Lehen, iristen nintzen; orain, ez”. Eskuetan duen paperari begira, lanera joateko hartu beharreko autobusaren ordutegia du hizpide herritar batek Ordizian. Trenaren joan-etorrietara egokitu dituzte ordutegiak, eta, ondorioz, ez da lantokira 07:50erako heltzen. Aulkiz osatutako borobil batean, euren iritzia ematen ari dira hainbat lagun udaletxean, autobus zerbitzua berritzeko diputazioak prestatu duen aurreproiektuaren inguruan. Gipuzkoako Foru Aldundia aste honetan hasi da herriz herri proposamena aurkezten; guztira, bost eskualde eta 56 herri igaroko ditu, ekarpen gehiago jasotzeko asmoz. 2015erako izan nahi dute zerbitzu berritua martxan.
Proposamenaren gaineko proposamenak egiteko momentua da. Dagoeneko herritarrek izan dute aukera euren eskakizunak egiteko, aurreproiektua osatu aurretik ere hainbat bilera egin baitituzte eurekin. Lehen fase horretan, ordutegiak zabaltzea, zenbait lineatan zerbitzu gehiago jartzea eta herrien arteko loturak hobetzea izan dira, oro har, eskaera nagusiak. Eskari horietako zenbait txertatu dituzte; beste hainbat, berriz, alde batera geratu dira oraingoz.
Goierriren kasuan, Donostiara joateko aukera gutxiez mintzo dira: “Ospitalean lan egiten dut. Autoetan joateko batzen gara, eta ikusten dut jende asko elkartzen garela”. Antiguara lanera doan beste parte hartzaile bat ere bat dator harekin: “Trenez joanda, denbora asko galtzen dugu”. Iritzi bilketaren lehen fasean eskatu zuten Donostiarako zerbitzu hori jartzea, baina aurreproiektuan jaso ez izana hala arrazoitu du Xabier Lertxundik, aldundiko Mugikortasun eta Bide Azpiegituretako Saileko ordezkariak: “Mugikortasun datuen arabera, eskasa da mugimendua Donostiarako bidean”. Hala erakusten dute Eusko Jaurlaritzak 2011n egindako inkesta baten datuek: eskualdean egiten diren mugimendu guztien %61 Goierri barruan egiten dira; Donostiara, %2,8 besterik ez.
Garraio arteko moldaketak
Aldundiko ordezkarien azalpenetatik aparte, bilerara biltzen direnek ere lagun diezaiokete zalantza duen horri. Hala proposatu diote Antiguara lanera joaten den neska bati: “Uste dut aukera onena trena hartu eta Andoainen jaistea daukazula, han gero autobusa hartzeko”. Beste eskualde batzuetan egin duten bezala, Goierrin ere linea batzuetako ordutegiak moldatu dituzte, garraio batetik besterako aldaketak posible izan daitezen—trena eta autobusa, kasu honetan—. Dena den, erabiltzaileek kezka agertu dute, ordutegien artean dagoen tarte txikiak eta errepideko gorabeherek ez ote duten baldintzatuko trenera iritsi ahal izatea. Egokitzapen horrek ere beste galdera bat aireratu du: “Eta Renfen aldaketak baldin badaude?”. Hala erantzun du Lertxundik: “Egiten dute, eta inori abisatu gabe”.
Herri txikietatik ikastetxe eta institutuetara joateko bideez ere hitz egin dute. Autobus pribatua jartzeak “dirutza” dakar ikastetxearentzat, eta horren ordez zerbitzu publikoa erabiltzeko proposamena jarri dute mahai gainean. Ordutegiak sarrera orduetarako egokiak izango balira alternatiba aproposa litzatekeela uste dute. “Publikoa den heinean, edonork du erabiltzeko aukera. Ahal dugun neurrian, saiatuko gara egokitzen”, dio Lertxundik. Haren hitzei babesa emanez hartu du hitza Aintzane Lauzirika aldundiko teknikariak: “Ordutegiak ez dira finkoak. Hau behin-behinekoa da, eta egokitu daiteke”.
