Datorren astean, bete-betean sartuko dira Iparra-Hegoa aste kulturalean, Seguran. Euskal herrien ohituren, kulturen eta hizkuntzen topaleku bilakatuko da astebetez. Iparra eta hegoa bereizten dituzten mugak gainditu eta euskaldunak gerturatzeko sortutako egitasmoa da: euskaldunen arteko harremanak naturaltasunez sortzea eta horiek irautea da sustatzaileen nahia.
Aurtengo egitasmoa hemeretzigarrena izango da, eta, erraz esaten den arren, istorio, pertsona eta lan asko du atzean. “Iaz, gereziondoko ekitaldian esan zuten ia heldutasunera iritsi ginela hemezortzi urte eginda, eta bat-batean ohartu nintzen zenbat urte pasatu diren”. Hala dio Lierni Elortzak. Azkainen bizi den arren (Lapurdi), segurarra da, eta, hasieratik, Iparra-Hegoaren zutoinetako bat izan da. Harrotasunez, nostalgiaz eta emozio puntu batekin egin dio errepasoa Iparra-Hegoaren historiari, Xabier Albizurekin batera. Beste zutoinetako bat da Albizu.
Musikatik eta hizkuntzatik
Kantuaren inguruan sortu zen egitasmorako ideia. Segurako talde bat lapurtar batzuekin elkartu, harremana egin, eta ideia garatuz joan ziren, hilabete batzuen bueltan lehen Iparra-Hegoa iritsi zen arte. Urteen joanean, hasieran asteburu bateko jaia zena aste osoko bilakatu zen; gaur egun, ia hilabete osoan egiten dituzte ekitaldiak.
“Iparraldekoek eta Hegoaldekoek elkar ezagutu eta harremanak estutzea nahi genuen”, dio Albizuk. Hala ere, Ipar Euskal Herrian ere errealitate, ohitura eta ondareak ugari direla kontuan hartuz, urtero lurralde bat gonbidatzeari ekin zioten. “Eta Hegoaldekook geure buruari galdetu genion gure artean ezagutzen ote garen; beraz, Nafarroa, Araba eta Bizkaia ekarri genituen Segurara; baita diaspora ere”, azaldu du Elortzak. Euskal herrien arteko harremanak sendotzeko egitekoan pausoak eman dituzte, baita harreman horiek berezko izan daitezen hazia erein ere. Elortzak “amets egiterik ez dagoela” dioen arren, Iparraldea eta Hegoaldea gertuago daude orain egitasmoari esker. Iparra-Hegoa izena bera zalantzan jartzeraino: “Azken finean, inposatu diguten muga horri berari egiten dio erreferentzia izenak; agian, zerbait pentsatu beharrean egongo gara”, dio Albizuk.
Elortzak argi du euskara bera dela bateko eta besteko euskaldunak elkartzen dituena: “Euskaraz egiten dutenen kasuan, harremanak estuagoak izan dira. Euskarak garrantzia hartu du; hizkuntzak batzen gaitu”.
Lantalde handia du atzean Iparra-Hegoak; aste kulturalaz gain, urte osoan hamaika izaten baitira egitekoak. “Lanak banatu beharrik gabe ere, bakoitzak badaki zeri heldu behar dion”. Hala ere, gazteak gero eta protagonismo handiagoa hartzen ari dira antolaketa lanetan. Albizuk dioenez, “Seguran, hau umetatik egokitu izan zaien gazte askok eurena den zerbait bezala sentitzen dute orain. Inor ez da beharrezko, eta erreleboa ziurtatua dago”.
Iparra-Hegoaren inguruan sortutako mugimendutik etorri dira Goierriko eta Lapurdiko ikastolen elkartasun ekitaldiak, baita Euskal Herriko Mus Txapelketa ere. Azken asteetan, musa aitzakia hartuta, ehunka lagun ibili dira batera eta bestera. Albizuren arabera, “izugarria” zen Heletako argazkia (Nafarroa Beherea): “Ikurrin erraldoi bat plazan, euskal herrialdeetako ikurrak, jende pila bat eta ekitaldi guztia euskaraz”.
Azken asteetan hainbat ekintza egin badituzte ere, datorren astelehenean hasi eta igandera bitarte egingo dute aste kulturala. Ez da faltako erakusketa, hitzaldi, bertso afari, azoka, ibilaldi zein musika emanaldirik. Azken hemezortzi urteetako irudiak eta lekukoen testigantzak jasotzen dituen dokumental bat ere osatu dute aurten: Iparra Hegoa: errotuz zabaldu. Asteburuan borobilduko dute astea; Hur Gorostiaga izango dute gonbidatu berezi, esate baterako, igandeko ekitaldi nagusian.
Lehen Mundu Gerra hizpide
Gerrak amildegi eta zubi gai hartuta, Lehen Mundu Gerraren mendeurrena aprobetxatuko dute, gertaera hark Euskal Herrian, iparraldeko herrialdeetan bereziki, ekarri zuen pentsaera aldaketa sakonetik aztertzeko. Atzerago jo eta hizpide hartuko dituzte karlistadak, Frantziako Iraultza eta 36ko gerra ere. Bidasoaren alde banatako euskaldunek, hainbat gatazka direla medio, iparrera edo hegora jo behar izan dute babes bila.
Gereziondoari itxaropenez begiratzen diote Elortzak eta Albizuk, Iparra-Hegoaren egunetarako loratuko ote den. Ziurra da, ordea, egitasmoa hasia dela fruituak ematen.
Leave a Reply