Hau poza! Goizean esnatu, eta gosaldu bitartean egunkaria irakurtzen hasi, eta hara non egin dudan topo, Aitziber Garmendiaren Etorri da Joxepa idatziarekin. Izenburuak erakarrita, irakurtzeari ekin diot, eta nola esan… barruan sortutako zirrarak egun guztirako pozez bete nau. Pozgarria da jendeak horrelako oroitzapenak barruan gordeta daramatzala entzutea. Batez ere, gu bezalako bikote gazte batek bizitza baserrian finkatu nahi dugunean.
Orendaingo bikote gazte bat gara. Etxe honetakoek betidanik izan dute baserria lanbide —beste etxe askotakoek bezalaxe Euskal Herri osoan—. Orain, behien esnearekin jogurtak eta izozkiak egiten hastekoak gara berehalaxe, eta bide luze eta zail horretan beti izango dut gogoan Joxepa! Ja, ja, ja…
Egia da min handia ematen didala azkenaldian moda kontu hori dela-eta darabilten zurrunbilo itsusi hori ikusteak eta entzuteak; baina egia da min handiagoa ematen didala, jendearen ezjakintasuna kontuan izanda, gauzak irensteko duten erraztasunak. Batzuei ez zaiela komeni, besteei ez zaiela gustatzen, edo nahiago dutela Coca-cola, edo gizendu egiten duela, alergiak ere hor daude…
Noski, hori da errealitatea, baina orokortasun batean esnea txarra dela? Hori esaten duena Aitziber Garmendiaren idatzia irakurtzera gonbidatuko nuke. Eta ondoren berriz egin galdera: esnea txarra dela?
Bueno, idatzitxo hau baliatuz, gure eskerrik beroenak proiektu honetan sinistu eta parte hartu duzuen guztioi. Zuen laguntza ezin bestekoa izan delako! Eta nola ez, omenaldi txiki bat Euskal Herriko baserritarrei!
A, ia ahaztu zait, gu Larreta baserrikoak gara, gure esnekiak dastatu nahi dituena… Ongi etorri! Ezin ahaztu Aitor Esnaola eta gainontzekoak. Leire Lizeaga.
Leave a Reply