Neska mutilatuak

Azkenaldian ablazioaren gaiak bazterrak harrotu ditu, Bartzelonako Unibertsitate Autonomoak (UAB) egindako ikerketa batek lehen lerrora ekarri baitu gaia. Migrazio mugimenduak direla-eta, Europako herrialdeetan hazi egin omen da ablazioaren praktika, besteak beste, Saharaz hegoaldeko migrazioak gora egin duelako. Genital mozketa hori sufritzeko arriskuan omen dira Espainiako estatuan 17.000 neska gazte, gutxi gorabehera. Eta horietatik 1.329 dira Hego Euskal Herrian egitekoak. Adriana Kaplanek, ikerketa txostenaren egileak, prebentziorako kanpainak abian jartzeko premiaz jardun du, eta genital mozketak dakartzan osasun arazoak gogora ekarri. Mendebaldeko hainbat pentsalari eta osasungile erritu horrekin aztoratu egiten dira —ulertzekoa!—, baina Mendebaldean ohikoak diren genital mozketak edo genital ebakuntzak ez dituzte aipatu ere egiten, eta ikusezin bihurtzen. Intersexualei praktikatu ohi zaien ebakuntzez ari naiz, jakina.

Duela hiruzpalau hilabete Alemaniak hizpidera ekarri zuen intersexualen auzia. Australiak harturiko bideari segika, Alemaniak legez arautu zuen indeterminate sex. Sexu indeterminatu deiturak, ordea, sexu jazarpena dakar: arautzat baititu sexu determinatuak, eta anormaltasunaren ikurtzat edozein anbiguotasun. Angel Erroren Neska mutilatua poemak trebetasunez adierazi bezala, haurrak krudelak dira —helduongandik ederki ikasita—, eta bizkar ematen diete neska mutilatuei: “(…) Auzoko haurrek kasu ez diote/ egiten [neska mutilatuari]. Hain dira krudelak haurrak / Harekin joatea saihesten dute/ eta amen altzoetara doaz /amak esplika diezaien/ neska mutilatuak ez direla/ existitzen, ez mutil neskatuak”. Bizkar ematen zaio anbiguotasun generikoari.

Edonola ere, lege horrek intersexualak ikusgarri egin zituen: batetik, komunitate intersexualaren tamaina egin zen ikusgarri —Alemanian 85.000-100.000 pertsona—; eta, bestetik, Mendebaldeko medikuntzaren praktikak gogora ekarri zituen: intersexualei jaioberritan genitalak moztu ohi zaizkie edo bestelako ebakuntzak ezarri, genero identitate eztabaidaezina esleitzeko, hau da, emakume ala gizon izendatzeko. Ikusezin egin ohi dira halakoak, eta, batik bat, ebakuntza osteko ondorioak: bizi osorako hormona irensle bihurtzea, osasun arazo korapilatsuak. Kathleen Winterren Annabel nobelak, Josu Zabaletak euskaraturikoak, ikusgarri egiten du ibilbide korapilatsu hori, pertsona baten hazkuntza baitu kontagai.

Hortaz, jada 1990eko hamarkadan Cheryl Chasek salatu bezala, ablazioaz hitz egiterakoan handia da Mendebaldeko kulturaren gurasokeria, egun ere.

Leave a Reply

Your email address will not be published.