“Belarrira doana maite dut egun”

Benito Lertxundik Kilometroak jaiaren alde kontzertua eskainiko du Orion bihar, 22:00etan, Karela kiroldegian. Sorterrian ariko da. Azkenaldian darabilen errepertorioa joko du, Oroimenaren oraina azken diskoko kantuak batik bat. Bere ofizioa maite du; hausnartzeko bidea eman diola dio, eta kantagintza lanbide “zoragarria” dela. Datorren urtean 50 urte beteko dira kantagintzan hasi zela. Lan berrirako hitzak egiten ari da.

Ondo ezagutzen duzun tokian joko duzu bihar. Berezia izango al da?

Beti da berezia. Gure lanbideak publikora eramaten gaitu, eta publikoan egiten den lan horrek badu elementu desberdin asko. Asko jokatzen da misterioarekin; beti kanpoko batek misterio handiagoa du hurbileko batek baino. Egunerokoan Orioko jendearekin egoten naiz, ezagutzen naute; beraz, misterioa asko galdu da. Baina, era berean, elementu afektiboek ere parte hartzen dute, eta hori badago. Bata galtzen da, baina bestea hor dago. Zerbait berezia izan ohi da; beti sumatu dut halako energia on bat, gozo bat.

Kontzertura doanak zer espero behar du? Zerbait berezirik bai?

Ez, ezer berezirik ez. Hala ere, bi kontzertu igualak behin ere ez ditut sumatu. Beti egoten da zerbait orain arte egon ez dena, eta kasu honetan ere badago musika bat. Azkenaldian dabilkidan errepertorioa joko dut, azken diskoa osorik, eta gero beste disko batzuetatik hartutako kantuekin osatuko dut bi ordu inguruko bidaia. Ideia batekin noa, baina askotan aldatu egiten dira perspektiba denak.

Kilometroak jaiaren aldeko kontzertua izango da biharkoa. Ikastolak sortzen ezagutu al dituzu?

Bai. Izan ere, Gutxi gorabehera gu, Ez Dok Amairukook, eta ikastolak-eta elkarrekin hasi ginen, eskutik emanda. Garai hartan, ikastolak martxan jarri zirenean, kantariok ere askotan parte hartzen genuen sosak ateratzeko eta, ikastolen aldeko kantaldiak-eta askotan egiten ziren. Oro har, ikastola da azken mende erdian herri honek egin duen gauzarik handiena. Ikaragarrizko miresmena diot ikastolaren mugimenduari: sorreran, garai hartako herriak diktadura bati atzaparretatik hezkuntza propio bat kentzeko nola parte hartu zuen eta zer gauza egiten zituen. Ez dakit hori munduan beste inon egin den; hemen egin da, eta fundamentu handiz, gainera. Herri honetan gauza asko ez dira fundamentuz egiten gaur egun, baina herri honek egiten jakin zuen. Begiratzeko eredu oso egokia da ikastola; behar bezala barneratuz gero, nola sortua izan zen-eta, gauza asko egin ditzake herri honek.

Kontzertu batzuk jotzen ari zara, baina garai batean baino gutxiago. Patxada handiagoz hartzen duzulako ala krisiak baldintzatuta?

Bigarren hori da. Berrogei urteko zikloa nabaritu egiten da. Garai batean, kantaldiak egin behar ziren, eta jende guztia horretan zegoen. Espiritu hori epeldu egin da orain. Ematen du erakundeetan den jendeak ez duela horren beharrik, beste bide batzuk aurkitu dituela. Gaur egun, erakundeetan zentzu horretan dago krisia, ez diru aldetik. Ez dira konturatzen kantagintza edo musika, azken finean, herri baten nolabaiteko arnasa espirituala direla: balioa ematen dio herri bati, irauteko, izateko eta nortasuna edukitzeko. Baina ez ote dira horren gainetik beste interes batzuk jarri? Horregatik, egun, jendearengana iristeko ahalegin handia egin behar dugu: jendeak nahi du, jendea pasatzen da txarteldegitik. Baina hori mugitzeko espiritua ez dago. Burokrazia astun bat eratu da.

Bakarka hamasei disko atera dituzu.

Bai, baina kantitatea baino gehiago begiratzen diet beste gauzei.

Eta orain zertan ari zara, 17.arekin?

Bai, etorriko da. Poliki-poliki ari naiz. Letrekin ari naiz orain. Behin hamar edo dozena bat letra osatutakoan ekingo diot musikari. Bere bidea egin beharra dauka. Noiz ez dakit, baina etorriko da. Datorren urtean 50 urte dira kantari hasi nintzela. Normalean, 50 urte disko batekin ospatzen direla esaten da, baina ni ez naiz ospakizunen aldekoa; ospakizunak ez zaizkit gustatzen askorik; kasik nahiago izaten dut ihes egin.

Kantagintzan 50 urte betetzear zarela, zer diozu zure ibilbideaz?

Kantagintzan denak hasten diren bezala hasi nintzen, inozo-inozo: bidea egin behar da, ofizioa ikasi, gauzak egiten ikasi… Dena da ikasi eta ikasi. Eta gero zeure gauza batzuekin egiten duzu topo. Nire kasuan da inoiz ez dudala onartu nire ahotsa. Horrek etenik gabeko borrokara eraman nau. Nire ibilbidean horrelakoak sumatu ditut. Gero, gure lanbidean eta beste gauza askotan, beti daude helburuak. Baina denboraldi batez konturatu nintzen gauzak bilatzen ez direnean datozela sarritan. Bila zabiltzanean ez, gauza batzuk etortzen dira, baina ez nahi zenuen hura. Aldiz, bilaka ez zabiltzanean, gogoa lasai dagoenean, badirudi horrelako iman bat bezala dela, eta gauzak etorri egiten dira orduan; inspirazioa etortzen da haren bila ibili beharrik gabe.

Eta publikoa asko aldatu al da?

Publikoa ezinbestean aldatu da. Urte dezente da dagoeneko sumatu nuela publikoa aldatu zela; belaunaldiak, alegia. Aurrena Iparraldean, eta gero hemen. Kontzertu berean hiru belaunaldi ikusten hasi nintzen. Kultur uhin desberdineko belaunaldiak elkarrekin. Beti diot: gu gelditu izan baginen Ez Dok Amairuren garaiko publikoarekin, balio izan ez bagenu hurrengo belaunaldietako publikoarentzat, aspaldi ia etxeratuak ginela. Hemen baldin bagaude, publiko berri horrentzat ere balio duela esan nahi du.

Gaur egun egiten duzun kantu mota barrura begirakoa dela diozu. Hori zer da, ibilbide baten ondorioa?

Gauza guztiak ezin dira erregistro berean bota, badira kanta batzuk “hau ozenki kantatuko dut” senaz diozunak, eta beste batzuk badakizu ezetz, barrura begira kantatu beharrekoak direla, kasik belarrira kontatu beharrekoak. Gaur egun, bigarren hori gustatzen zait; gehiago maite dut belarrira doana, atximurka baten moduan. Gaur egun esan nahi ditudan gauzak pixka bat hortik doaz, zuei esan beharrean zuri ari natzaizu, ez zuei.

Leave a Reply

Your email address will not be published.