“Gipuzkoako udalen egitura berezia eta konplexua da”

EHUn Enpresa ikasketak egin eta gero, gradu bukaerako lana Gipuzkoako udaletxeak krisialdian gaia hartuta egin du Imanol Ormazabalek (Donostia, 1991). Hamabi udal oinarri hartuta osatu du lana: Altzaga, Pasaia, Elgeta, Ataun, Villabona, Hernani, Zumaia, Zaldibia, Gaintza, Urretxu, Azkoitia eta Aretxabaleta. 2008tik 2012ra arteko epea aztertu du.

Zein irizpideren arabera aukeratu dituzu hamabi udal horiek?

Udal Finantzaketarako Foru Funtsa da udalek beren gastuei aurre egiteko aldundiaren bitartez jasotzen duten dirua. Aurrena aurreikuspen bat egiten dute. Baina, gero, likidazioa datorrenean, zenbait aldaketa izan ditzake. Ondorioz, gerta liteke udalek diru kopuru jakin bat itzuli behar izatea. Azken urteetan, udalek itzuli egin behar izan dute, aurreikuspenak ez direlako bete. 2011n ere horrela izan zen, eta, aukeratu ditudan hamabi udal horiek kreditu bat eskatzea erabaki zuten diru hori itzultzeko, denek baldintza berberekin. Horregatik aukeratu ditut. Lana zentratzeko, zailtasun baten aurrean egon zitezkeen udalak identifikatu nahi izan ditut. Uste horrekin abiatu nuen lana. Bestela, Gipuzkoako 88 udalak lantzea gehiegi da.

Lanean aztertutako epean krisiak eragin handia izan al du udaletan?

Krisiaren eragina urtez urte ikusten da. Baina 2009a nabarmenduko nuke. Udal Finantzaketarako Foru Funtsa udalentzako diru sarrera oso garrantzitsua da, eta 2008an 404 milioi euro banatu ziren udal denen artean; baina, 2009an, 345 milioira murriztu zen. Gainera, 2009an aurreikusitakoarekiko diferentzia nahiko handia izan zen: %20-22 ingurukoa. Beraz, udalek diru gutxiago jaso zuten, eta, gainera, nahiko diru itzuli behar izan zuten. Orduan, diru hori bi urtetan itzultzekotan gelditu ziren. Horrek zer eragiten du? Aurretik aurrekontu batzuk zituzten, baina urrian sarrerak %10 gutxiago izango zituztela jakin zuten. Aurrekontuak egiterakoan, beti tarte batekin jokatzen da, baina agian ez %10eko alde batekin. Beraz, sarrerak murriztuta, aurreikusitako inbertsio batzuk ezin zituzten egin, edo zorpetze maileguak hartu behar izan zituzten, edo, bestela, diru soberakina erabili behar zuten. Horrelako egoerak eman dira, eta udal bakoitzak bere erabakia hartu du.

Zuk aztertutako udalen artetik, zein dago okerren?

Bakoitzak bere egoera dauka. Baina, aukeratu ditudanen artetik, Aretxabaletan, Azkoitian eta Elgetan zorpetzea handia da. Baina hori inbertsioak egin dituztelako da. Zorpetzearen gorakada 2009an ikusten da, baina gero urtez urte murrizteko aukera edo ahalmena badaukatela ikusi da. Ez dute egoera oso ona, baina ez nuke esango oro har oso-oso gaizki daudenik.

Nolako zorpetzea dute, bada, udalek?

