Pazientzia osoz zain dagoen belazearen moduan, udaberrian sartu orduko loratu da. Eta loraldi horrek abentura berri batean murgiltzera eraman gaitu ezinbestean; bost aktore, blog bat eta hamaika kontu. Taula gainetik izena du Ttalaka kultur elkartearen blog berriak; izenburuak berak arras nabarmen ageri du zertaz arituko garen, taula gaineko kontuak eta komeriak izango dira protagonista. Baina baita taula atzeko bizipenak ere, edota kamera arteko esperientziak. Idatziez gain, argazkiak edo bideoak ere jarriko ditugu blogean; batzuetan, hitzekin ezin da adierazi momentu batek sortzen duen emozioa; agian, momentu hori irudi bakar batean azal daiteke. Eta nola ez, polita da bidea eta gogoetak norbaitekin partekatu ahal izatea.
Arkaitz Gartziandiak, Egoitz Sanchezek, Dorleta Urretabizkaiak, Sara Cozarrek eta bostok osatutako talde ero-formala, bakoitza bere kontuekin, eta norbera bere burutazioekin. Blogaren bazterrak kuxkuxeatu nahi dituenaren zain egongo gara.
Beldurra sentitzen da, batzuetan, zapaldu gabeko bide berrien aurrean, baina lehenengo pausoa eman orduko ihes egiten du beldurrak —bazenekiten beldurra beldurtia dela? Aurre egin orduko koldartzen da—. Eta zapla, blogariak gara! Horren alderik atseginena, jendeari gure lanaren beste aurpegi bat erakutsi ahal izatea, antzokiko oholtza gainean ikusten ez duten hori hitzetan —edo argazkietan— adieraztea. Eta lanik zailena, nire kasuan, behintzat, informatikarekin bakeak egitera behartuta egotearen etsipena. Traketsa naiz teknologia kontuetan, baldarra erabat, eskuetan ur irakinez betetako edalontzi bat izango banu bezala sentitzen naiz ordenagailuko pantailan abisu txikiena azaltzen zaidan bakoitzean. Baina horretan ere ikasiko dugu, ze erremedio! Gure intentzioarekin eta blogaren sortzaile diren Arkaitzen eta Jokinen pazientzia amaigabearekin —amaigabea izatea espero dut, bestela gaizki gatxink— lan bikaina egingo dugulakoan nago.
Euskal kulturaren alde bultzada bat, kultura sortzen eta kontsumitzen duen herria garelako. Zuk zaindutako baratzeko tomateak jatea bezalakorik ez dagoelako. Udaberria hemen da, eta egin dezagun geure baratzea. Aisialdia euskaraz bizi nahi? Ttalaka.
Leave a Reply