“Gauzak asko aldatu badira ere, bide luzea dago egiteko”

Errenteriako Mariasun Landa sarietan irabazle izan da Rosario Perez del Pecho (Pasai Donibane, 1966); zehazki, Emakumeen Begirada Onenaren Saria eraman du, Una carrera de fondo lanarengatik (Bide luzeko lasterketa). Istorio horren protagonista bera da. Don Bosco ikastetxean aukeratu zuen espezialitatean —Industria Elektronika— lehenengo emakumea izan zen, eta ikasten aritu zen urteetan gainditu behar izan zituen oztopoak kontatzen ditu.

Nolatan aukeratu zenuen Industria Elektronika espezialitatea ikastea?

Ez neukan oso argi. 12 urte nituen. Krisi nahiko gogorra izan zen garai hartan, eta lan munduan ateak irekiko zizkidan zerbait ikasi nahi nuen. Garai hartan Industria Elektronika jende askok aukeratzen zuen. Nik beste edozer bainoago, irtenbide profesionala neukan buruan. Industria Elektronika eskaintzen zuen Don Boscok, eta nik ondoan ikasten nuen. Eskaera gehien zuen espezialitatea zen, eta ia ziurra zen lana izanda irteten zinela.

Behin espezialitatea aukeratuta, jendeak zer esaten zizun?

Kontakizunean azaltzen dut. La Anunciata ikastetxean ikasi nuen. Mojek galdetzen ziguten ea zer egin nahi genuen bukatzerakoan. Nik zer ikasi nahi nuen kontatu nuen, eta harrituta geratu ziren. Ikaskide batzuek esaten zidaten: ‘Ba al dakizu non sartuko zaren? Gizon gogorrenaren lagun izan beharko duzu; bestela, arazoak izango dituzu…’. Nik esaten nuen, ‘ezin du izan’; garai bateko pelikula bat bezala zela iruditzen zitzaidan. Nik pentsatzen nuen, ordea, irtenbide profesional hobea bazeukan ez nituela zertan ateak itxi komentario horiengatik.

Nola gogoratzen duzu klaseko lehen eguna?

Industria Elektronikoko laborategia erakutsi ziguten. Begiratzen nuen ea neskarik ikusten nuen, denak zirelako mutilak. Kontrastea handia zen: nesken eskola batetik, mutilen eskola batera. Hortik gutxira, zurrumurruak entzun nituen neska bat klasean zegoelako.

Gelan beste bat gehiago zinen edo bestelako harreman mota bat zenuen gelakideekin?

Klaseko lehen egunean, ez genuen elkar asko ezagutzen, besterik gabe arreta pizten zien neska bat ikusteak. Denborarekin, ordea, hainbat gelakideri ez zitzaien gustatzen ni hor egotea. Espezialitatea gizontasunarekin lotuta zegoela zeukaten buruan, eta nik horri ez nion zentzurik ikusten. Gizartearen eragina zela uste dut, etxean-edo buruan sartu zietela emakume batek ez zuela espezialitate horretan egon behar.

Irakasleekin zein harreman zeneukan?

Irakasleekin oso ondo. Lehenengo emakumea izan nintzen, baina entzuna neukan beste emakume batzuk ere sartzen saiatu zirela, baina ez zutela lortu, ez zutelako azterketa gainditu. Ez nuen arazorik izan.

Ikasten aritu zinen bost urteetan, zein izan zen esperientziarik txarrena?

Kirol arloa izan zen okerrena; gaitz erdi lehenengo bi urteak bakarrik izan zirela. Ikusten nuen beste ikasgaietan ez nuela inongo arazorik, baina gorputz hezkuntzan bai. Hainbat proba egin behar ziren, oso gogorrak, eta zailtasun ugari izan nituen. Urteetara jakin nuen 5.000 metroko proba 3.000 metrora jaitsi zutela neskentzat, baina hamar urte pasatu behar izan ziren.

Behin espezialitatea bukatuta, egoera hori lan mundura pasatu zen? Zure gelakideen aukera berberak izan al zenituen lana aurkitzeko?

Ez zidaten aukerarik eman. Praktikak egin nituen, baina esango nuke bakarrik izan zela enpresak trukean dirua jasotzen zuelako. Euskotrenen sartzeko bakarrik balio izan didate ikasketek. 1992an hasi nintzen lanean makinista gisa. Hor ere lehenengotariko emakumea izan nintzen. Hortaz, lanean ari naizen enpresaz gain, ez dut aukerarik izan.

Zergatik izan zen: diskriminazioagatik edo arrazoi jakin batengatik?

Irakasleek gomendatu ninduten praktikak egin nituen enpresan. Mutila banintz aukera gehiago izango nituzkeela uste dut; oker ez banago, irakasleek esan zidaten enpresak berak galdetu ziela ea gizonik bazegoen. Irakasleek erantzun zioten egokia ni nintzela lanpostu horretarako.

Gaur egun zuk bizitako egoera errepikatzen al dela uste al duzu ikastetxeetan?

Ez, ez. Gauzak asko aldatu dira alor guztietan. Oraindik sektore batzuk geratzen dira, baina, oro har, ez. Emakumeok ziurtasun gehiago daukagula uste dut, eta garai bateko arrastoren bat geratzen baldin bada, oso txikia da. Espezialitate batzuk gogokoago dituzte neskek, eta beste batzuk mutilek, baina espezialitatea dena dela, kontua da sexua ez izatea muga bat.

Eta lan munduan?

Ez nago oso jantzia, baina iruditzen zait oraindik badaudela desberdintasunak, batik bat zuzendaritzetan.

Zergatik erabaki zenuen zure kasu propioa kontatzea Mariasun Landa Sarietara aurkeztu zenuen lanean?

Hasteko, gogo asko neukalako kontatzeko. Ondoren, lehiaketaren oinarriak irakurri nituen, eta ikusi nuen nire istoriora moldatzen zirela. Dirudienez, asko gustatu zaio epaimahaiari; ez nuen halakorik espero.

Uste duzu zure istorioa baliagarri izan daitekeela halako egoerak berriro errepika ez daitezen?

Hala uste dut. Printzipioz, kritika sozial gisa bideratu dut. Izan ere, gauzak asko aldatu badira ere, bide luzea dago egiteko. Aipatu bezala, zuzendaritzetan aritzeko emakume asko daude trebatuta, baina askotan baztertu egiten dira. Iruditzen zait oraindik denon artean gauza asko ditugula garbitzeko.

Lana idazterakoan, nola gogoratu duzu gertatutako guztia?

Hainbat gauza bizitu izan ditut berriro. Urteak pasatuta, hainbat gauza gainditu ahal izan ditut. 12-13 urterekin hasi nintzen, eta 17-18 urterekin bukatu, eta jendeak esaten zidan odol hotza izan behar nuela horri guztiari aurre egiteko. Behin hasita, argi neukan aurrera atera behar nuela, baina ezin izan nuen guztia digeritu. Orain, ordea, onartu ahal izan dut.

Leave a Reply

Your email address will not be published.