Ehun. Alegia inguruko zazpi herritan ehun Atarikide berri lortzeko erronka jarri dio bere buruari Tolosaldeko Ataria-k: Abaltzisketan, Alegian, Altzon, Amezketan, Baliarrainen, Ikaztegietan eta Orendainen. Mila baietz!, zatoz euskararen Atariara lelopean, urte hasieran Tolosako Leidor aretoa bete zuen bertso jaialdiarekin abiaturiko kanpainaren bigarren egitasmoa izango da Alegia aldekoa.
Ehun atarikide berrirekin, astero, Atarikide guztiek ostiraleroko aldizkaria etxean bertan jasotzea ziurtatuko litzateke Alegia aldean. Izan ere, gaur egun okinaren bitartez egiten da banaketa, eta, beraz, ogia erosi ezean, ezin da herritar guztiengana iritsiko dela ziurtatu. Horretaz gainera, egunero-egunero Ataria irratia (107.6 FM), Ataria.info webgunea eta Ataria-ren bestelako argitalpenak egiteko behar-beharrezkoa den diru kopuruaren parte handi bati aurre egiteko modua izango litzateke horrela.
Kanpaina horren harira, herri aurkezpenak egiten ari dira herriz herri —bart Amezketako kultur etxean egin zuten—, eta, bestetik, Tolosaldeko Ataria ahalik eta herritar gehienei helarazteko eta egunero egiten den lana ezagutarazteko, maiatzaren 16a arte, ostiraleroko astekaria Alegia inguruko etxe guztietara banatuko da, doan.
Zazpi udalerrien laguntza bereziari esker, herritar guztiei egunero egiten den lanaren berri ematea da helburua. Eta behin asmo hori erdietsita, aurrera begira jarraitzeko beharrezko sostengu ekonomikoa lortzea izan behar luke ondorioa. Hots, Alegia aldean ehun Atarikide berri lortzea.
Irratia herriz herri
Azken konponketa teknikoek emaitza onak eman dituzte, eta, egun, ia Tolosaldeko eskualde osoan ondo entzun daiteke Ataria irratia 107,6 FM-an. Hori ezagutarazteko eta herritarrek irratian zuzenean parte har dezaten ahalbidetzeko, Ataria irratia Alegia aldeko zazpi herritan izango da kanpainak irauten duen bitartean. Ostiralero, zazpi herri horietako batetik egingo da saioa, txandaka.
Joan den astean egin zen lehen irratsaioa Alegiako plazatik bertatik, eta gaur Altzoko udaletxetik egingo da Ataria irratia. Besteak beste, herriko ikastetxeko haurrak, Miren Balerdi alkatea eta beste hainbat herritar igaroko dira Atariaren mikrofonoetatik.
Tolosaldeko Ataria errealitate da joan den urritik. Txolarre irratiak, Tolosaldeko Hitza-k eta Galtzaundi euskara taldeak indarrak batuta sortu den proiektua da. Urte askotako lanaren emaitza izan da Ataria.
Elkarlanaren fruitu
Komunikabide talde bakoitzak bere eremua definitua eta irabazia zuen. Asko lortu zuten eskualdean euskarazko hedabideek, baina, ere berean, argi zegoen bakoitzak berea eginda aurrera begira baino gehiago bereari eusten ari zela. Etorkizunean erreferentzialak izateko urrats sendoak egin behar ziren aurrera, arriskatu egin behar zen, indarrak batu eta elkarlanean arituz.
Ezaguna da, bereziki azken hamarkadan, eta mundu osoan, komunikazioaren sektoreak izan duen etengabeko eraldaketa. Izan ere, Interneten eta teknologia berrien erabilera orokortu izana eragin zuzena izaten ari da hedabideen ohiko negozio ereduan, eta horrek krisi sakona ekarri du tokiko komunikabideen esparrura.
Baina, krisiak krisi, Tolosaldeak behar du euskal hedabideen sare indartsu bat, erreferentziala. Euskararen normalizazioak behar-beharrezkoa du. Eta hori lortzeko ahaleginean abiatu berri da Tolosaldeko Ataria proiektua.
Leave a Reply