Gloria Sukia (Deba, 1942) jostuna izan da gaztetatik. Deban jaioa bada ere, Itziarren bizi izan da, eta bere sendiak han zeukan baserrian hasi zen jostun moduan lanean. “Umetatik gustatu izan zait jostea, nire zaletasuna da; txikitan panpinak janzten nituen, eta gerora josten ikasi nuen”. 17 urte zituenean, negu garaian, baserrian lan gutxi zegoenean, jostun batengana joaten hasi zen, lanbidea ikastera. Gerora, galtzak josten ere ikasi zuen: “Praka egile deitzen zitzaion garai hartan espezialitate horri”.
Itziarren hazi bazen ere, 1984. urtean Debara itzuli, eta mertzeria bat jarri zuen, arropa konponketak egiten espezializatua. Euskal jantzi tradizionalak egiten, berriz, 1990eko hamarkadatik aurrera hasi zen. Bezero baten eskariz jantzi bat egin eta amaitu zuenean, erakusleihoan jarri zuen, eta, horrenbesteko arrakasta izan zuenez, berehala hasi zen enkargu gehiago jasotzen. Ondoren, 1995. urtetik aurrera, Zarautzen jarraitu zuen ofizio horrekin. Gaur egun profesional moduan lan egiten ez badu ere, jantziak egiten jarraitzen du, berezko zaletasunez eta entretenimenduz.
Bezeroek eskatutako eredu eta oihalekin lan egiten du; XVIII. mendeko eta ondorengo jantziak egiten ditu. Urteetako eskarmentua du, eta bere osagarri guztiekin egiten ditu jantziak, hau da, goitik beheraino egiten du traje guztia: gonak, galtzak, mantalak, blusak, buruko zapiak eta abar. “Urte hauetako guztietako esperientziarekin denetarik egiten ikasi dut”. Gainera, adin guztietako jendearentzako jantziak egin izan ditu: emakumezkoenak, gizonezkoenak, haurrenak, dantzarienak… Baita ezkontzera doazen senar-emazteentzako jantzi dotoreak ere.
Jantzi bat egiterako garaian, kasu bakoitzeko oihal eta diseinu komenigarria aukeratzen du. Oihalaren kolorea ikusitakoan hasten da jantzia nolakoa izango den pentsatzen. Koloreak aukeratu ondoren, trajearen atal ezberdinak osatzen hasteko oihal zatiak neurrira eta behar bezalako formarekin mozten ditu. “Bi edo hiru eredu dauzkat jantziei formak emateko, eta eredu horiekin egiten ditut beti jantziak”. Behin jantziaren kolorea eta forma aukeratuta dituela, eta mozketa lanak egin ondoren, makinaz josten ditu jantziak. “Astebete inguru pasatzen dut jantzi bat egiten”.
Garai ilunak
Gaur egungo jantzi tradizionalei buruzko ikuspegia aldatuta dagoela uste du jostunak. Orain, orban zuriak dituzten kolore beltz edo urdin iluneko jantziak eramaten dira gehienbat. Horren harira, Euskal Herrian jantzi tradizionalaren esparruan gertatutako eraldatze prozesuaren inguruan mintzo da: “Erdi Aroko jantziak ikusten baditugu, koloretsuak dira guztiak. Baina karlistaldia sartu zenean, esaten da hemen inguruan dena oso pobre geratu zela eta alargun asko geratu zela. Diotenez, horren ondorioz hasi ziren kolore beltzeko jantziak erabiltzen”. Garai batean, tradizionalagoa zen Sukia, baina bezeroek hala eskatuta, kolore gehiago erabiltzen hasi zen: “Bestela atzean geratzen zara”. Gainera, azken boladan jendeak geroz eta gehiago eskatzen dizkio jantzi koloretsuak.
Lepokoa, hotzarentzat
Lepoko zapiari dagokionez, berriz, garai batean hotzagatik babesteko jartzen zela dio: “Lehen, lepoko zapia ez zen janzten dotoreago egoteko. Gainera, ez zen orain bezala korapilo batez lotuta eramaten; garai batean, orratz batekin helduta eramaten zen”. Buruko zapia eramateko ohitura ere “galduta” dago: “Batzuetan, konbentzitzen ditut gazteak buruan zapia eramateko”.
“Gaur egun, ez dago ohitura handirik euskal trajeak ongi jantzita eramateko. Gazteek gona bat eta etxeko kamiseta tirantedun bat jartzen dituzte, baina iritsiko da gazteek ongi jantzita joan nahi izango duten eguna”. Dena dela, ongi jantzi nahi duten pertsonak “ezin hobeto” joaten direla uste du.
Garai batean, euskaldunak ez ziren berdin janzten lanerako, erromerietarako edo mezatarako. Traje horiek aberatsak eta pobreagoak zirenak bereizten zituzten: “Dirua zutenek traje hobeagoak zituzten besteek baino”.
Azken urteetan, geroz eta “gauza arraroagoak” eskatzen dizkio jendeak: “Nolabait esateko, iparra galtzen ari gara; jendeak traje arraroak eta gainontzekoengandik desberdinak direnak eskatzen ditu”. Euskal dantzak ikusten dituenean, ohartzen da dantzariek eramaten dituzten jantziek ez dutela zerikusirik euskal tradizioarekin: “Baina batzuetan niri ere horrelakoak eskatu izan dizkidate, eta egin izan ditut horietakoak ere”.
Jantzi tradizionalei buruzko jakin-mina izan du urteetan, eta makina bat bisita egin du euskal jantziei buruzko museo eta erakusketa espezializatuetara. Euskal jantzigintzarekin zerikusia duen guztia arakatu eta miatzeko zaletasuna izan du betidanik. “Euskal jantzi tradizionalak erakutsi egin behar direla uste dut”.
Leave a Reply