Trinitatearen azken erpina

Unaik azaldu zidan hiri berri batera luzarorako aldatutakoan ahalik eta lasterren ezinbesteko binomioa topatzea komeni dela: ile apaintzailea, batetik, eta arrasto eta pilula fidagarriak pasako dizkizun gamelua, bestetik. Dezente bidaiatutakoa da mutila, orrazkera dotoreekin ikusi izan dut beti, eta, aurreko iruzkin deigarriak egiaztatzen duenez, jakituria erein, gorde eta zabaldu egiten du. Erreparoa eragiten dit horregatik Unairen teoria landu hori zuzentzeak, baina metodo zientifikoak aurrera egingo badu, behar-beharrezkoa da. Izan ere, nire ustez bada pare sakratu hori trinitate zerutiar bihurtzen duen beste osagai bat: etxeko egongelak bezain goxo hartuko zaituen taberna zuloa.

Etxebizitza berriaren bila ari garela ingurumarian dauden ostatuak bertatik bertara ezagutzeari askoz garrantzitsuagoa deritzot eraikinak igogailua edo trastelekua ote dauzkan egiaztatzeari baino. Zurezko zorua, leiho zabalak, edabe goxoak, eserleku erosoak eta tabernari adiskidetsua uztartzen dituzten oasien inguruan hedatzen dira auzo bakoitzeko urrezko metroak.

Benetako paradisuaren sukurtsal diren txoko horiek labana suitzarrek baino erabilera gehiago dituzte. Bazkalondoko kafetxorako —ostiraletan eskoziarra!— ezin aproposagoak dira, batetik. Tarte motel horietan, begi batekin nobelaren hogei orrialde irakur ditzakegu besaulkian bapo eserita, eta beste begiarekin kaletik pasatzen diren neska gazteak zelatatu. Lanegun neketsu baten —algararik ez, familia— ondorengo deskonpresiorako ere ez dugu tresna hoberik aurkituko. Barran trankil berdindutako ardotxoa da elixir eraginkorrena horrelakoetan. Azkenik, afalosteko tertulia mamitsuenak, Unairekin berarekin, adibidez, hantxe izan ohi dira, telebistarik batere gabe ausart jarraitzen duten lokaletan batez ere.

Hiru hilabete baino ez dira azken mudantza burutu nuela, eta loteria tokatu zaidan sentipenarekin bizi naiz. Estefak guraizeak maisuki astintzen ditu, trinitatearen bigarren erpinari buruz ez dut adierazpenik egingo, eta atarian bi taberna zulo zoragarri dauzkat. Laidak Berndek gobernatzen du, eskola zaharrari leial: Zwickl garagardo harrigarriaren bila datozen eliztarrekin tragoak eta zigarretak partekatzen ditu, eta pertsiana berak altxatu eta jaisten du, egunero. Cafe Ole-n, Sezer gormutu maitagarriak bere espresso bortitzak eta azenario tarta zoragarriak zeinu hizkuntzan nola eskatu behar dizkiogun erakusten digu, ahotsa eduki bai baina horrelako tratua taxuz eskertzen ez dugunoi.

Atea gurutzatzen dudanean biek egitekoari utzita nigana hurbildu eta eskua ematen didaten bakoitzean, azaroko lehen hozkirriekin aitak tximinia piztu eta bertan egindako oilasko hegoak familia giroan afaltzen dituguneko gorputzaldi berbera jartzen zait.

Leave a Reply

Your email address will not be published.