Astea bete musika

Musika Astea

Pasaia

Pasaiako hainbat txoko musikaz beteko dira gaurtik hilaren 30era arte: Antxoko Musika Astea antolatu du beste urte batez Pasaitarrak Musika Elkarteak. Guztira, zazpi kontzertuz gozatzeko aukera egongo da; gehienak Pasai Antxoko elizan izango dira.

Ken Zazpi taldeko Eñaut Elorrietaren saioa izango da lehena, gaur, 20:30ean, Antxoko Kultur Etxean. Bakarkako lehen lana iaz kaleratu zuen gernikarrak, Deserriko kantak (Elkar); horretan, Joseba Sarrionandia, Mario Benedetti, Harkaitz Cano eta beste zenbait idazle eta poetaren hitzak jaso ditu.

Bihar bikote baten emanaldia entzun ahal izango da: Haizea Muñoz sopranoa eta Ana Belen Garcia piano jotzailea elkarrekin ariko dira, 20:00etan, elizan. Dagoeneko ekitaldi ugaritan jardun dute batera, eta, besteak beste, Donostiako Musika Hamabostaldian eman dute kontzertua bikote moduan.

Herriko abesbatzen txanda

Pasai Antxoko elizak hartuko du igandeko saioa ere, 19:30ean. Kasu horretan, herriko bi abesbatzak kantatuko dute: Pasaia Abesbatzak eta Pasaia Gazte Abesbatzak. Lehenak hogei urteko ibilbidea du —iaz bete zituen—, eta 18 eta 30 urte bitarteko gazteek osatzen dute; bigarrena, berriz, nerabeen abesbatza da.

Astegunetako atsedenaren ondoren, hurrengo ostiralean jarraituko dute emanaldiekin. Hilaren 28an Musikeneko hari laukotearen txanda izango da, Pasai Antxoko elizan, 20:30ean. 2001ean goi mailako musika ikastegia zabaldu zutenetik, askotariko taldeak sortu dira, eta hainbatek izan du Antxoko Musika Astean parte hartzeko aukera. Aurten ere, Musikenen aritutako beste musikari batzuen saioak entzun ahalko dira: Ibon Irijoaren jazz konboa hilaren 29an izango da, 20:30ean, kultur etxean.

Musika astea amaitzeko, beste bi kontzertu prestatu dituzte. Bata Pasaiako Illunbe Musika Bandaren eskutik helduko da, hilaren 30ean, 13:00ean, Pasai Antxoko Zumardian; bestea, berriz, Oñate Txiki abesbatzak emango du, egun berean, 19:30ean, elizan.

Leave a Reply

Your email address will not be published.