Europak ezarritako helburuetako bat zen 2013rako udalek urtero jasotzen dituzten sarrerak arautuak izatea. Sarrerekiko duten zorpetzea %95ean kokatzea da helburua, eta 2020rako %75ean kokatzea. Gipuzkoako batez bestekoa 2011n %50ekoa zen. Beraz, tarte bat badago. Adibidez, aurretik aipatutako hiru udal horiek beteko lukete edo betetzear egongo lirateke. Horrez gain, aldundiak aztertu zuen etorkizunean udalak nola egongo liratekeen, zer zailtasun izango lituzketen aurreikusteko. Helburuak betetzeko zazpi edo zortzi udal egongo lirateke ahalegina egin beharrean. Baina, oro har, beste 80 udalek ahalegin nabarmenik gabe beteko lukete. Beraz, oraindik udal askok zorpetze ahalmena badute. Oro har, Gipuzkoako sektore publikoaren egoera ez da txarra.

Krisiaren eraginez aldaketarik egon al da udaletako aurrekontuetako arloz arloko diru sailetan?

Aztertu dudanarekin lotuta, oro har urteroko gastuetan ez da izan aldaketa handirik langileriaren gastuan edo azpikontratazioan. Gorabeherak egon dira, baina mantentzen saiatu dira. Aldiz, inbertsioetan beherakada nabarmena izan da.

Gipuzkoako udalak egitura aldetik konplexuak direla diozu lanean, zergatik?

Gipuzkoako udalei bost organok eragiten diete, eta guztiek dute garrantzia. Alde batetik, Europako Batasuna dago; hango akordioak errespetatu egin behar dituzte udalek, baita helburuak bete ere. Bestetik, Espainiako Gobernua dago, araudi batekin, eta kontzertu ekonomikoa ere hortxe dago. Kontzertu ekonomikoan Eusko Jaurlaritzak garrantzia du negoziatzen duen kupoagatik. Eta, gainera, Gipuzkoan bereziki aldundiak indarra du, beste toki batzuetan ez bezala. Horregatik diot Gipuzkoako udalen egitura berezia eta konplexua dela.

Zer diozu udalen lege aldaketaz?

Udalen kasuan, garrantzitsuena beren urteroko jarduera da, eta gutxienekoak hor zentratu behar dira. Gutxieneko batzuk finkatu behar dira, eta horiek ondo bete behar dituzte udalek. Hortik aurrera, udal batek zerbitzu bat ematen badu, ahalmena duelako izan dadila. Adibidez: kiroldegi bat. Badaude kasuak zerbitzu horren mantentzeak udalaren urteroko jarduna zailtzen duena. Gero beste zerbitzu batzuk emateko ahalmena badu, ondo. Udalen zerbitzuak eta erosketak bateratzean sinesten dut. Zerbitzuak emateko aukera izateko, elkarlanean jardutean gehiago sinesten dut.

Lana egiteko, Udalgida izan duzu euskarri nagusi, baina gainontzean datuak biltzeko zailtasun asko aurkitu al duzu?

Beti nahi izaten da datu gehiago bildu; baina lana Gipuzkoakoa ez balitz, ia ezinezkoa izango litzateke informazio publikoarekin horrelako lan bat egitea. Udalgidan udal aurrekontuen informazioa publikatuta dago, eta adierazleekin asko laguntzen du. Alde horretatik, Udalgidaren lana oso garrantzitsua da, eta eskuragarri dago. Ordea, formakuntza behar da datu horiek ulertzeko. Lanean batik bat alor ekonomikoa aztertu dut, eta erabilitako datu guztiak publikoak dira. Azkenean, informazio publikoarekin noraino irits daitekeen jakitea izan da lanaren helburuetako bat. Gizarte zerbitzuetan edota segurtasunean zenbat gastatu den arlo funtzionalari dagokio. Lanean arlo hori ez dago oso garatua, eta informazio hori lortzea zailagoa da.

Gradu bukaerako lanaren gaia nondik nora aukeratu zenuen?

Diplomaturako hirugarren ikasturtean Kontabilitate Publikoa ikasgaia genuen. Gaia gustukoa nuen, eta irakaslearekin ere tratu ona neukan; gradu bukaerako lanean ikasgai horrekin lotutako zerbait egitera animatu ninduen.

Leave a Reply

Your email address will not be published.