Aldundiak basogintzako kudeaketa aldatuko zuela iragarri zuen agintaldi hasieran, eta martxoaren 18an kendu zuen Julian Unanue bere kargutik, Mendiko eta Natura Inguruneko zuzendaritzatik. Ordurako, erakunde ekologistek hainbat protesta eginak zituzten aldundiaren politikak salatzeko. Kargu aldaketak poztu ditu haiek, baina baso sektorekoak kezkatuta daude.
Jon Peli Uriguen Landa Garapenerako diputatuaren esana du Unanue ez zela nahi bezain azkar ari aldaketa horiek gauzatzen, eta hori izan dela hura Natura Inguruneko zuzendaritzatik kentzeko arrazoia. Haren lekuan Roke Akizu jarri dute, orain arte aldundiko Turismo zuzendari zena. Unanue egurraren sektorearekin lotzen dute natur kontserbazioaren aldeko eragileek, eta baliabideen etekina bilatzeko politikak egitea leporatzen diote. Talde ekologistek baloratu egin dute kargu aldaketa, baina aldaketa gehiago eskatzen dituzte. Aitziber Sarobe Eguzkiko ordezkariaren hitzetan, Unanue Mendiko eta Natura Inguruneko zuzendari izateak bidea ixten zion Bilduren agintaldiarekin etorri behar zukeen aldaketari: “Bere garaian esan genuen Unanueren izendapena aurreko agintaldiaren jarraipen gisa ulertzen genuela. Kargu aldaketa baloratu egin dugu, baina uste dugu bere horretan ez duela esanahi handirik; eragina izateko, beharrezkoa da planifikazioa, lan egiteko moldeak eta aurrekontuak aldatzea”.
GEBE Gipuzkoako Baso Elkarteko presidente Joseba Arrietak kezkaz erreparatzen dio kargu aldaketari: “Sektorea oso ondo ezagutzen zuen Unanuek, eta haren ordez jarri dutenaren berririk ez dugu; ez dakigu zer jarrera duen”. Kargugabetzean sektore ekologistak eragina izan duelakoan dago: “Aspalditik eraso diote ekologistek Unanueri; eta haien eskaerak kontuan hartzeaz gain, kargutik kendu dute”.
Trantsizioaren emaitza
Larraitz Ugarte aldundiko bozeramaileak ziurtatu du ez dagoela barne mailako polemikarik Unanueren kargugabetzearen atzean, erabaki “adostua eta naturala” izan dela. Kargugabetzea “trantsizio fase baten emaitza” izan da, Akizuk urtebete daramalako Mendi eta Landa garapeneko sektoreen koordinazioan, eta baso ingeniaria izanik, eremu hori “ondo ezagutzen duelako”.
Sarobek ulertzen du baso sektoreko kideen kezka, “gaur-gaurkoz diru laguntza publikoetatik ari baitira irauten”. Baina, haren ustez, baso ustiapena nekazaritza barneko arlo bat da, eta handik bideratu beharko litzateke, ez mendien eta naturaren zaintzaren arlotik. Izan ere, bi eskaera dituzte talde ekologistetako ordezkariek: batetik, naturaren zaintza edo kontserbazioa eta naturaren ustiapena aurrekontuetan bereizita egotea; eta, bestetik, arlo horretan interesak dituzten alde guztiek erabakietan parte hartzeko aukera izatea: “Uler dezakegu nekazaritza edo arrantza sailetan natura ustiatzen dutenen ahotsa soilik egotea, baina ez landa garapeneko edo mendien eta naturaren zaintzako arloetan natur kontserbazioaren aldeko ahotsik ez egotea”.
Kontuan hartzen ez dituztelako kexatzen diren bakarrak ez dira ekologistak, ordea. Arrietak ere kritika egin die Urigueni eta haren departamentuari: “Uriguenek ezagutzen ditu ekoizle eta baserritarron kezkak, baina gure alde ez du ezer egin orain arte. Gauza bakarra eskatzen dugu: gure sektorearen hitza ere kontuan har dezatela”. Sektore moduan babestu ez dituztelako kexu dira basogintzakoak, “hitz ederrez aparte” ez dutelako emaitzarik jaso. Gainera, baztertuta sentitzen dira, eurekin kontsultatu gabe aldundiak urratsak egiten dituelako baso politiketan: “Landatzen ditugun espezieen inguruko erabakiak hartzen dituzte araudietan, eta plagak kontrolatzeko genituen laguntzak ere kendu edo murriztu egin dizkigute. Inork ez digu neurri horien inguruko iritzirik kontsultatu”.
Unanueren kargugabetzearen ondoren prentsan agertu diren alderdi politikoetako inor ere eurekin hitz egitera eseri ez izana gaitzetsi dute basogintzakoek. Gonbita egin diete aurrez aurre jaso dezaten beren planteamenduen berri, baina ez dute erantzunik jaso. Saroberen hitzetan, ordea, Mendi eta Natura Inguruko departamentuak, nagusiki, baso sektorekoen eta ehiza federaziokoen interesen arabera lan egin dutela uste dute ekologistek. Arrieta ez dator bat horrekin: “Bi arlo horiek ezin dira zaku berean sartu. Ehiztariek ere askotan ez dutelako basogintzarekiko errespeturik agertzen”.
Baso politiketan aldaketa
Unanueren kargugabetzeaz aritzerakoan, Ugarte bozeramaileak baieztatu zuen aldundiak aldaketak egingo dituela baso politiken norabidean, eta euren planteamenduekin bat datorren posizioa hartu nahi dutela. Arrietak euren sektorearen kalterako izango den irudipena du, eta uste du basogintzakoen iritzia ez dutela kontuan hartuko: “Susmoa dugu etorkizunean aldundikoek talde ekologista horien esanari neurriz kanpo kasu egiteko borondatea izan dezaketela”.
Sarobe, berriz, pozik dago aldaketa etorriko bada, baina, akaso, beranduegi izango da: “Legealdiaren amaieran gaude, eta aurtengo aurrekontuak finkatuta daude; printzipioz, behintzat, aurreko urtearekin alderatuta aldaketa handirik ez dago. Baina aukerak badituzte, guk eskatu dugu bioaniztasunaren mahaia sortzeko, ordezkaritza zabalago batek parte har dezan; eta halako gauzak egiteko garaiz daude oraindik”. Bioaniztasun mahaia sortzeko eskaera egin zutenean, aldundiak tarteko bide moduan baso kontseilua sortzea proposatu zien: “Onartu egin genuen aurrerapauso bat izan zitekeelakoan, betiere, baldintza moduan jarrita aurrerago bioaniztasunaren mahaia sortzea”.
Leave a Reply