki zuen. Eta hori izan zuen bere bizitzako damua, haren nobeletan ere hori ageri da. Arazo pertsonalak ere izan zituen; andregai bat eduki zuen, eta moja sartu zen… Bere damurik handiena, hala ere, ihes egin izana izan zen, nolabait esateko. Gizon azkarra zen, eta ikusten zuen zer etor zitekeen; Frantzian, Suitzan, Madrilen… ibilitakoa zen, parlamentari aritutakoa, eta ikusten zuen zer etorriko zen. Tolosako bere lagunek horren tristea ez izateko esaten zioten, ez zela horrenbesterako izango… baina bazekien zer etorriko zen.

Gerraren ondoren joan zen Ameriketara, ezta?

Gerra hasi zenean hiru urtetan ibili zen hemen jendeari laguntzen. Horren harira badago oso pasarte interesgarri bat. Garai hartan, bazegoen oso ezaguna zen komunista bat, Jesus Larrañaga Goierri. Donostian elkartu ziren, eta, han, Irazustak kargu hartu zion Larrañagari. Ez zela jendea hil behar esan zion, ez zela zigorrik ezarri behar. Baina Larrañagak esaten zion hura dena lehenbailehen garbitu behar zela. Komunistak orduan pistola atera zion, sabelean jarri eta jendea barkatzen ibiltzen bazen eta gauzak beratzen, berari bi tiro emango zizkiola esan zion. Hori berarentzat oso gogorra izan zen; bere aldekoak zirenak horrela ikustea eta zein txikizio etorriko zen jakiteak, Ameriketara alde egitera eraman zuen. Hori 1939. urtean-edo izan zen. Anaia Santosekin joan zen.

Zergatik erabaki zuen Euskal Herrira ez itzultzea?

Urte askotan ibili zen han; Puerto Ricon, Kolonbian, Argentinan… Abokatu eta merkatari gizon ibili zen, lehendakariarentzat enkargu asko egiten… Haren anaia Kolonbian geratu zen, eta hemendik ama eta arreba bat ere joan zitzaizkion. Ama han hil zitzaion, eta arrebak bueltatzea erabaki zuen, eta hori kolpe gogorra izan zen berarentzat. Beste kontu batzuk ere izan zituen; Argentinara zihoala, bere biblioteka guztia erre egin zitzaion edo erre egin zioten, ez dakigu. Guztia kontuan hartuta, dena utzi, apaiz izateko ikasi, eta apaiz egin zen. Han oso ondo ikusita zegoen, gainera. Esate baterako, Perun, Liman, apaiz egin zutenean, ekitaldi erlijioso horretan Peruko presidentea, Manuel Odria famatua, egon zen. Baina apaiz egin eta 6 hilabetera hil zen. Egia da gaixotasun batek hil zuela, baina bizitzan izandako ezbehar guztiak ikusita esan daiteke tristurak jota hil zela.

Joañixio eta Bizia garratza nobelak idatzi zituen. Autobiografikoak direla esan izan duzu, zein da lan horietako ardatza?

Oso lan sinbolikoak dira. Autobiografikoak dira, eta erreferentzia pila bat dituzte. Joañixio-n Tolosako pasarte asko daude, hemengo lekuak ikusten dira, eta bietan Ameriketan dauden euskaldun batzuen istorioa kontatzen da. Esan daiteke berak Euskal Herria nola ikusten zuen islatzen dela nobeletan.

Leave a Reply

Your email address will not be published.