Hamarkada bete doinu

Musika

Arrasate

Hamargarren aldia du Arrasateko Udaberriko Musikaldiak. Joan den asteburuan hasitako egitarauari jarraipena emango diote gaurtik igandera bitarte, herriko zenbait gunetan. Aurtengo programan euskal autoreek duten garrantzia nabarmendu dute antolatzaileek.

Arrasate Musikaleko orkestraren eta Goikobalu abesbatzaren saioa izango da gaur, 20:00etan, San Frantzisko elizan. Orkestra 1975ean sortu zen, eta gaur egun musika eskola ikasleek, irakasleek eta ikasle ohiek osatzen dute. Goikobalu Arrasateko abesbatzak, berriz, 25. urteurrena du aurten.

Bihar, Txorbela eta Opus Cuatro taldeek kontzertua emango dute, 20:00etan, parrokian. Txorbela otxoteak hainbat euskal kanta abestuko ditu lehen zatian; Axuri beltza, Sorgin dantza eta Segalariak, esaterako. 2008an sortu zuten taldea, Arrasaten. Haiekin batera ariko da Opus Cuatro Argentinako taldea. Euren herrialdean ibilbide luzeena duen ahots taldea da, munduko lehenetakoa: 7.600 ekitalditik gora egin ditu 36 herrialdetako 500 hiri eta herritan. Biharko saioan, Javier Rodriguez kantari eta musikagilea ariko da argentinarrekin, gonbidatutako artista gisa.

Programarekin amaitzeko, Zazpi aldiz elur ikuskizuna prestatu dute iganderako, 19:30ean, Amaia antzokian. Mikel Laboa da emanaldiaren zutabea, eta Tanttaka konpainiak musika, poesia errezitatua, irudiak eta interpretazioa nahastu ditu ikuskizunean. Kantaria hil ondoren Bernardo Atxagak idatzitako artikulu bat izan dute obrarako abiapuntu.

50 saiotik gora

Hamar urteotan Arrasateko musikarien erakusleiho bilakatu da Musikaldia. Ibilbide osoan 50 kontzertutik gora eskaini dituzte, hainbat musika estilo landuz: Erdi Aroko musika, barrokoa, erromantikoa, gaur egungoa, euskal musika… Bakarlariak, laukoteak, orkestrak eta abesbatzak izan dituzte, gainera.

Herriko kultura eskaintzan mugarri berri bat finkatzeko asmoz sortu zuen udalak jaialdia, musika klasikoaren inguruko eskaintza egituratzeko.

Leave a Reply

Your email address will not be published.