Harrera saioak antolatu dituzte Tolosaldean bizi diren atzerritarrentzat

Osasun arazoren baten aurrean nora jo, lana non bilatu edo beharrezko dokumentazioa nola eskuratu. Bizitokiz aldatu eta leku ezezagun batera heltzean, hamaika galdera izan ditzakete herritarrek. Horiei erantzuna ematen laguntzeko, Ongi etorri harrera programa jarri dute martxan Tolosaldean, bizilekua eskualdean finkatu berri duten atzerritarrei begira. Aste honetan egin dute lehen saioa, Zizurkilgo kultur etxean.

Kristina Morales Tolosaldea Garatzen agentziako Migrazio eta Aniztasun teknikaria izaten dute gidari, eta, bi orduko tartean, egunerokorako funtsezkoak diren hainbat gairi buruzko argibideak eman dizkie: “Herritarren segurtasunarekin zerikusia duen edozein arazo izanez gero, deitu 112 zenbakira”. Eta honako hau ere bai: “Lana bilatzeko, Lanbiden izena ematea gomendatzen dizuet”.

Oinarrizko azalpenak dira, baina iritsi berria denarentzat aparteko balioa dute: “Udaltzaingoa eta Ertzaintza ditugu, eta Espainiako Polizia ere bai. Azken horrek du eskubidea gu atxilotzeko araugabeko egoeran bagaude”. Atxiloketa baten edo antzeko egoera baten aurrean, herrian integratuta daudela erakusteak duen garrantziaz ohartarazi die Moralesek: “Hemengo kontuetan sartuta egotea herrian bizi nahi dugun seinale da”. Parte hartze horren adibide jarri du Ongi etorri programan aritu izana, saio bakoitzaren amaieran ziurtagiri bat ematen baitiete.

Herritarrekin pixkanaka harremanak sortzen joateko, hainbat egitasmo daude martxan eskualdean; Tolosan hainbat jatorritako emakumeek osatu duten taldea, esaterako: baratze lanetan aritzeko elkartu dira Maroko, Senegal, Nikaragua eta beste zenbait herrialdetako emakumeak.

Askotariko gaiak izan dituzte hizpide lehenengo saioan: euskara, hezkuntza, zerbitzuak, kultura… Gainera, espresuki eskualdeari ez dagozkien arloak ere jorratu dituzte, genero indarkeria, kasurako. “Tratu txarrak herrialde guztietan daude. Inork ez du zertan aguantatu bikotekidearen indarkeria; beraz, zuei edo ingurukoei gertatuz gero, jarri harremanetan gizarte zerbitzuekin”.

Atzerritarren Legeaz

Informazio orokorreko saioez gain, beste bilera batzuk egingo dituzte taldeka, Atzerritarren Legearen bueltako gaiez hitz egiteko. Horietan, abokatu batek argituko ditu hara biltzen direnen kezkak eta zalantzak. Egoitza baimenak eta herritartasuna lortzeko eman beharreko pausoak jorratuko dituzte, besteak beste.

Programa amaitu ondoren, aurrerantzean ere norbaitek laguntza behar badu, Tolosaldea Garatzen-eko zerbitzura edo Sos Arrazakeria elkartera jotzeko gonbita egin die, baita Arartekora ere: “Askotan senti dezakegu gaizki tratatu gaituztela; salatzeko eskubidea daukagu”.

Helduentzat ez ezik, haur eta gaztetxoentzat ere egokitu dute Ongi etorri egitasmoa. Eskolaz kanpoko gunea da, eta, horretan, azken bi urteetan Tolosaldeko herri edo ikastetxe batera heldu diren hainbat gazte batzen dira, 8 eta 16 urte bitartekoak. Astean behin elkartzen dira, arratsaldez, Tolosako Gazte Topagunean —kultur etxean—; gazteenak asteartetan, eta helduagoak, berriz, asteazkenetan.

Elkar ezagutu eta euren artean jolas egitearekin batera, helburua da batzuek besteen nortasuna errespetatu eta euskal kulturara gertura daitezela. “Haur eta gazteei aldaketara egokitzen laguntzeko balio du”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.