Naiara Olaetxeak (Tolosa, 1981) hainbat urte daramatza fisioterapeuta lanean. Sorian egin zituen fisioterapeuta ikasketak, eta, behin hori bukatuta, lanari ekin zion buru-belarri. Hainbat urtez kanpoan aritu izan da fisioterapeuta lanean, Perun eta Frantzian, besteak beste. Baina duela lau urtetatik Tolosako Geltoki fisioterapeuta zentroan lan egiten du Eider Amondarain lankidearekin batera. Gerora, Aintzane Otegi lankidea hasi zen eurekin lanean. Amondarainekin batera ireki zuen Geltoki zentroa Olaetxeak. Aurrez ere Tolosako zentro batean elkarrekin lanean aritutakoak dira biak, eta garai hartan sortu zen euren zentro propioa zabaltzeko ideia.
Olaetxeak eta Amondarainek beren aldetik bizi diren herrian bertan eurak ikasitako ofizioan lan egiteko zentro propioa sortzeko aukera ikusi zuten: “Geltoki zentroa zabaldu aurretik beste zentro batean aritu ginen lanean Amondarain eta biok. Gustura genbiltzan zentro hartan, baina etorkizunera begira gure zentro propioa izan nahi genuen”, dio Olaetxeak.
Fisioterapeuta profesional baten lana, gizakiaren gorputzaren mugimenduari begiratzea da. Fisioterapeutak ongi trebatutako pertsona izan behar du. Batzuen ustez fisioterapia masajeak ematea bakarrik da, baina hori baino askoz gehiago da. “Hainbeste gauza daudenez azkenean jendeak nahastu egiten ditu denak. Masajea fisioterapiako tratamendu mota bat da, baina, masajeaz gain tratamendu mota asko dago. Fisioterapia ez da da masajista lanera soilik mugatzen”, azaldu du Olaetxeak.
Mota guztietako masajeak ematen dituzte Geltoki zentroan, baina Olaetxeak dioenez, gehiena ematen dituztenak, kirol masajeak eta terapeutikoak dira: “Terapeutikoak gorputzaren jarreragatik edo tentsioagatik sortzen direnean ematen ditugun masajeak dira. Kirol masajeak, aldiz, kirola egitearen ondorioz sortutako lesioak konpontzeko edo mantentze gisa giharrak erlaxatzeko ematen ditugu”. Haurdunaldien prestakuntzak ere egiten dituzte Geltoki zentroan. “Haurdunaldien aurreko eta ondorengo tratamenduak ere egiten ditugu”. Horrez gain, gernu inkontinentziari aurre egiteko tratamenduak ere egiten dituzte.
Olaetxeak azaldu duenez, oso gustuko du bere lana, ofizioa gogoko duelako bereziki, eta baita jende asko ezagutzeko aukera ematen duelako ere. “Azken finean 15 urteko edo 72 urteko pertsona bat ezagutu dezakezu, eta tratu polita sortzen da”.
Arazoa errotik ebaluatu
Tratamenduarekin hasi aurretik fisioterapeutak bezeroen muga funtzionalak eta muga fisikoak aztertu eta ebaluatu behar ditu, ondoren arazoa diagnostikatu eta behar den moduan tratatzeko. Gorputzaren funtzionamenduak gorputz mugimenduetatik antzematen dituzte fisioterapeutek. “Lehendabizi, bezeroa ezagutu behar da; esaterako, ea herniaren bat edo beste arazorik duen galdetu behar zaio”, azaldu du fisioterapeutak. Masajea emateko modua ere aldatu egiten da pertsona batetik bestera; “pertsonari egokitu behar zaio masajea. Gainera, masajea emateko intentsitatea ere kontuan izan behar da, ez baita gauza bera adineko bati edo pertsona gazte bati ematea”.
Orotariko bezeroak joaten dira Geltoki zentrora. Batzuk lesioak dituztela eta horiek sendatzera, besteak giharrak erlaxatzera, baita kirol frogaren bat dutenak ere, erronkaren aurreko lesioak saiheste aldera; “Jende ugari dago urte guztian kirola egiten duena, korrika edo bizikletan asko aritzen direnak tarteka begiratu bat ematen dute mantentze moduan eta lesioak ekiditeko prebentzio gisa”.
Lesioei dagokienez, arruntenak edo gehien tratatzen dituztenak lepoko kontrakturak direla aipatu du Olaetxeak: “Tentsio horiek askotan posturagatik sortutako lesioak izaten dira, baina, hala ere, milaka arrazoi izan daitezke lepoa kargatzeko”.
Lesio bakoitza konpontzeko egiten den masaje kopurua eta masajearen iraupena bezeroak duen lesioaren araberakoa izaten da oro har. “Normalean ordubeteko saioak egiten ditugu, batez beste. Ume txikien kasuan ordu erdiko saioak egiten ditugu, astunegia egiten baitzaie bestela”, azaldu du fisioterapeutak.
Fisioterapeuta batengana noiz joan behar den galdetutakoan honela azaldu du Olaetxeak:”Ahal bada, berandu izan baino lehen etorri behar da fisioterapeutarengana. Batzuek denbora askoan eusten diote minari. Eta mina zenbat eta denbora luzeagoan jasan, orduan eta zailagoa izaten da lesio hori konpontzen”.
Lesioak bezainbeste teknika
Lesioak eta giharretako minak arintzeko hainbat teknika erabiltzen dituzte fisioterapeutek: “Niretzat teknikarik hoberena eskua da; ez dago hori bezalako teknikarik”, dio Olaetxeak. Makina batekin ere lan egin daitekeela azaldu du, baina azken finean sentitu eskuek egiten dutela dio eta makinak ez dutela eskuen sentsibilizazioa hori. Horrez gain, elektroterapia, tendoiak askatzen laguntzeko fibrolisis diacutanea deituriko teknika, gihar luzatze ariketak, akupuntura eta orratz teknikak erabiltzen dituzte, besteak beste. “Orratz teknikarekin fede handia daukat nik”.
Lesioak sendatzeko teknika eskaintza zabala izateaz gain, oina hauek erabiltzen dituzte Geltoki fisioterapia zentroan: masajeak emateko esku-oheak, papera, olioak eta orratzak. “Horiexek dira masajea emateko beharrezkoak diren materialak”, dio Olaetxeak.
Fisioterapeutek askotan beren lana bezeroak beste profesional batengana bideratzea izaten da. “Gure lanak ere baditu mugak, eta hori hasieratik jakin behar dugu. Batzuetan norbaiti lagundu nahi izaten diogu, baina fisioterapia ez da arazo guztiak konpontzeraino iristen. Eta batzuetan, bezeroari lagundu nahi eta ezin izan horrek frustrazio puntu bat sorrarazten du”, adierazi du fisioterapeutak. “Horrelakoetan gure lana gainontzeko profesionaletara bideratu edo aholkuak ematea izaten da”, gaineratu du.
Leave a Reply