Donostia
Gaur hasiko da eliz musikaren zikloa, Donostian. 25. aldia du aurten, eta, guztira, sei emanaldi aurkeztuko dituzte hainbat taldek hiriburuko zenbait elizatan, apirilaren 11ra bitarte. Emanaldi guztietarako sarrera doakoa izango da.
Amara, Ibaeta, Loiola, Aiete, Gros eta Altzako elizek hartuko dituzte saioak. Lehena Iagoba Fanloren eskutik helduko da, gaur, 20:00etan, Amarako Karmeldarren elizan. Bakarkako biolontxelo errezitala egingo du, eta hainbat musikagileren obrak interpretatuko ditu; besteak beste, Bach, Benet Casablancas eta Gyorgy Ligetirenak.
Igandean, Araoz gazte abesbatzaren txanda izango da, Ibaetako Espiritu Santuaren parrokian, 18:00etatik aurrera. Easo abesbatzaren taldeetako bat da, eta 12 eta 17 urte bitarteko neskek osatzen dute. Beste abesbatza batek jarraituko du egitarauarekin; Landarbaso abesbatzak, hain justu. Apirilaren 4an emango du kontzertua, 20:00etan, Loiolako parrokian. Errenterian sortua, gaur egun 49 abeslarik osatzen dute abesbatza, Iñaki Tolaretxipi zuzendari dutela.
Apirilaren 5ean, hirukote baten saioa entzun ahal izango da, 20:30etik aurrera, Aieteko Gurutzeaga elizan. Miren Urbieta Vega sopranoak, Erlantz Fernandez tronpeta jotzaileak eta Arkaitz Mendoza organistak osatzen dute Trio Easo. Hurrengo egunean, berriz, Groseko San Ignazio elizak hartuko du zikloa: Orfeoi Gazteak kontzertu bat emango du, 18:00etatik aurrera. Azken saioa Eskifaia eta Xatz Eskifaia abesbatzen eskutik iritsiko da, apirilaren 11n, 20:30ean, Altzako San Martzial parrokian.
Irabazleen lanak, entzungai
Zikloaren 25. urteurrena ospatzeko, Donostia Kulturak eta Gipuzkoako Abesbatzen Federazioak konposizio lehiaketa bat antolatu dute aurten, eta bi musikagile gazteren obrak saritu dituzte: Juan Manuel Moranen Salbea eta Marta Lozanoren Aita Gurea. Bi lan horiek prestatu dituzte Eskifaia abesbatzako kideek, eta euren emanaldian kantatuko dituzte. Landarbaso abesbatzak ere Aita Gurea obra landu du; Loiolako parrokian entzun ahal izango da.
Leave a Reply