Eskualdeari dagokion proiektuaren barruan beste bi proposamen jaso ditu aldundiak. Batetik, inguruko herrietako jaietara joateko zerbitzua ezarri nahi dute; horretarako, mankomunitate eta udalekin elkartuko dira bakoitzaren jai egutegia zehazteko. Bestetik, orain martxan dagoen gauetako zerbitzua zabaldu nahi dute. Hala eta guztiz ere, orokorrean eskualdean duten zerbitzuarekin kritiko agertu da parte hartzaileetako bat: “Ikusten dut Tolosan, Bergaran hobeto daudela; marjinatuta sentitzen naiz”. Uste du lurraldean “dirutza” gastatzen dela autobus zerbitzurako, baina Goierrin ez dutela horren ondoriorik nabari.
Erabilera sustatzea
Goierri inguruan ez ezik, Urola Kostako eta Debabarreneko zenbait herritan ere izan dira aste honetan aldundiko ordezkariak; Beasain, Lazkao, Ataun, Segura, Zarautz, Getaria, Orio eta Mendaro bisitatu dituzte. Ordutegiak eta oro har zerbitzua berritzearekin batera, ezinbestekoa ikusten dute erabilera sustatzeko neurriak hartzea, bai aldundiko ordezkariek, baita erabiltzaileek ere. “Aparkalekua daukazue lantokian?”, galdetu dio Lauzirikak parte hartzaileetako bati. Baiezkoaren atzetik, hala jarraitu du: “Horrela inork ez du autobusa hartuko”. Horrez gain, zerbitzuaren inguruko “informazio falta” egon daitekeelakoan daude herritarrak. Lertxundik dioenez, komunikazio alorrean “hobetzea” da euren asmoetako bat, hain justu.
Erabilera handitzeko helburu horri tiraka, Mugi txartela ere izan dute hizpide. “Hainbat udal” inplikatu dira Mugi txartelaren salmenta bultzatzeko; ez, ordea, beste batzuk. Goierriren kasuan, “deigarria” iruditzen zaio Lertxundiri salmenta toki gutxi egotea. Erabilera igotzeko, lagungarria izan daitekeen proposamen bat egin diete udaletako ordezkariei: Mugi txartela udaletxeetan saltzea.
Azpiegitura egokiak izateak ere balio dezake erabiltzaile gehiago izateko. Hori horrela, autobus aterpeak identifikatzeari ekin dio diputazioak. Berez, udalena da eskumena, eta haiei dagokie aterpeak behar bezala edukitzea, baina kasuak eta kasuak daude: “Konturatu gara udal bakoitzak ezberdin funtzionatzen duela”. Horregatik, inbentarioa egiten hasi da aldundia geltoki guztiekin, eta amaieran plan bat osatuko du.
Aurreikusi dutenez, diputazioak bere gain hartu beharko ditu horietako batzuk, herri artekoak, batik bat. Hala ere, zenbait errepidetan autobus aterpeak jartzeak zailtasunak dakartzala gogoratu du Lertxundik, “errepidea estua delako”, edo beste hamaika arrazoirengatik.
Prozesua, “interesgarria”
Lertxundi eta Lauzirikarekin, prozesuan parte hartzen ari diren Nola kooperatibako eta Goieki agentziako ordezkariak ere izan dira Ordizian. Herritarren eskaerak jaso ondoren, autobus zerbitzua berritzeko prozesuaren gaineko iritzia eskatu diete. Guztiak bat datoz: “oso interesgarria” izan da.
Baloratu egin dute herritarrek ekarpenak egiteko aukera izatea, haiek baitira benetan zerbitzua erabili behar dutenak. Gainera, lehen fasean proposatutakoak aurreproiektuan sartu izana ere aintzat hartzekoa da, haien arabera. Bileretara joan ez direnentzat ere utzi dute mezua: “Gero isilik egon beharko dute”. Zerbitzua martxan jarri aurretik beste behin bilduko dira aldundiko ordezkariak herritarrekin: eskualde mailako bileretan izango da, azken proiektua aurkezteko.
Leave a Reply