Hasi berri dute Bidania-Goiatzen Gipuzkoako III. Gurpil Aulkiko Gomazko Paletako Txapelketa. Zortzi kirolari ari dira lehian, bikoteka; guztiak, Usurbilgo pilota elkartekoak: Hilario eta Edorta, Aizpe eta Beñat, Iñaki eta Aingeru eta Edurne eta Jurgi. Joan den larunbatean jokatu zuten lehiaketako aurrenekoa.
Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioak eta Gipuzkoako Kirol Egokituen Federazioak elkarlanean antolatu dute txapelketa. 2006-2007an sortu zuten gurpil aulkiko paleta kirola. “Beste kirol batzuk egokitzen ari ziren, eta pilota Euskal Herriko kirol bat izanda, kirol egokitua sortzeari ekin genion. Hala, palakoa urritasun fisikoa dutenentzat moldatu genuen”, azaldu du Jurgi Olasagasti bi taldeen entrenatzaile eta Gipuzkoako Kirol Egokituen Federazioko ordezkariak.
Hasieran, aisialdiko jarduera fisiko moduan jarduten zuten palan. Baina, pixkanaka, txapelketetara animatu ziren. “Erakustaldiak egiten, partidak eta lehiaketak jokatzen hasi ginen pixka- naka. Orduan, nola arautu genezakeen pentsatzen hasi ginen, bikoteak orekatuagoak izateko. Urritasun fisikoen arabera, muga desberdina da. Beraz, urritasun fisikoaren eta joko mailaren arabera oreka bilatuz osatzen ditugu bikoteak”. Gurpil aulkiko palako arautegiaren oinarria palarena da, baina aldaketa batzuk ere egin dizkiote: tresna aldetik, pala eta pilota arinagoak dira, pisuagatik. “Eskuarekin bakarrik ibiltzen direnez, ezin da jokatu bestela”. Sakea hirutik bira da, eta laua pasa da. Berezitasun nabarmenena, berriz, bi bote eman daitezkeela da.
Hasieran jokalari gutxi zirenez, eurek sortu behar izan zuten arautegia: “Araudia guk geuk sortu genuen. Horregatik, arautegian edozeinek joka zezakeela gehitu genuen. Beraz, urritasun fisikoa ez dutenek ere joka dezakete. Kirol egokitu bakarra da inklusiboa dena: gizonek eta emakumeek denek nahastuta jokatzen dute, urritasuna izan edo ez”. Hala ere, lehentasuna urritasuna daukatenek dute.
Baina kirol hori “oso garestia” da: “Aulkiek diru asko balio dute. Kirol hau egiten duen jende asko izatea ona litzateke, baina horrek atzetik azpiegitura handi bat eta, batez ere, diru asko behar du”.
Beñat Lizaso da txapelketako lehiakideetako bat. Bost urte daramatza gurpil aulkiko palan jokatzen; gehientsuenek denbora hori daramatela dio. Pilotan jokatzeak askatasuna ematen dio: “Gehientsuenok lesio fisiko handiak dauzkagu, eta hau guretzat terapia bat da. Guri kirol honek askatasun handia ematen digu: biratzeko, aurrera-atzera… Palak hori ematen digu, eta baita lagunartean kirola egiteko aukera ere. Ondo pasatzeaz gainera, lehia puntua ere badu, galtzea ez baitzaigu gustatzen. Polita da”. Txikitatik erakarri du pilotak, eta horretarako aukera eman dio gurpil aulkiko palak.
Konplikazio askorik gabeko kirola da, Lizasoren ustetan: “Guri erraztasunak emateko egokitu dute, beste kirol batzuk bezala”. Hala ere, duten lesio fisikoaren araberako mugak dituzte: oreka, balantza, indarra eta mugikortasuna. Hala dio Andoni Aizpeolea Aizpe-k, Gipuzkoako txapelketan Lizasoren bikotekidea denak: “Lesio larriagoak ditugunok oso mugikortasun eta oreka gutxi daukagu. Horrek eragin handia du jokatzeko orduan; asko mugatzen gaitu abiaduran, mugimenduan, indarrean. Gerriarekin ez da ezer egiten”.
Irabaztea, bigarren mailan
Muga fisikoak ez ezik, norberaren izaerak ere badu zerikusia, Aizperen ustez: “Batzuk oso lehiakorrak dira, eta beste batzuei hori ez zaigu hainbeste gustatzen. Nik beti kirol asko egin dut, baina bai bizitzan eta bai kirolean lehiakortasuna ez dut inoiz gustuko izan”. Hala ere, lagunarteko lehiak tentatzen du: “Beti da atsegina irabaztea, baina galtzeak ere ez dit batere molestatzen”.
Beste kirol batzuk ere egiten dituzte; Lizaso, esaterako, bizikletan ibiltzen da. 2012an Espainiako txapelduna izan zen pista estalian. Baina ondoren, eroriko bat izan, eta izterrezurra hautsi zuen. Orain, saskibaloia probatu nahi du, “aulkiari maina pixka bat hartzeko”. Iaz hastekotan egon zen, baina denerako dirua ordaindu behar dela dio: “Nik 47ko elbarritasuna daukat, eta laguntzarik ez dut. Kirol batzuk egiteko gauza asko ordaindu behar izaten dira: belodromoa, kiroldegia, segurua… Baina polita da, eta, kirola egitea gustatuz gero, ez dago besterik”. Aizpe, berriz, esku bizikletan ibiltzen da, Lizartza inguruan, Alegi aldean, Urbasan eta Araban. “Astegunean eta zirkulazio gutxi dagoen tokietan ibiltzen naiz”.
Usurbilgo pilota elkartekoak dira denak, baina guztiak ez dira usurbildarrak: tolosarrak daude, soraluzetar bat, bidaniar bat… Ostegunetan Zubietan entrenatzen dira, eta txapelketako jardunaldi bakoitzean, bikote denek denen kontra jokatzen dute. Partida gehienak lehiakideen herrietan jokatzen dituzte; aurten, aurrenekoz jokatu dute Bidania-Goiatzen.
Usurbilgo taldeaz gain, Errenterian badago beste talde bat, Mindara elkartetik sortutakoa. Baina hasiberriak dira. “Aulkian jokatzen dute haiek ere, baina txapelketan ez dute parte hartzen, aurten hasi direlako eta txapelketa jokatzen ari direnekin konparatuta maila aldetik oraindik berriak direlako”, esan du Olasagastik. Gipuzkoako txapelketan parte hartzen ari direnek hainbat urte daramatzate jokatzen, eta “nahiko maila ona dago”.
Leave a Reply