‘Mall walkers’

Euskaldunak Pirinioen bi aldetara paseatzen dugun herria gara. Gipuzkoan bederen ibiltarien kopuruak izugarriak dira, eta munduan antzeko fenomenorik aurkitzekotan AEBetara edo Kanadaraino joan behar da, hango saltoki handietan ibiltzen diren mall walkers direlako antzeko zerbait. Har dezagun munduko saltoki eremu handiena omen den Kanadako Edmonton hirikoa: 500 denda ditu, elizak, ezkontza lekuak eta hileta zerbitzuak. Egunero eremu horretako pasillo amaigabeetan barrena 200 bat mall walkers ibiltzen omen dira. Leku horretan, jakina, ez du hotzik ez berorik egiten, begiraleak dituzte kameren bidez zaintzen; leku segurua da, beraz. Saltokiko ibiltariok elkarte indartsuak dituzte, ekintzak programatzen dituzte eta ibilaldia bukatu ondoren pizza bana jaten irudikatzen ditut bertako jatetxe italiar merkeetan.

Gurean, noski, zifrek gora egiten dute. Zarautz-Getaria pasealekua osorik zegoenean nahikoa zen igande goiz eguzkitsu batean begira jartzea Edmontoneko 200 paseatzaileen zifra barregarri uzteko. Gauzak neurtu egin beharko lirateke, jakina. Norbaitek esan zuen leku batean zeuden behiak kontatzeko soziologoek abereen hankak kontatu eta zati lau egiten zutela. Kasu horretan zati bi egin beharko lukete, baina badakit Donostia biltzen zuen ibilbidean, aipatutako Zarautz-Getarian edo berdin dio Azpeitia eta Azkoitia lotzen dituen ibilbidean ibiltarien kopuruak handiagoak direla. Gipuzkoako herri txiki bakoitzak eratu du bere ibiltarien zirkuitua, eta portzentajeetan zalantzarik ez dago Europako txapeldun izateko bidean gaudela kirol horretan, frantziarrak petankan edo suediarrak curling-ean bezalatsu.

Hau berria da, noski. Seguru nago Osakidetzako kontsignaren batek izan duela eragina. Argiñanok ere bere pantaila txikiko pulpitutik egunero ordubete ibili behar genuela predikatzen zuen. Ez da gure ariketa esklusiboa. Zoazte Parisko Luxenburg lorategietara edo NewYorkeko Central Parkera edo Londresko Hyden Parkera eta ibiltariak ikusiko dituzue, baina ez doaz gure sinesmenarekin. Alemanian, esate baterako, txorien txorrotxioak entzutera ateratzen dira taldeka; Parisen presidenteari eta bere ohaideari buruzko azken txutxu-mutxuak irratian entzunez doaz, eta New Yorken eta Londresen katagorriei jaten emateko gelditzen dira. Gu ez, gu kirola egitera ateratzen gara, mendizale izan ginen garaian bihotza euskaltasunez egurastera ateratzen gineneko suhartasun berarekin.

Ibiltarien moda berria dela esan dugu, baina ez da erabat egia. Magrisek bere Danubio famatuan kontatzen du XVI. mendean bidaia luzeak eginez sendatzen zirela buruko hainbat gaitz. Hor dago Patrick Süskinden Sommer jaunaren istorioa nobelako protagonista, geldirik egoten ez dakien gizona. Hor dago judu errariaren mitoa… Lehen bakarrik ez, gaurko Europan ere ezbehar larri bat izan duen jendea etxea utzi eta ibiltzera ateratzen da. Ikusi, bestela, Santiago Bidea egitera datozenak. Bidea egin dutenek diotenez, aterpetxean afari legea egin eta hizketan hasten direnean gehienak beren bizitzako ezbeharrak kontatzen hasten omen dira.

Neu ere oharturik nengoen gaixotasun mentalen eta ibili beharraren arteko loturaz, behin Arrasateko Santa Agedako sarreran dagoen lorategira joan eta aulki batean eserita ordubete eman bainuen bertako internoen ibiliei erreparatzen. Ondoriorik ez dut aterako, baina askotan dago ibili behar hori gehiegi pentsatzearekin lotua. Grezia zaharreko filosoforik handienetako batek, Sokratesek, metodo peripatetikoa erabiltzen zuen filosofia erakusteko: ibilian ematen zituen lezioak.

Itsasoak edo itsasoko denboraleak kostako pasealekuak berriki desegin dituen honetan, ez dakit gure herrietako alkateek zer argudio erabiliko dituzten Madrilgo ministerioei presa sartzeko. Seguruenik turismoak izan ditzakeen kalteak aipatuko dizkie. Nik, zeharka bederen, gaitz mentalen arriskua aipatuko nieke, euskaldunok, buruan kableak gurutzatzen zaizkigunean, arriskugarri bihurtzen baikara.

Leave a Reply

Your email address will not be published.