Etxea zimenduetatik egin behar da”. Urko Egea donostiarra ari da hizketan; buruan ez ditu, ordea, adreilua, porlana eta hormigoia. Egitura aipatzen duenean, snowboard egokituaren barrunbeak ditu hizpide: “Protesia ondo egokitzea da oinarria, gero finkagailuak, taularen posizioa…”. Pauso horiek eta hortik aurrerakoak ematea, baina, ez zaio nahi bezain erraza izaten. Aitor Puertas oiartzuarrarekin batera, Sotxiko Paralinpiar Jokoetan (Errusia) izan da Egea, snowboard proban lehiatzen. Biek diotenez, zailagoa izan zaie parte hartzera iristea, han lehiatzea baino, traba ugari gainditu behar izan baitituzte. “Ea hurrengo lau urteetan gutxieneko egitura bat dagoen, interesa duen edonork proba dezan”.
Bata zein bestea gogor aritzen dira entrenatu ahal izateko. Egea Vaqueirako teknifikazio zentrora joaten da; lana eta entrenamenduak uztartzeak “ahalegin handia” eskatu diote azken lau urteetan. Puertasek, aldiz, AEBetan egin du prestakuntza azken urte eta erdian, neguko kirol egokituak biltzen dituen gune batean. “Horrek familiatik urrun egotea dakar, dirua…”. 2013ko urtarrilean hasi zen snow egokituan, eta handik aste gutxira lehiatu zen lehenengoz nazioarteko proba batean.
Egea 16 urterekin hasi zen snowean, autodidakta moduan. Txikitatik izan du gustuko, eta, errepide istripua izan ondoren, 2011n parte hartu zuen lehen aldiz nazioarteko proba egokitu batean. “Banekien istripuaren ondoren fisikoki hobetzen joan ahala itzuliko nintzela, lehenago edo geroago”. Hala ere, “bidea irekitzea” egokitu zaio, aurretik ez baitzegoen ez talderik, ezta lehiatzen zen kiderik ere. “Zure urritasuna egokitu behar duzu oholtzara, zirkuitua egitera, baina atzera begiratuta zailagoa izan da administrazio aldetik-eta izandako trabei aurre egitea, snowboarda bera baino: zailtasunak lehiaketetara izena emateko, adibidez”.
Snowboard egokituaren eraikinak pieza asko ditu kolokan. Hala zerrendatu ditu Puertasek: “Informazioa beharko litzateke lehenik. Horrez gain, falta da snow egokituko entrenatzaile bat Espainiako taldean. Niri ez dit balio hanka zurrun jartzen duen entrenatzaile batek, ikusteko ea nik nola egiten dudan, protesi batekin ez da gauza bera. Eta falta da zirkuitu bat. Lehiaketara iristen gara, eta bakarrik egun batzuk lehenago aritzen gara pistetan. Beste taldeek negu guztia daramate praktikatzen, baita uda batzuek ere”. Gainerako herrialdeetako kirolarien aldean eurek duten desabantaila aipatu dute; besteek dituzten teknikoak, entrenatzaile “oso onak”, urte osoko entrenamenduak, pista egokituak, taula egokituak…
Alde guztien inplikazioa
Paralinpiar Jokoak izan diren garaian, “oihartzun handiagoa” izan du kirol egokituak: “Beste aurpegi bat ikusten diozu, orain arte ikusi ez duzuna”. Egearen ustez, gizartetik eta babesleen aldetik badago inplikazioa kirol egokituarekiko, baina badaude aldatu beharko liratekeen hainbat arlo. Batetik, teknifikazio zentroei dagokienez, uste du “benetan pertsonak inporta zaizkien pertsonek” kudeatu beharko lituzketela: “Vaqueiran jendea ez dago pertsonengatik, ezta kirolarekiko maitasunagatik ere. Behar da inplikatuko den jendea, eta ez kirolaria izatea erreminta bat euren funtsak kudeatzeko”. Bestetik, laguntzak ematen diren arren, ez dira kirolariengana heltzen: “Irits dadila ematen den laguntzaren zati handi bat kirolariengana”.
Arlo ekonomikoari begiratuta, gastua ez da nolanahikoa. Puertasek azaldu duenez, protesi merkeenak 3.500 euro balio du, soilik belaunerako: “Nik negu honetan bi hautsi ditut, eta beste bat erosi behar izan dut, garestiagoa”. Hanka osorako protesiek, berriz, 12.000-15.000 euroko prezioa dute. Oiartzuarrak kalkulatu du bi denboralditan AEBetan egindako egonaldietan 21.000 bat euro gastatu dituela, joan-etorriak eta lehiaketak sartu gabe. Egeak, berriz, Vaqueirako joan-etorriak eta 2011tik parte hartutako lehiaketak pagatu behar izan ditu.
Hilabeteetako “ahaleginari” emandako saria izan da Puertasentzat Sotxira iritsi ahal izatea, “opari bat”. Egea ere bat dator: “Luxua izan da, errealitate egindako amets bat”. Harentzat, gainera, lau urteko bidearen helmuga gozoa izan da: “Hasi nintzenetik bazegoen gogoa helburu komun bat lortzeko: snowboarda kirol egokituaren barruan sartzea. Kirol bat ofizialtzeak, egitura olinpikoaren barruan sartzeak, esan nahi du herrialdeak laguntzak izatea, eta, horrela, kirol horren garapena herrialde horretan azkarragoa da. Oso polita izan da Vancouvertik hona guztion artean eman diogun bultzada”.
Lehiaketa “historikoa” bizi dute, aurten lehenengoz sartu baita snowboard egokitua Paralinpiar Jokoetan. Ahalik eta saio onenak egitera joan arren, “nahiko balentria” egin dute hara iritsita. 17. postuan sailkatu zen Egea; 30. lekuan Puertas. Haiekin batera izan zen Jon Santacana eskiatzaile donostiarra ere; urrezko domina eskuratu zuen jaitsiera proban, eta zilarrezkoa slalomean.
Etorkizunera begira, bide beretik jarraitzeko asmoa dute. Puertasek orain arte zuen nahia betetzeko lanetan segituko du: 2018ko Koreako Jokoetan egotea. Printzipioz, AEBetara joateko asmoa du berriro: “Han daude onenak: protesien sortzaileak, entrenatzaile onenak, pista onenak…”. Egearen helburua Sotxin lehiatzea zen, eta lortu du. Koreara postu hobeago baten bila joateko, lanak ematen dizkion aukerak aztertuko ditu lehenik: “Lanaldiaren murrizketa izatearekin konformatuko nintzateke, gutxienez neguko bi-hiru hiletan”.
Leave a Reply